Ate birakarietako giltzak

Duda handiak nireak, beti, ene ikerketetan: handiagoak nahiko nituzke oraingoan, hauteskundeen biharamunean. Izan ere, egoeraren ikerketak baikorrak direnean, hobe deritzot, badaezpada ere, guztiz ez sinesteari haiekin. Baina ezkorrak direnean, nahiago izanen nuke haiekin batere ez sinetsi.

Hedabideen ezinbertzeko bazka dira urgentziazko analisiak, berauen eskaera batzuei edo bertzeei luzatuz. Baina zer lortuko ote? Urgentziazko analisiak ala larrialdietakoak? Pentsa: direnak direlakoak emaitzak, denenak guztira zein lehiakide bakoitzarenak, onak zein txarrak, azalpenak eman behar berehala; hots, urgentziazko analisiak eman behar; eta batzuen analisiek, beti, larrialdietako analisiak dirudite, ebakidura-edo zirt edo zart egin ondoren, matxuraren diagnostikoa uste bezain ezkorra ez izateko ahaleginka, Zainketa Intentsiboko Unitatean ez sartzeko modukoa behintzat.

Bi digresio orain arte, gaiari heldu aurretik. Aski esanguratsuak, nik uste, biak, digresio izanik ere. Baina hirugarren bat botako dut: hiltzaile omen da tabakoa erretzea (bizitza delarik, ordea, hilkortasunaren baldintzarik ezinbertzekoena); ba, hemen nauzue erretzeari emanda, oraintxe burura datorkidan ideia bakoitza nola edo hala biribildu eta hurrengoarekin logika sentiberegiarekin ez lotzeko ahaleginetan, kezko eraztunak gora bota eta bota. Tabakoarena, hauteskundeen kontuak bezala gehien-gehienetan, hil ala biziko kontua ez delakoan.

Hainbertze dira ene neuronen itsasoan sartzen diren giltzak, dagozkigun eremuetako ateetakoak, non haur-abestia dabilkidan buruan urpekari: “Non daude giltzak?”.

Lehorreko lurralde dugu Nafarroa: eskuina, bagenekien, Monterrosoren dinosauroaren parekoa da; lau koalizioetako gobernuaren alde apustularietako batek, autogobernu eta euskaltzaletasun arloetan ezezagun handiena duguna izan arren, jauzi handia egin du aurrera, bertze hiru kideen boto-emaileak dezente xurgatuz; gaurko nafar gobernuaren uhalen gidariak, bertze bi bidaideek bezala, behera jo du, Senatuko ordezko bat lorturik dena dela, Aldaketaren aldeko guztiak lagun... Urpekari trebeak beharko ditugu giltzen bila, are trebeagoak geure urak lurpekoak direnez.

EAEn, Iglesias irabazle, ezker abertzale ofizialaren kontura hein handi batean: abertzale erradikal asko, antza, abertzale bainoago erradikalak ditugu, Estatu eremuko indarren arraste arrain-sarda, nolako itsaslasterrak dabiltzan.

Estatu eremuan, bigarren itzuliaren irrikan Iglesias, baina itsasalde itzel luzeak ditu penintsulak, urpekariak giltzen bila luzaro entretenitzeko modukoak: areago, ate birakarien jabeek nekez botako dituzte giltzak itsasora.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude