Publikoak ez du beti gardena esan nahi

  • Hego Euskal Herrian, ustez, ur horniduraren kudeaketa ondo blindatuta dago eragile pribatuen aurrean, Espainiako Estatuan ez bezala. Alabaina, pribatizazio arriskuaz egindako azterketa xume batek agerian utzi du erakunde publikoen gestioa ez dela nahitaez publikotasunaren baloreen bermea. Bizkaian, zehazki, askok ezbaian jartzen dute Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren funtzionatzeko era, hala nola herrialde osora zabaltzeko nahia.

Aurtengo maiatzean argitaratutako txosten labur baten bidez, ur hornitzaile publikoak biltzen dituen AEOPAS elkarte espainiarrak ohartarazi nahi izan zuen ur horniketaren alorreko hainbat enpresa publikoren pribatizatze arriskuaz. Euskal Herriko hiru operadore agertzen ziren azterlanean, eta horietako bi, AMVISA gasteiztarra eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, arriskuaren podiumean zeuden, bigarren eta hirugarren hurrenez hurren.

Hainbat arrisku faktore aztertu ondoren, emaitzak 0tik 5era bitarteko eskalan aurkeztu zituen AEOPASek. Zerrendako lehen hiru operadoreak 3tik gorako tartean agertzen ziren, hau da, “pribatizazio arrisku handiko eremuan”. Zehazki, txostenaren egileek 3,18 puntu eman zizkioten AMVISAri, eta 3,05 Bilbao Bizkaiari.

AMVISAren kasuan, pribatizatzearen mamua inguruan dabilela esateak ez luke inor ustekabean harrapatu behar, aurrekariak oso argiak baitira. 2012ko udazkenean, Gasteiz urez hornitzen duen operadore publikoa partzialki pribatizatzeko asmoa agertu zuen Javier Marotok. Artean alkate zenak esan zuen udalak ez zuela inola ere AMVISAren kontrola galduko, gehienez haren %49 ipiniko zelako esku pribatuetan, baina horrek ez zituen lasaitu egitasmoaren aurkariak, oposizioko alderdiak barne. Pedro Arrojo gaian adituak azaltzen duenez, jabetzaren gehiengoa ez izateak ez du eragozten enpresa pribatuek benetako boterea izatea ur operadoreetan, gestioa euren esku geratzen bada. Tarifa nabarmen igotzeko beldurrak ere protagonismoa izan zuen eztabaidan.

Publikotasunerako bokazioa, eta halere...

Marotoren plana ez zen gauzatu, baina AMVISA pribatizatzetik gertu egon zen. Dena den, esan liteke Hego Euskal Herriko gizarte zibilean erro sendoak dituela uraren kudeaketak publikoa izan behar duelako ustea. Idatzi gabeko legea da, nolabait. Hala uste du AEOPASek ere, eta hala eta guzti Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa ageri da izaera publikoa galtzeko arrisku handiena dutenen artean. Nola azaldu hori?

Arestian aipatutako txostena egiteko, AEOPASek hiru adierazle aztertu zituen: gardentasuna, arrisku instituzionala eta arrisku ekonomikoa. Gardentasunaren atalean 2,85 puntu eman zizkioten Bilbao Bizkaiari 0 eta 5 arteko eskalan, eta arrisku instituzionalarenean, berriz, 2,50. Bigarren arlo horretan, operadoreko arduradunek eta hari lotutako agintari politikoek publikoki egindako pribatizatzearen aldeko adierazpenak hartu zituzten kontuan, besteak beste.

AEOPASeko idazkari nagusiak, Jaime Morellek, aitortzen du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa ez dela bereziki nabarmendu era horretako adierazpenei dagokienez; aitzitik, bertan agintzen dutenek gestio publikoaren aldeko mezua eman ohi dute. Eta halaxe erantzun dio ARGIAri, gaiaz zuzenean galdetu diogunean, partzuergoko komunikazio arloko ordezkari batek: Bilbao Bizkaiak ez dauka inolako pribatizatzeko asmorik. “Gai hori ez dago gure agendan, ez da planteatu ere egiten”.

