argia.eus
INPRIMATU
Kapitalismoak presionatu egiten du
2015eko abenduaren 28a

Egin dira Espainiako Estatuko hauteskundeak eta herritarrek euren ordezkari politikoak aukeratu dituzte. Orain gobernua osatu behar. Irabazle garbirik izan ez denez, alderdien arteko negoziazioa hasiko da. Jakina da programak ez direla berdinak, bereziki politika ekonomiko, fiskal, laboral eta sozialari dagokionean. Gobernua osatzeko orduan, badaude prozesua baldintzatu eta euren interesak inposatu nahi dituzten erakunde eta organismoak, herritarrek aukeratu ez dituzten arren. Hortxe daude burtsa, kalifikazio agentziak, Nazioarteko Moneta Funtsa, patronala eta bere fronte mediatiko osoa (prentsa, irratia, telebista-kateak…).

Erakunde horiek ez dira demokratikoki hautatuak izan, baina jadanik hasi dute euren lana, eta ez dute etsiko helburua lortu arte: haien interesei men egingo dien gobernua edukitzea. Kapitalismoaren espresio nagusi den burtsak, bere gorabeherekin, bidea ireki du eskuinerantz. Ficht eta Moody’s kalifikazio agentziek ere, kapitalismoaren beso diren neurrian, ohartarazi dute “gobernu ahul edo alderdi erradikalen menpekoek” duten arriskuez. Bai patronalak, eta baita estatuko nahiz nazioarteko prentsa nagusiak ere, PP, PSOE eta Ciudadanosen arteko koalizio handi baten alde egin dute, austeritate eta murrizketa sozialen politikan sakontzeko, Rajoyren Gobernuak orain arte egin bezala. Europar Batasuna eta NMF ere ildo beretik doaz.

Ezkerreko alternatiba sendotzen ez den bitartean –gaur egun oso bananduta baitago estatuan eta Europan–, gobernuak kapitalaren kudeatzaile huts baino ez dira izango. Ezkerreko alternatiba sendo batek, zailtasunak zailtasun, hobeto egingo lieke aurre herritarrek aukeratu ez dituzten finantza eta ekonomia botereei.