"Turkiako Estatuari gustatzen ez zitzaion guztia ordezkatzen dut"

  • Halabeharrez bihurtu da Pinar Selek (Istanbul, 1971) injustiziaren sinbolo. 1998an atxilotu zuten soziologo, idazle eta militante feminista, ikerketa soziologiko baterako zituen kontaktu kurduak sala zitzan. Tortura saioetatik inor salatu gabe jalgirik, Istanbulen lehertutako bonba baten erantzule egin zuten, eta egun, erbestetik bizi du 17 urte dirauen auzi-bide zalapartatsua.

Dani Blanco

Ez zara edozein etxetan sortua.

Turkiako Langileen Alderdiko sortzailea nuen aitatxi, auzi politikoetako abokatua aita. Gure etxea elkarte bat bezalakoa zen, jende askok egiten zuen lo, beti zegoen norbait sukalde zabalean amantala jantzita. Zailtasunak ez ziren gutxi, baina borrokatzen ginenez zoriontsu ginen. Ttikitatik ulertarazi didate iraultza serioenak ere ez ziola irribarreari uko egin behar. Maitasuna eta alaitasuna iraultzaren parte dira. 1980ko iraileko estatu kolpeak, alta, gure etxea erabat hustu zuen. Aita espetxeratu zuten, sarekadak saihestu ahal izan zituzten lagunek ihes egin behar izan zuten. Ama eta biok geratu ginen etxean. Hala, kartzela atarian hazi naiz. Orduan, logela kolektibo amaigabeetan metatzen zituzten preso politikoak, eta bisitara joatea jende askorekin topatu eta kontzientzia politikoa elikatzea zen. Elkartasun sare sendo bat ehundu eta erresistentzian kausitu genuen zoriona. Alabaina, begi-bistakoa zen galdera: nola jarraitu borrokan irribarrea galdu gabe?

Istanbulen zaurietan antzeman zenuen erantzuna?  

Oso hiri berezia da Istanbul. Genozidioen epizentroa izan da, bazterketa eta zokoratzeen testigu, borroka anitzen agertoki, baina gauzak zer diren, bere historiaren protagonista gehienak erbestera behartu ditu. Horregatik diot Istanbul ezagutzeko bere kaleetan egin behar dela lo, hiriaren baitako mugak zeharkatu, hiriak inposatzen dizkizun eskema zurrunak hautsi. Karrikan lo eginda hasten zara bere zauriak ikusten, bere orbanez jabetzean jartzen dituzu zalantzan hiria ulertzeko eman dizkizuten betaurrekoak, eta pixkanaka-pixkanaka, beste hiri batekin egiten duzu topo. Zerraldo handi bat da Istanbul, gainez egitear dagoen hilobi bat. Lehenbizi akabatu egiten zaitu, eta ondoren, turismorako probetxugarriak zaizkion zure ondasunez jabetzen da. 

Kalean sarri lo egindakoa zara?

Bizitza ulertzeko ikasi nuen soziologia, ez soziologoa izateko. Erraietan galderak borborka neuzkalako neuzkan ate mentalak zabalik. Kalean bizi zirenen adiskide egin nintzen, eurekin lotara geratuz jarraitu nuen, eta Alemaniatik zein Frantziatik ezagutzen nituen squat mugimenduak Istanbulera egokitzea otu zitzaigun. Hala, burdeletan lan egiten zuten ezagunak, nonahitik baztertuak ziren transexualak eta beste kolektibo zenbait taldera bilduz, arte konpainia jarri genuen martxan, bestelako bizimodu bat sortu eta lantzeko tailerra. Ez ginen medioen begikoak, ardi beltzen artaldea zen gurea, baina inguruarekin bat egin ahala geroz eta pisu handiagoa hartuz joan ginen. Ez ginen edozein. Pentsa, kalean poltsa lapurtuz gero bi egun pasatzerako ekartzen zidaten bueltan. Estatu batek, ordea, beti jotzen du arriskutsutzat arrastoz kanpokoa, eta gu, arrastotik kanpokoak ez ezik, arrastoen aurkakoak ginen. 

Horregatik atxilotu zintuzten?