Azpikontratazio gehiegi: publikoa, ez hain publiko

“Euskadin ez da egon estatuko beste leku batzuetan eman diren moduko pribatizaziorik, hau da, ez zaio zuzenean enpresa pribatu bati kontzesioa eman”, diosku Jaime Morellek; “guk detektatu duguna, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kasuan, azpikontratazio portzentaje handi samarra da”. AEOPASeko idazkariaren esanetan, azpikontratazioak pisu handia hartzen badu –Bilbao Bizkaiaren kasuan %60 ingurukoa da– kontrola eta gardentasuna ahuldu egiten dira, baita zerbitzuaren kalitatea ere, “administrazioak enpresari ezarritako baldintzak zorrotzak izan arren”. Morellen ustez normala da kanpo-kontratazio batzuk egitea, baina zerbitzua eremu publikotik eman beharko litzateke ia osoki.

AEOPASek bere txostenean aztertutako arrisku ekonomikoaren alorrean, hain justu, kanpoko enpresei egindako kontratazioen bolumena da berebiziko pisua daukaten faktoreetako bat. Jaime Morellek argitu digunez, oso sarritan azpikontratazio portzentaje esanguratsua edukitzea izaten da eragile pribatu bati kontzesioa ematearen ataria. “Hala ere ez dut uste Euskadin urrats hori egitera ausartuko liratekeenik”. Baina ohartarazten du: “Kontratuak kudeatu beste lanik egiten ez duen partzuergo publikoa izatea, nolabait, isilpeko pribatizaziotzat jo daiteke”. 

Informazio zehatzik ez badu ere, AEOPASeko idazkari nagusia ziur dago Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak jasoko zituela honezkero munduan dauden enpresa garrantzitsuenen eskaintzak, kudeaketaren kontzesioa lortze aldera. Azken batean, enpresa horiek dira partzuergoak lan ugaritarako kontratatzen dituenak, bereziki Acciona transnazional espainiarra.  

Kontzentrazioa helburu

AEOPASen txosteneko arrisku ekonomikoaren atalean puntu kopuru handia du Bilbao Bizkaiak: 3,6. Horren arrazoi bakarra ez da, baina, azpikontratazio asko egitea; beste faktore batzuek bihurtzen dute bizkaitar partzuergoa sektoreko enpresentzat erakargarri. “Guk oso argi daukagu zer baldintza eman behar den operadore publiko bat pribatizatzeko: negozio bolumen handia, diru irabaziak eta zorra kontrolpean, populazio handiko eremuak… Bizkaian hori guztia ematen da”.

Populazio handiko eremuak aipatu ditu Morellek. Hornitutako biztanle kopuruari dagokionez Euskal Herriko ur partzuergo handiena da Bilbao Bizkaia, eta are handiagoa izan nahi du. Nahi duen edonork erakundearen estatutuetako aitzin-solasean irakur dezake haren zabalkundearen historiaren zati bat: Bilbok eta Bilbo inguruko hemeretzi udalek sortu zuten partzuergoa 1967an. 90eko hamarkadan hasi ziren herrialdeko beste herri batzuk integratzen, gaurdaino.

Urterik urte gero eta udal bizkaitar gehiago bihurtu da partzuergoko kide. Gaur egun, 80 udalek osatzen dute, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera. Guztira bizkaitarren %90 bizi da hasiera batean Bilbo eta inguruari zerbitzua emateko sortutako ur partzuergoko herriren batean. Baina helburua, EAJren esku dauden erakundeena behintzat, %100era iristea da.

Aldundia, partzuergo bakarraren alde konprometituta

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak honako konpromisoa agertu zuen joan den uztailean, bere izendapen hitzaldian: “Bizkaitar guztiek kalitate eta eraginkortasun estandar berdineko ur eta saneamendu zerbitzua eduki dezaten lagunduko dugu”.

Esaldi horren esanahia askoz hobeto ulertzen da duela urte batzuk Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sinatu zuten hitzarmena irakurrita. Akordio horren arabera, Aldundia partzuergo bakarra egon dadin saiatuko da. Eta ez hori bakarrik: 2008tik 2015era, 316 milioi euro eman dizkio Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, azpiegituretan lanak finantzatzeko.

