argia.eus
INPRIMATU
Inperioen gainbehera
Baleren Bakaikoa Azurmendi 2015eko abenduaren 28a

Iragan azaroan The Sunday Times astekariak eta gure Larrun hilabetekariak erromatar inperioaren gainbeherari buruzko bi artikulu argitaratu zituzten. Bietan, inperio horren endekapena deskribatzeaz gain, berorren zergatiak estudiatzen dira. Gainera, zenbait hurbilketa egiten dira gaur egungo inperioen egoera azaltzeko eta zenbait aurreikuspen egiteko.

Erromatar agintariak eta pentsalariak ez bezala, europarrok eta iparramerikarrak kontziente gara gure inperioen etorkizuna kapitalismoarekin lotuta dagoela. Halabeharrez, bata bestearekin erlazionatuta daude. Horrela, jadanik literatura oparoa daukagu. Hor dauzkagu ia ahaztuta Erromako Klubaren The Limits to Growthek eta beronen ildotik gauzatutako ekarpenak.

Lurra eskasa daukagu munduko populazioa elikatzeko eta ongarri kimikoek, epe luzera, lurraren etekinak endekatu besterik ez dituzte egiten. Halaber, petrolioa, “urre beltza”, erromatarrentzat urrea zen bezala, sistema kapitalistaren oinarria da eta denboraren poderioan zailtasun handiagoak daude lur-azpitik ateratzeko eta merkatuetan ipintzeko. Beraz, petrolio urritasunak eragin negatiboa izango du kapitalismoaren biziraupenean eta bere ordezkoa aurkitzea ez dirudi erraza izango denik.

Erromatarrek ezagutu zuten bezala, Europa eta AEB etorkinez (barbaroak) inguratuta gaude eta gure artean kokatu nahi dute, batzuek bizi ahal izateko, eta beste batzuek inperioen zutabeak kolokan eta auztitan ipintzeko. 3 milioi iritsiko omen dira Europara hurrengo urteetan, eta Jordania, Libano eta Turkian hainbat eta hainbat pertsona daude erbesteratuta Europarantz jauzi egiteko prest. Horiei Afrika txirotik etengabe hurbiltzen ari direnak erantsi behar.

Europa etorkin uholde horiengandik babesteko harresi fisikoak eta militarrak ipintzen ari da. Baina egunetik egunera zailago eta konplexuago egiten da lurralde aberats eta oparo hau “defendatzea”. Gainera, defentsak sustatzeko diru publikoen premia handiagotzen ari zaigu eta ekonomiaren ikuspegitik ere zaildu egiten ari da barne bakea ziurtatzea. Jadanik hasiak dira liskar ugari etorkinen aurka: oroitu Alemania, Herbehereak, Frantzia eta abar.

Bestalde, sistema kapitalista inperialak funtzionatzeko neurri eta erakunde berriak behar ditu. Duela bi mende, estatuak oso gutxi esku hartzen zuen jarduera ekonomikoan, estatua oso meharra baitzen. Denborarekin, derrigorrez, estatua konplexuago bilakatu da eta erabakiguneak urrunduz joan dira. Horrela, gaur egun, sistema ekonomiko esplotatzaileak behar den moduan jarduteko erakunde lar konplexuak eratu behar ditu, zeinak hiritarrengandik kontrol lausoak jasango baititu. Hor daude Troika, Europako Batzordea, Nazioarteko Diru Funtsa, Merkataritza Mundu Erakundea, eta horien gainetik ideologia mamitzen dieten Bildelberg Kluba, Davoseko Foroa, Trilaterala, non munduko aberatsenek, eskuin eta sozialdemokrata alderdi politikoek, sindikalista ustelek eta zenbait irakasle “ospetsu” parte hartzen duten. Horiek guztiek egosten dituzte munduko erabaki eragingarrienak.

Erromatarren inperioaren garaian zientziak ezin zezakeen aurreikusi zer zetorkion orduko gizarteari. Hori gaur egun ez da horrela ematen. Oro har, badakigu mundua nondik datorren eta nora doan. Neurriak hartzeko garaian gaude, baina horretarako borondatea behar da. Orain arte ikusi dugunez, nahiago da gure planeta hondamendira eraman, aberatsenen egoera ukitu baino. Parisko COP21 adibidea da.