Esku-burdinak jarri zizkidatenean konbentzituta nengoen tailerragatik zela, ez zitzaidan burutik pasa ere egin kurduen inguruko ikerketa-lanagatik izan zitekeenik. Gerora ohartu naiz, koadro handi bateko puntu ñimiño bat soilik nintzen arren, gustatzen ez zitzaien guztia ordezkatzen nuela eta zalaparta mediatikoa eragiteko aproposa nintzela. Kalera kondenatutako jendearen laguna, sexualitateaz arazorik gabe hitz egiten zuen feminista, kurduei buruzko ikerketa batean ari zena... Euren tabu guztiak ikusi zituzten nigan. Torturaren erruz sei hilabete behar izan nituen hatzak, eskuak eta besoak berriz normal mugitzeko, baina ez nuen nire lanean agertzen ziren kurduen izenik eman. Hala ere, espetxeratu egin ninduten, eta gazte bati Istanbulen lehertutako bonba baten erantzule nintzela esanarazi zioten, gupidarik gabe larrutu ondoren. Sekulako elkartasun mugimendua eratu zen nire inguruan, ni beste ezerk elkartzen ez dituen jende eta kolektiboek bat egin zuten, eta ohartzerako, injustiziaren sinbolo bilakarazi ninduten. Hori hala, kartzelatik ateratzean, atarian bildutako jendetzari lehen baino aktiboagoa izango nintzela egin nion promes. Gaur arte. Bitartean, 17 urte dirauen auzi arantzatsua daramat bizkarrean, erbestea ezagutu dut, nire aurkako kanpaina mediatiko iraingarriak... Baina hemen nago. 

Nola egiten zaio horri psikologikoki aurre?

2009ra arte aski ongi neraman. Epaiketak irabazten ari ginen, nire izena eman zuen gazteak lehen segundotik onartu zuen ez ninduela ezagutzen eta torturapean salatu ninduela, elkartasun itzela arnasten nuen nire inguruan, baina batez ere, Istanbulen nengoen, etxean. Epaileek froga faltan libre utzi arren, fiskala eta estatua tematzen ari zirela ikusirik, ez zitzaidan erbestea beste biderik geratu. Erbestea ez da etxea uztea soilik, koordenadak galtzea da, leku ezagunean ere galduta sentitzea. Karrikan, harremantzeko orduan, albisteak analizatzerakoan, paperak eguneratzera noanean... etengabe galtzen naiz. Bizitzea ez da puntu batetik bestera joatea bakarrik, historia bat jarraitzea edo kantatzen dituzun kantuak ulertzea ere bada, eta horretarako, zure inguruko ehun sozialaren jabe izan behar duzu. Baina tira, asko daude ni baino okerrago. Ez zait zer janik falta, lagunekin dantza egin dezaket, idatzi, borrokatu.

Tunelaren amaiera ikusten duzu?

Optimista izan gabe, ez dago borrokan jarraitzerik. Estatu baten itsukeria ez bada, ez dago nire aurkako deus. Arazoa da orain genozidio armeniarrari buruzko liburu bat atera berri dudala eta agintari turkiarrentzat bekatu mortala dela hori. Armeniarrena kurduena baino are tabu handiagoa da Turkian, kurduekin bakea egin dezakete baina armeniarrekin ez. Liburuarekin sutan daudela badakit. Ni, ordea, Damoklesen ezpata gainean ez sentitzen saiatzen naiz, atxilotua izan ez banintz egingo nituzkeenak egiten. Horrek ez du esan nahi Turkiaren ikuspegi itxaropentsu bat mantentzea erraza zaidanik. Turkia ez dago Ekialde Hurbiletik aparte. Iraken eta Sirian gertatzen den orok eragin zuzena du bertan. Esaterako, Turkiak Europari errefuxiatuekin egiten dion mehatxua ankerra iruditzen zait. Zaila da zerbait negoziatu behar duen bakoitzean mugak zabalduko dituela mehatxu egiten duen estatu batengan esperantza izaten. Hala, kondenatuta nago inteligentziaren pesimismoa eta borondatearen optimismoa uztartzera.

Pinar Selek

1998an atxilotu zuten kurduen diaspora politikoari buruz egiten ari zen ikerketa laneko kontaktu kurduak sala zitzan. Torturapean hitzik egin ez zuenez, espetxeratu egin zuten, eta gazte bati torturapean esanarazitakoetan oinarrituz, 1998ko uztailaren 9an Istanbulen zazpi hildako eragin zituen atentatuan parte hartu izana leporatu. 2001ean irten zen espetxetik behin-behineko askatasunean, eta geroztik auzi amaigabeari egin behar izan dio aurre. Lehenbiziko unetik, torturapean bere izena eman zuen gazteak, Pinar Selekek ez zuela atentatu horrekin zerikusirik onartu zuen epaileen aitzinean. Hala, orain arteko epaiketetan, lau aldiz jo dute errugabe eta behin kondenatu dute bizi osoko kartzela zigorrera. Epaitegien azken eta behin betiko sententziaren zain, erbestean bizi da 2009tik hona, 2013an Frantziak iheslari politiko estatutua onartu ziolarik. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude