argia.eus
INPRIMATU
Dagigun
Itxaro Borda 2015eko abenduaren 29a

Nik ere hartuko dut 2016an Durangon antolatuko den Ibilaldiaren lema ederra, berehala hor dugun biharra desioz eta kemenez apaintzeko. COP21 gailurra bukatu zen, indartsuenek itotzear dauden herrialdeen destino ankerra presio tresna gisa erabiliz onartu eta izenpetu xede pietosak lerrokatuz. Etorkizuna, bekaizkeri haroaz bero datorkigu. 

Baina norabide aldaketa batez ere amets dagikegu –aldion potentzialaren trinkoa ontsa baliatuko zaigu: zergatik ez litezke adibidez, estatuen premiazko osasun politikak enpresa kutsatzaile erraldoien interesak defendatzetik geldituko?     Gaixotasun ugariak eragiten dituzten molekula zitalak irensten ditugula badakite denek, baina diskurtsoak alderantziz doazkie: garapenaren onurarako, ezin dira diesela eta beruna debekatu.

Tabakoaren aferan egin zuten bezala irudika dezakegu kotxe super-hornitu eta garestien aldeko publizitateak kenduko direla pantaila eta egunkarietatik, janari-zaborrak edo garbitzeko produktu kimikoak laudatzen dabiltzanak halaber eta ikusiko ditugun erreklama bakarrek Mikel Urdangarinen kontzertuak iragarriko dizkigutela.

Anartean, urte berri gurbil eta zoriontsua guztiei.