argia.eus
INPRIMATU
Nicasio Landaren mantala
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2015eko abenduaren 23a
Gurutze Gorriko kideak, Nicasio Landa (1830-1891) mediku nafarrak asmatutako 
ohatila eramangarria nola erabili erakusten.
Gurutze Gorriko kideak, Nicasio Landa (1830-1891) mediku nafarrak asmatutako ohatila eramangarria nola erabili erakusten.Gurutze Gorria

Iruñea, 1830eko urriaren 11. Nicasio Landa jaio zen. Landak medikuntza ikasketak egin zituen; 1854an atera zuen lizentzia eta bi urte geroago doktoratu zen Madrilgo Unibertsitatean. Epidemiologo lan nabarmena egin zuen XIX. mendearen erdialdeko kolera pandemiak geldiarazten. Askotariko gaiak jorratu zituen bere liburuetan: giza eskubideak, etnografia, arkeologia, osasungintza publikoa, geologia... Baina, nagusiki, alor militarrean erabili zituen medikuntza ezagutzak.

1864an, Iruñean bertan eta Joaquín Agulló Ripaldako kondearekin batera, Espainiako Gurutze Gorria sortu zuen. Eta 1870ean Frantzia eta Prusiaren arteko gerrara joan zen erakundearen Espainiako ordezkaritzako kide. Bertan ikusi eta ikasitakoak etxean aplikatzea egokituko zitzaion berehala, azken gerra karlistan (1872-1876). 

Landa doktorea konturatu zen zaurituak gatazka eremutik ospitalera edo toki seguru batera eramatea zaila zela zenbaitetan. Arazoa are larriagoa zen eremu menditsuetan eta baso itxietan, soilik oinez, eta nekez, ibil zitezkeen tokietan. Gaia teorian landuta zeukan aldez aurretik; 1865ean, El mandil de socorro liburuan, gerra zaurituak mugitzeko sistema egokia azaldu zuen. Eta 1870eko hamarkadan sorospen mantal hura, aurrerantzean, Landa mantala esango zitzaiona, gauzatu eta gudu-zelaian erabiltzen hasi zen. 

Oihal zati batek, egurrezko egitura soil batek eta zenbait uhalek osatzen zuten asmakizuna. Hari esker, bi pertsonak nahiko erraz eraman zezaketen zauritua. Atzeko sorosleak mantala janzten zuen eta aurrekoak azpiko makilari eusten zion. Bien artean zauritua eserita zihoan eta, horregatik, tramankulu sinplea egokiagoa zen zauri arinak zituzten soldaduak garraiatzeko, zauritu larrienak eramateko baino. Baina, zauriturik gabe, mantala gainean eramatea askoz errazagoa zen Gurutze Gorriko kideentzat, ohatila zurrun astunekin batetik bestera eramatea baino. Zaurituak errazago eramateaz gain, haiengana lehenago iristea ahalbidetzen zuen Landa mantalak.

Mende erdiz, Lehen Mundu Gerran zaurituak garraiatzeko sistemak hobetu ziren arte, mantala erabili zuten Gurutze Gorrian alde bateko zein besteko soldaduak toki malkartsuetan eramateko. Bere idazlanetan, Landa doktoreak luze hausnartu zuen neutraltasunari buruz. Eta bere mantalak zaurituak neutralki tratatzen lagundu  zuen gudu-zelaian.