Malkorik ez mangladien galeragatik: ekin 150 milioi zuhaitz landatzeari

  • Mangladiak, itsas bazterrean marea beteak gerriraino estaltzen dituen eta bajamarrean sustraiak airean erakusten dituzten zuhaitzezko oihanak, suntsitzen ari gara planetako bazter guztietan. Guztietan? Ez: badira tropiko guztietan elkarte eta jendeak zuhaitz  ‘anfibiook’ milioika landatzen ari direnak, milimetroka gora datorkien itsasoari aurre egin nahian.

Blue Venture Gobernuz Kanpoko Erakundearen argazkian, Madagaskarreko Antanandahy eskualdeko emakumeak mangle gorri (Rhizophora mangle) txikiak landatzen itsasoak marea betean metro bete baino gehiagoko urez estaltzen duen lokatzetan. Mangladiek itsasoari
Blue Venture Gobernuz Kanpoko Erakundearen argazkian, Madagaskarreko Antanandahy eskualdeko emakumeak mangle gorri (Rhizophora mangle) txikiak landatzen itsasoak marea betean metro bete baino gehiagoko urez estaltzen duen lokatzetan. Mangladiek itsasoari eusteaz gain ekosistema oso aberatsak osatzen dituzte, lekuko biztanleen bizimoduarentzako hil ala bizikoak.

Ehun milioi zuhaitz txiki berri Senegaleko itsas bazterrean bertan: munduko basoberritze ahalegin harrigarrienetako baten irudiak eskaini ditu ARTE telebista franko-alemaniarrean Vu du Ciel (Zerutik ikusita) programan. COP21 biltzarraren asteetan telebistek erakutsi dituzten milaka katastrofe beldurgarrien artean, baikortasun printzak pizten dituzten esperientziak pantailaratu nahi izan ditu Yann Arthus Bertrand zinegileak.    

Dokumentalean dioenez, Senegaleko desafio ekologiko handienetako bat da itsas bazterreko mangladietako arrainen eta ekosistemen bizirautea. Eta Senegaleko mangladiak aipatutakoan, heroia deitzen da Haidar El Ali, munduko 100 ekologista ekintzaileenen artean izendatua: Senegaleko milaka herritar konbentzitu ditu mangle txikiak milioika landatu ditzaten.

Mangladiak dira itsas bazter tropikal eta subtropikaletan mareak egunetan bitan estaltzen eta husten dituen eremuetako oihanak, zuhaitz eta sastrakaz osatuak. Ur gazitan bizitzera egokitu dira, itsas hegietako baldintza zailetara. Sustrai sistema bereziz hornituta daude, mareagoran ur gazi eta olatu artean  oxigeno urriko lokatzetan bizirauteko eta mareabeheran enborrari airean zutik eusteko gai.    

1980an planetan oihan bereziok 188.000 km2 betetzen bazituzten,  2005era bitartean 152.000 km2ra murriztu ziren. 25 urtean %20ko galera, gehienik industria, etxebizitza eta turismorako egiturak eraikitzeko, gero eta gehiago otarrainxka edo izkiren haztegi erraldoiez betetzeko, edo inguruko ur gezak agorrarazi dizkieten urtegi, errepide, kanal eta abar urratzeko.

Mangladien txikizioaren erdian, ordea, badira horiek babesteko borrokatzeaz gain hondatuak edo arriskuan diren itsasadar, errio eta paduretako basatzetan zuhaitz gazte berriak landatzen saiatzen direnak, Vietnamen edo Bangladeshen bezala Madagaskarren edo Senegalen.

Esperientzia famatuenetako bat hautatu dute ARTErako, Senegalekoa. Haidar El Ali (1953) da Oceanium Gobernuz Kanpoko Erakundearen arima. 1984an sortuz geroztik, Oceaniumek hiru ardatzetan biltzen ditu ingurumenaren aldeko lanak: itsas bazterreko oihanak mangle (Rhizophora mangle) gazteak landatuz biziberritzea, eko-turismoa eta honi lotutako urpekaritza, uretako bezala lehorreko kutsaduren garbiketaz gain.

2006an ekin zieten landaketei Casamanceko deltako Tobor herrian, suntsitutako padura batean 65.000 arbola sartuz. Frogatu ostean oin gazteen %85 aurrera ateratzen zutela –aurretik zenbait porrot jasanak ziren–  2008an 5 millions de palétuviers –izen hori dauka frantsesez mangleak– kanpainari ekinda, sei milioiz goiti landatzea lortu zuten 110 herritako 32.500 jende mobilizatuz hilabete eta erdian.

