"Arabako herritarrak euskara gose dira, eta zerbitzuak euskaraz nahi dituzte"

  • Arabako gizarteak ondoko lurraldeek ez bezalako erritmoa daramala dio Jokin Larrañagak. “Goranzkoa eta etenik gabekoa, itxaropenez betea, aukera duenean euskara erabiltzen duena, gainera. Neurketak emango digun %3 edo %5 horri begira egon beharrean, hobe genuke euskaraz hitz egingo den esparru (berri)ak sortzea”. Asmo horixe buruan ari da lanean. 

"Arabar Errioxan eta Gasteizen izan diren ikastoletan eta euskaltegietan euskara ikasitako arabarrak familia berriak sortzeko adinean daude eta batzuk ezagutzen ditugu. Nekez egingo dugu aurrera lupa gai honetan jarri gabe". Zaldi Ero

Zein dira zure gidaritzapeko Euskara Zerbitzuaren lehentasunak?

Hasteko, esan behar da 40 urtetik beherakoen artean dugula Arabarik euskaldunena, eta ondorioz, euskara ikasi duten arabar horiei euskaraz bizitzeko aukerak sortzea eta eskaintzea zor diegu. Horretarako, hurrengo bi urteetan aisialdian eta kirolean eragin nahi dugu bereziki, euskaraz dakien horri aukerak emanez euskaraz egin dezan. Begiraleak eta entrenatzaileak formatu beharko ditugu, aliatu bihurtu, denon ahalegina izan dadin, dakienak euskaraz egin dezan; talde baten ardura daramanak, batik bat. Eskolako orduak ez dira nahikoa euskaraz bizitzeko, gela barruko orduak %14ra ez dira iristen. Gure haurrek eta gazteek zertan ematen duten denbora pentsatu behar dugu, eta horretan eragin.

Denbora hori euskaraz bizi dezaten, 2015ean bi gida sortu ditugu, eta 2016an banaketarekin jarraitu nahi dugu, talde antolatu bat dagoen leku guztietara iritsi nahi dugu, dela jantokian, udalekuetan, eskola kirolean, kulturan, jarduera fisikoan, helduen kirolean.

Familia giroan ere eragin nahiko zenukete zuek.

Lehentasuna dugu hori ere. Arabar Errioxan eta Gasteizen izan diren ikastoletan eta euskaltegietan euskara ikasitako arabarrak familia berriak sortzeko adinean daude eta batzuk ezagutzen ditugu. Nekez egingo dugu aurrera lupa gai honetan jarri gabe, klabea da gizatalde hau kontuan hartzea eta euskararen transmisioa modu eraginkorrean ematen ari den ikustea, bestela delako generazio galdu hori izateko arriskua daukagu. Bigarren Plan Estrategikoa amaitu arte jaio berriei Osakidetzarekin batera Ku Ku liburuxka banatzen hasi gara eta datuak jasotzeko aukera izango dugu. Inkesta ere egin dugu lurraldean eta datuen zain gaude horren gainean hausnarketa egiteko. Seguru aski, Arabako euskara zerbitzuon kezka eta jomuga izango da datozen urteetan.

Araban badira bertako euskaldunak biltzeko zenbait ekimen, Diputazioaren laguntza dutenak. Zuen lehentasunen artean dira hedabideak?

Gure zerbitzua sortu zenean, 2008an, Berria eta Geu aldizkaria beste hedabiderik ez dakit zegoen. Gaur egun, hor ditugu Alea aldizkaria, Aiaraldea.eus, Hirinet.eus, laster batean Alea.eus, Hala Bedi irratia… Arabatik Arabara dihardute lanean. Araba da lurralde bakarra hedabide berriak sortu dituena azken urteotan. Gurekin elkarlanean ari badira ere, ezin izan diegu eskaini behar zuten moduko laguntzarik; ekonomikoa batez ere. Gure bi plan estrategikoetan berariaz aipatzen da hedabideen esparrua. Harrezkero, garatzeko bideak proposatu dira eta uste dugu 2016an partida berezi bat izango dutela gure Zerbitzuan, edozein herritarrek euskaraz bere inguruan zer gertatzen den jasotzeko aukera izan dezan. Euskarazko hedabideak lagundu nahi ditugu, eta horrekin batera, erdal hedabideei adierazi euskararen normalizazioan zenbateko eragina daukaten eta zer nolako lankidetzak izan ditzakegun.

