argia.eus
INPRIMATU
Mahai-jolas berria
Perretxiko zaindariak eta lapurrak
Itsaso Zubiria Etxeberria 2015eko abenduaren 28a
Eskuratzeko deitu ARGIAra (943371545) edo sartu Interneteko argia.eus/denda helbidean.
Eskuratzeko deitu ARGIAra (943371545) edo sartu Interneteko argia.eus/denda helbidean.

Badakit Bizi Baratzea dela ARGIAren aurtengo produktu izarra, eta ez nator horretaz hitz egitera. Baina mesedez, utzidazu jolasa azaltzen eta ez laga alde batera testua. Perretxiko zaindariak izena du etxeko txikientzako prestatutako mahai-jolasak. ARGIAk berak TV3rekin elkarlanean katalanez egindako Caçadors de bolets jolasa euskaratu du aurten eta hauxe da emaitza. 

Udazkenarekin batera hasten dira goizeko ordu txikietan perretxikotara joan ohi direnen lehen mugimenduak, perretxikoak zaintzera, biltzera edo lapurtzera (herri batetik bestera desberdin definituko dira). Nola jakin, ordea, zein diren bildu beharrekoak, zein diren jangarriak eta zein pozoitsuak, eta nolako itxura duten? Euskal Herrian bildu daitezkeen 112 perretxiko-klase daude jolasean, beren irudi eta guzti, eta galderak ondo erantzutearen poderioz joango gara perretxikoak eskuratu eta fitxak aurrera mugitzen. 

Jolasteko hiru modu

Ez dago jolasteko formula bakarra. Hiru modu dauzkagu aukeran. Boilurraren bila; Aniztasuna da gakoa eta Bete saskia. Jolas-modu bakoitzak bere helburuak izango ditu, eta horren arabera antolatuko da estrategia eta ibilbidea; perretxiko bila joateko basoan lau bide izango baititugu aukeran.

Perretxiko biltzean arau batzuk ere badaude, eta mahai-jolasean ere errespetatu beharko dira arazorik izan nahi ez bada. Nork ez du ezagutzen gipuzkoarren eta nafarren arteko liskarra? Jolasean ibilbide bat aukeratuko dugu, gure ibilbidea eta lurraldea izango dena, baina bide batetik besterako zubi batzuk ere badaude. Besteen lurretan sartzen bagara, ordea, perretxiko-biltzaile izatetik perretxiko-lapur izatera pasako gara, eta bertakoak han harrapatuz gero, zigorra jasoko dugu.