2010erako zifrak harrigarriak ziren: 62 milioi zuhaitz 5.000 hektareatan, 408 herritako 110.000 pertsonaren artean... Casamance eta Sine Saloumgo deltetako basoberritze arrakastatsuen jakin minez dabilen irakurleak hainbat erreportaje aurkituko du interneten, idatziz bezala bideotan.

Zer prezio dauka otarrainxkak?

Oceania Senegalen moduan, beste GKE eta elkarte asko ari da antzeko lana egiten munduan zehar, esaterako Mangrove Action Project. MAPek aldarrikatzen du lehen munduko fundazioetatik lortutako dirulaguntzak erabiltzen dituela elkarlanean mangladietan berezitutako ekologistekin, lekuko GKEekin eta administrazioekin.

Erakunde bakoitzak dauka bere berezitasuna. MAPek azpimarratzen du itsas bazterreko oihanak berreskuratzeko metodologia propioa daukala, garrantzia emanez landatzen diren zuhaitzen aniztasunari –zeharka kritikatuz beste batzuek espezie bakarreko oihanak sustatzen dituztela–. Oihanberritze tekniketan eta herritarren parte hartzean asmatzea garrantzitsua da zuhaitz txikietatik gehienek urte batzuen ondoren bizirik dirautela bermatzeko, areago klimaren aldaketarekin eremuok direnean itsasaldien eta ekaitz handien biktima minberenetakoak.

MAPek 130 lagun enplegatzen ditu denbora osoz eta proiektuak dauzka Kanbodian, El Salvadorren, Indian, Indonesian, Malasian, Myanmarren, Sri Lankan eta Thailandian. Heziketa eta sustapen lanak egiten ditu ere Txinan eta Bangladeshen oraindik osasuntsu dauden mangladien defentsan.

Herrialde aberatsetako kontsumitzaileei ere badakarkie mezua MAPek: Question Your Shrimp, alegia galdetzeko gure izkirei. Bai, pintxoetan, entremesetan eta entsalada xumeenetan egunero jaten ditugun izkirei eta eguberrietako tripakadetan falta ezin diren otarrainxkei. Asko dakite mangladien suntsitzeez.

Marea arteko oihanak erruz suntsitu dituzte izkirentzako haztegiak eraikitzeko, gehienak herrialde txiroetan: “Munduan barrena milioi bat hektareatik gora mangladi birrindu dira azken hiru hamarkadotan izkira haztegiak bertan antolatzeko”, dio MAPek bere kanpainan. Itsas bazter tropikaletara iristen diren industrien artean izkiren haztegiena da suntsitzaileenetakoa: eremu zabalak merke berenganatu, dena birrindu, etekinak azkar atera eta martxa!, atzean hondamendia baizik utzi gabe. Akuikultura mota honek urtean haztegietan 8.000 milioi dolar eta saltokietan 50-60.000 milioi dolar balio duen jeneroa ekoizten du. Espekulatzaileentzako pagotxa, lekuko gobernu ustelez gain Munduko Bankuak eta beste erakunde gotorrek bereziki babesten dutelako.

Dena libre eta haizu duten erraldoiek burututako triskantzez gain, herritarrek berek eragindakoak daude. Populazioa ari da handitzen herrialde txiroetan, egurra behar dute sutarako, zura eraikuntzarako, gosea zerekin asea ere bai. Leku epel eta hotzagoetako jendeok duela mende batzuk gureak suntsitu genituen bezala, orain bizi beharrak daramatza txiroak beren basoak eraistera.

Blue Venture GKEa, kontserbazio eta birlandaketan saiatzen direnetako beste bat, Madagaskarren ari da. Sylvia Paulot eta Kate England ekintzaileek kontatu dute Tsiribihina  deltako Antanandahy herixkan aurkitu duten giroa: “Bizitza gogorra da 400 biztanleontzako. Bizirauteko ez daukate itsasoa, mangladia eta ibaia besterik, ez iturriko ur, ez azoka eta ez mediku. Gaizkileek atakatzen dituzte sarritan, eskuratu duten edo etxeetan jasota daukaten apurra ostuz”. Ez dira mangleetatik oso ezberdin bizi, lokatzetan itota, edozein haize edo itsas kolperen beldur. Beldurrez, baina sakon errotuta”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


Lehen aldia da klima larrialdiaren harira estatu bat zigortzen duela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak

Suitza zigortu du Estrasburgok, estatu horrek bideraturiko klima politikak adindunen eta oro har herritarren osasun eskubidea zangopilatzen duelakoan. Ebazpena txalotu dute talde eta norbanako ekologistek eta diotenaz, ondorioak izanen ditu gainontzeko estatuengan ere, besteak... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


Eguneraketa berriak daude