argia.eus
INPRIMATU
4.000 hildako Europara bidean
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko abenduaren 28a

2015eko drama handietakoa izan denaren datuak ezagutarazi ditu berriki Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak. Joan berri den urtean, milioi bat lagun baino gehiago iritsi dira Europara, gatazkatik eta miseriatik ihesi; horietatik, 4.000 inguru bidean hil direla kalkulatzen du Erakundeak.

Mediterraneoa gurutzatzea lortu duten bi pertsonatik bat siriarra da. 2011ko martxoan Sirian hasitako gerrak milioi laurden herritar akabatu du eta biztanleriaren kasik erdia alde egitera behartu. Siriarren atzetik, afganiarrak eta irakiarrak dira migratu duten gehienak.

Jendea hiltzera ez kondenatzeko eta egoera modu ahalik eta duinenean bideratzeko, migrazioa legeztatzea eskatu du Erakundeak, jatorritik bidaia segurua bermatuz eta ateak itxi ordez sarbidea erraztuz, Europan barna migratzaileak lasai mugi daitezen, mugetan pilatu ordez. Europako herrialdeek, baina, ez dute errealitatea gestionatzen jakin, eta tirabira ugariren ondoren 160.000 errefuxiatu Europar Batasuneko herrialdeetan birkokatzea adostu duten arren –zifra oso eskasa, dagoeneko milioi bat lagun iritsi direla kontuan hartuz–, oso-oso gutxi dira plan horren bitartez oraingoz birkokatu dituztenak.

Negu gorriaren atarian, egoerak ez du itxura onik.