argia.eus
INPRIMATU
Liburua
Beste bizitza batean
Aritz Galarraga 2015eko abenduaren 23a

Ramon Saizarbitoriaren Aberriaren alde (eta kontra) saiakera liburuan irakur daiteke: “Beharbada, barne-kritika (...) zaila delako edo, kontua da, noizean behin, euskal kulturaren munduko norbaitek atea danbatekoz itxi eta alde egiten duela”. Hitz horiek irakurri eta Eduardo Gil Bera burura etortzea, bat. Atea itxi –zaratots handirik atera gabe, hori bai– eta alde egin izanagatik –Angel Errok: “Euskal literaturak galdu duen egilerik interesgarrienetakoa”–. Eta auskalo barne-kritika zaila delako. Akaso bai, agerkari honetantxe aitortu baitzuen: “Tudelatik euskalduna! Ematen dik gainera jantzia dagoela, badakiela. Baina hasi duk hiperkritiko eta ganberro xamar eta, ixi!”. Auskalo zergatik, baina desertatu du, utzi egin dio, ez da gehiago izango –Hasier Etxeberriaren hitzetan: “Domaia den arren, seguru asko euskarak betiko galdu duena”–.

Alberto Barandiaranek esango lukeen bezala, ordea, “beste bizitza batean” euskaraz idatzi zituen lanak. Har diezaiogun bat, adibidez, O tempora! O mores!, bigarren saiakera liburua, lehena, Atea bere erroetan bezala, 1988koa, eskuraezina baita. “Kontzientzia eta moralari buruzko gogoeta zenbait” aurkituko ditugu bertan, azpitituluaren arabera. Eta halaxe hasten da hasi, giza moralaz, kontzientziaz –“giza morala ikertzekotan baldin bagara, kontzientziarena dugu lehenik xuritu behar dugun prolema”–, baina gai filosofiko jakin bati buruzko liburu zurruna dirudiena, berehala bilakatuko da, hola eta hala, zentzuaz, obedientziaz, bestaz, erlijioez, suizidioaz, normaltasunaz, aisiaz, segurtasunaz eta abarrez hausnarrean ariko zaigun testu jakin-atsegingarria. Azken aldera gainera jartzen da inoizko interesanteen, lastima da beste ehun orrialde gehiago ez irautea. Eta guztia irakurketa zabal, izpiritu kritiko, are burlaize ukitu batez idatzia. Hara zer dioen, bestela, anarkistez: “Kristaukeriari fideltasunean, haiek dira lehenak, gero sozialistak, protestantak eta, azkenik, puska batez gibelagoan, katolikoak”. Nik baino hobeto dio Josu Landak: “Jipoiak ezker-eskuin luzatzeko duen elegantzia lotsagabea, aipamenak eta erreferentziak indiskriminatuki baina erudizio faltsuko itzalik gabe egiteko modua, irakurlearen usteak eta portaerak kuestionatzeko manera ez-inkisidorea”.

Joseba Sarrionandia, bukatzeko, Bost idazle elkarrizketa liburutik: “Ez nioke euskaraz idazteko esango Pablo Antoñana, Miguel Sánchez-Ostiz, Pedro Ugarte edo Marie Darrieussecq moduko jendeari (...) baina nahiago nuke Eduardo Gil Berak euskaraz idazteari ez uztea”. Neronek ere bai, noski. Inoiz bueltatu artean, berriz, “beste bizitza” hartakoak dauzkagu irakurgarri. 

O tempora! O mores!

Eduardo Gil Bera
Pamiela, 1989