Salda bero beroa

Ez dut negua gustuko. Iragan azken hiru neguak Euskal Herritik urrun pasa nituen, bero bila, prakamotzetan. Aurten Bilbon nago, eguraldi txarrari aurpegi ona jartzeko asmoz, sasoi honetako plazerez gozatzen, alegia. Esku bakar batez zenbatu ditzaket: sofan manta pean egotea, kalabaza edota txanpinoi-kremak prestatzea, kalean gaztaina erreak erosi eta horiekin eskuak berotzea, eta tabernetan salda eskatzea.

Nire lagun gehienen ustez, salda edatea xelebrekeria galanta da. Pentsa: poteoan joan eta zurito, txikito edo kalitxiki bat eskatu ordez, salda ote duten galdetzen dut. Beti horrelakoa izan naiz. Alkoholdun edariak hartzen ditut, baina kantitate txikietan eta ez egunero. Botea jarri eta errondak atera baino, nire erritmora (beti motelagoa) edatea nahiago dut. Arrazakeriaren kontrako elkarte bateko kide nintzen garaian, asanblada eta gero pote bat hartzera joan ohi ginen. Denek garagardoa edo ardoa eskatzen zuten. Nik tea. Modan jarri nuen. Urte batzuk pasa eta gero taldearen erdiak ere tea eskatzen zuen. Bati amorrua ematen zion, urardotzen ari garela zioen, erdi txantxetan, baina izorratzen ziola nabaritzen zitzaion. (Aitortu behar dut: descafeinar hitza hiztegian bilatu dut. Descafeinar: urardotu. A ze hitz egokia artikulu honetan erabiltzeko!)

Kontua da askotan sumatu dudala gutxi edateak jende asko gogaitzen duela. Gizona baldin bazara, are gehiago, alkoholak funtzio garrantzitsua baitu maskulinotasunaren eraikuntzan. Parrandan freskagarri edo zuku bat eskatzea marikoikeria bezala ikusten da. Nire nebak 12 urte ditu, aurrekoan jatetxe batean helduoi txupito batzuk oparitu zizkiguten eta berak trago bakar batean edan behar genituela esan zigun. Nik azaldu nion nahiago dudala ron ona gustura dastatzea. Ez nuen konbentzitu. Dagoeneko ondo ikasi du “egiazko gizonek” tragoan edaten dutela.

Nire gizonezko lagun batek ere beti esan ohi dit, mutilen partetik kontrol galanta sumatzen duela parrandan doanean, eta bi garagardorekin edo kubata bakar batekin soberan duela esaten duenean. Baina, emakumeok kalea eta gaua gureak ere badirela defendatu dugun heinean, eredu horretara moldatu gara, maskulinotasunaren prestigioa edan baitugu. Txikitan, nire amak bi ardo kopa edan eta gero, pixka bat piripi zegoela esaten zuenean, gogoan daukat mesprezua sentitzen nuela. Ordea, familiako gizonek bezala orujoa –uxuala, alegia– edateko gogoa sentitzen nuen.

Ez dut esan nahi alkoholak gure kulturan daukan eraginak generoarekin soilik zerikusia duenik. Baina, uste dut, gehiegikeriek gizonen zein emakumeen artean duten ospe onari buruzko –mozkorrei buruz mintzatzerakoan harrotasuna edota barrea islatzen dira aurpegietan– irakurketa feminista bat egin genezakeela.

Nikaraguan, lesbianen topaketa batzuetan, auto-zaintza izan zen eztabaida gai-ardatzetako bat, eta harritu ere egin gintuen. Norberak drogekin –alkohola, kafea, medikamentuak barne– duen harremana autokritikoki aztertzea proposatu zuten. “Dependentzia ekonomikoa eta emozionala sendo gaitzetsi ditugu, baina komunera joan ahal izateko zigarro bat erre behar dugula normaltasunez esaten dugu”, zioten.

Azken boladan ekonomia feministak indar handia hartu du, eta korronte horrek zaintza erdigunean jartzearen beharra adierazi du. Ez dut moralista izan nahi eta ez daukat drogen kontrako jarrera zentsorerik. Soilik interesgarria deritzot, dogma guztiak hankaz gora jartzea gustuko dugunok sozializazio eta dibertsio ereduei lotutako arautegiari ere buelta bat ematea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurra

EH Biziriketik sarritan salatu izan dugu energia berriztagarrien zabalpen masibo honen atzean   ezkutatzen   den   eredu   ekonomikoa.   Hazkunde   ekonomikoa   ezinbesteko baldintza duen eredu ekonomikoan... [+]


Eguneraketa berriak daude