Euskara zerbitzuen nahiz teknikarien sarea josten saiatu zarete hainbat urtez. PPk Diputazioan agindu zuen garaian gorabeherak izan ziren horren inguruan ere.

Gu arabarrak gara. Gipuzkoako eta Bizkaiko udalerrietan euskara teknikariak izatea normaltasunez hartu da; besteak beste, udaletan hizkuntza politikan txertatzeko erabakiak adostasuna lortu zuelako. Arabako demografia ezagututa ezinezko zen halakorik eta, horrela, euskara teknikarien sarea eskualdeka –kuadrillaka, Araban–, egitea posible zela ikusi zen. Lehorte gorriko urte luzeen ondoren, ematen du, hizkuntza normalkuntzaren kudeaketa normaltasunez sartu dela Arabako instituzioetan, herritarrak euskara gose dira, egin daitekeela ikusten dute, guraso berri dira eta zerbitzuak euskaraz nahi dituzte… eskaera izatea garrantzitsua da. PPk agindu zuen garaian euskara teknikariekin etorri zen sesioa, zalantzan jartzen eta aurrekontuetatik kanpo uzten saiatu baitziren behin eta berriro. Hala ere, negoziazio mahaia bildu behar zenean, teknikarien sarearen aldeko mezuak heldu ziren Batzar Nagusietatik eta, horrenbestez, ez ziren ausartu sarea desegiten.

Zertan da euskara zerbitzu horien egoera gaur egun?

Zerbitzuen egoera ezin hobea da, 2009an sortu ziren azkeneko teknikarien lanpostuak gure diru-laguntza deialdi bati esker eta oraindik ere hor segitzen dute teknikariek sei kuadrillatan eta Trebiñuko konderrian. Handik hona bere lan esparrua definitzen joan dira, bakoitzak berea, denak berdinak eta ezberdinak baitira kuadrillan eta udaletan. Hasiera ez zen erraza izan, zer zen euskara teknikari bat definitzeko eskatzen ziguten eta definizio eta dedikazio bakarra ez zegoenez, tokian tokiko beharretara egokitzen joan behar izan dute, inguruan izan duten aurrekontuekin eta egiteko guztiekin, lehentasunak eta beharrak ez baitira berdinak izan. Baina garrantzitsuena gaur egun, gure ustez, da inork ez duela zalantzan jartzen euskara teknikarien beharra, ez hauen egitekoa, ez hauen figura. Eta etorkizunari begira horixe da garrantzitsua. Horixe dugu gutxieneko adostasunaren adibidea: kuadrilla guztiek izan behar dute euskara teknikari bat gutxienez, euskara planak eta euskararen normalizazio politikak gara ditzan. 

Harri gogorrak

“PPko agintariak izan genituen gure gainean, eta haiekin harremanean, hezur-haragizko pertsonak direla konprobatu genuen. Baita haiek ere, gu ere hezur-haragizkoak garela. Hala ere, zaila da kudeatu behar duen arloa ondo ezagutzen ez duen agintari taldea izatea, den-dena azaldu behar izaten delako, zerotik eta hutsetik hasi behar da dena hitzez hitz azaltzen. Mesfidantza politikoa da edo ezjakintasuna, baina euskaraz zeuden informazio eta txosten guztiak gaztelaniara itzuli behar izan genituen. Bestalde, krisi garai latzenean heldu zen PP agintaldira eta aurrekontuak, hainbat argudio medio, murriztu egin ziren, gurean eta beste hainbat zerbitzutan. Ordu arte eskura eduki genuena ez zen ikaragarria, baina hala ere, genuen gutxiarekin jarraitu genuen. Pedagogia lan handia egin genuen agintarien lidergoan, eta ertz asko leuntzea lortu genuen. Baina joan den maiatzeko hauteskundeak iritsi bezain laster, PPren diskurtsorik atzerakoienaren berri izan genuen. Alderdiak ez dira hezur ez haragizko, harri gogorrak dira”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


Eguneraketa berriak daude