Zer falta zaio Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, bada, probintziako udal guztiak bere altzoan jasotzeko? ALBOKO/AZPIKO/HURRENGO ORRIALDEKO mapan ikus daitekeenez, Bilbao Bizkaian ez dauden 32 udalerrien erdiek Busturialdeko Ur Partzuergoa osatzen dute. Aurreko legegintzaldian, EH Bilduren gehiengoarekin, aurre egin zioten Aldundiaren, Jaurlaritzaren eta Bilbao Bizkaiaren batasun asmoei, baina maiatzeko hauteskundeak geroztik berriro jeltzaleak dira nagusi Busturialdean, eta honezkero denbora kontua baino ez da eskualde osoa Bilbao Bizkaian integratu eta Unai Rementeria Diputatu Nagusiaren nahia betetzea –bide batez esanda, Rementeria Busturialdeko Ur Partzuergoko presidentea izan zen 2007tik 2011ra, Mundakako alkatea zenean–. Herrialdean partzuergo bakarra osatzeko zegoen oztopo handiena desagertutzat jo daiteke.

Maiatzera arte presidente izandako Iratxe Arriola kexu da bere agintepeko lau urteetan Busturialdeko partzuergoari diru-laguntza asko ukatu zaizkiola –eta modu horretan funtsezko zenbait azpiegitura garatzea eragotzi–, Bilbao Bizkaian integratzera behartzeko presio neurri modura. Arriolaren esanetan, Bizkaian bakarrik ez, EAE osoan partzuergoa bakarra egotea da EAJren aspaldiko ametsa. “Hori ez litzateke berez txarra behar bezalako kontrol publikoa eginez gero, baina Bilbao Bizkaiak negozio pribatu baten parametroekin funtzionatzen du”.

Datorren eztabaida: nork ordaindu behar ditu inbertsioak?

Iratxe Arriolak opakoa izatea eta ikuspegi merkantilistaz jardutea leporatzen dio Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, herritarrak bezero huts modura tratatzea. “Orain, gainera, inbertsioen amortizazioa gehitu nahi dute fakturetan, eta horrek tarifa izugarri igotzea eragin dezake”, azaldu du, “baina zerbitzu publiko batean inbertsioen kostuak ez luke erabiltzaileengan eragin behar; bestela, zein da publikoaren eta pribatuaren arteko aldea?”.

Azaroaren 25ean Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako osoko bilkuran, Elena Unzueta Iraunkortasun eta Ingurune Natural diputatuak ur partzuergo bakarraren ideia defendatu zuen, zerbitzua homogeneizatzeak eta tarifa bateratzeak egingo lukeen mesedea azpimarratuz. Operadore bakarrarekin aritzea ia beharra zela aldarrikatu zuen Unzuetak, udalek beren kabuz ezin izango dituztelako europar legediak ezarritako baldintzak bete.

Legedi hori EAEra nola ekarri aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza; hain zuzen, Lakuak gauzatu nahi duen dekretuaren harira eztabaida bizia aurreikus daiteke Iratxe Arriolak aipatutako gaiaz: tarifa bidez egindako inbertsioak herritarrei ordainarazteaz ala ez. “Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak esan du ez dagoela zertan arduratu, tarifa igoera handirik gabe gai izango baitira inbertsioen %95eri aurre egiteko, baina nik ez dut hain garbi. Zertarako orduan hainbeste diru-laguntza? Arriskua dago dekretu berriarekin tarifa asko igotzeko”. EH Bilduk uste du, gainera, Jaurlaritzak egin nahi duen dekretua europar zuzentarauaren interpretazio makur batean oinarritzen dela. Hala adierazi zuen Mikel Kormenzana bizkaitar batzarkideak, aipatutako azaroaren 25eko Batzar Nagusietako saioan.

Zadorrarekiko dependentzia handiegia

Kormenzanak berak adierazi digu Bilbao Bizkaiaren ereduaren beste gaitz bat gehiegizko zentralizazioa dela. Ur gehiena Zadorrako sistematik ekartzen denez, akuifero bat gain-ustiatu eta besteak baztertu egiten dira, eta haiekin batera tokian tokiko azpiegitura txikiak, “kostuak jaisteko”. Arabatik iristen da ur gehiena Bizkaira, eta planta bakarrean bihurtzen da edangarri. Iratxe Arriolaren ustez, ur gehiena hodi bakarretik garraiatzea arriskutsua da. “Tutu horretan matxura balego, bizkaitarren %70 urik geratuko litzateke, eta gainera epe laburrerako alternatibarik gabe, lehendik egon diren tokiko azpiegiturak ez direlako mantentzen”.

Denborak esango du Busturialdean gaur egun erabiltzen dituzten 50etik gora ur-hartuneekin zer gertatuko den, bertako hamasei udalek Bilbao Bizkaia Ur Partzuergorako bidaia egindakoan.

Uraren kudeaketa Bizkaian, udalen arabera

1993ra arte 25 udalek osatu zuten Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, denak Bilbotik hurbilekoak. Harrezkeroztik erakundea herrialdeko beste eskualde batzuetara zabaltzen ari da etengabe, eta dagoeneko 80 udal daude bertan. Bizkaiak dituen beste 32 udaletatik, hamaseik Busturialdeko Ur Partzuergoa osatzen dute. Beste hamabost beren kasa dabiltza; batzuek enpresa pribaturen batekin daukate kontratua –pare batek Bilbao Bizkaiarekin berarekin hitzarmena du, zerbitzua jasotzeko–, beste batzuk tokiko ur-baliabideak ustiatuz moldatzen dira… Gehienek presioa dute Bilbao Bizkaian sartzeko, eta oso litekeena da askok etorkizunean hala egitea.Busturialdeko Partzuergoak ere Bilbao Bizkaian integratzeko nahia adierazi du, azken hauteskundeen ostean EAJk gehiengoa berreskuratu eta gero. Kasu berezia da Ermua, Gipuzkoako Ur Kontsortzioko kidea baita duela urtebete.

Sektore gutiziatua enpresentzat: denok bezero nahitaez

Hego Euskal Herria momentuz joera horretatik kanpo geratu bada ere, pribatizazio haizeek gogor jo dute, oraintsu arte behintzat, Espainiako Estatuko ur-horniketaren sektorean. Uneon operadoreen %10 besterik ez dira pribatuak, baina populazioaren %50en beharrak asetzen dituzte, handienetako batzuk baitaude tartean.

Jaime Morell AEOPASeko idazkari nagusiaren esanetan, erregulazio faltak eragiten du hala izatea: “Bete beharreko baldintza bakarra, Europar Batasunaren zuzentarau batek ezarria, etxeetara iristen den urak kalitate jakina izatea da. Hortik landa, norberak nahi duena egin dezake”.

Zerbitzuaren ezaugarriengatik, ur-hornidura pagotxa da enpresa pribatuentzat. Batetik, nahi eta nahi ez monopolioa da, “ezinezkoa da-eta zerbitzu bera leku berean bi enpresak edo bi erakundek ematea”. Bestetik, herritar guztiek derrigorrez behar duten ondasuna da ura. Horregatik daude hornidura pribatizatzeko presio handiak. “Ur edangarria eskura izatea giza eskubidea da, baina erraza da eskubidea merkantzia bihurtzea, eta herritarra bezero”, dio Morellek.

Munduan, uraren kudeaketa publikoa da gehienbat: %85 inguru (2013ko datua). Kopuru horietan dabil Hego Euskal Herria ere. Baina 80ko hamarkadan sektore pribatua sustatzeko politikak garatzen hasi ziren, eta harrezkero haren presentzia igoz joan da. Hori bai, gestio pribatua orobat kalitate eskasagokoa izaten da publikoa baino, eta kasu batzuetan horrek eragin du administrazio publikoek, sarritan herritarren presioaren ondorioz, aurrez pribatizatutakoa berreskuratu izana.

Hego Amerika aitzindaria izan zen publikotasuna berreskuratzen. Oraintsukoagoak dira Europako zenbait adibide. Ezagunenak, hirien tamainagatik batez ere, Paris eta Berlin dira. Euskal Herrian aipatzekoa da Ermuko kasua, Bizkaian. Iaz, herritarren mobilizazio ugari eta gero, Udaletxeko Osoko Bilkurak erabaki zuen 24 urtez herriko ura kudeatu zuen Aquarbe enpresa pribatuari kontratua eten eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioan sartzea. Aurtengo urtarrilaren 1ean egin zen aldaketa.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude