argia.eus
INPRIMATU
Berezkoa, egiazkoa
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2015eko abenduaren 23a

Punka zentro komertzialek irentsi zuten, agerikoa bai behintzat, eta beraien gurasoek erosita Ramonesen kamiseta janzten duten mutikotxoek ez dakite musika talde baten izena denik (ezta guraso batzuek ere). Edonor urduri jartzeko gaitasuna izan zuen punk-rock-and-roll eta high-energyak ere nerbioa galdu du. Sorpresa gutxi aurki daitezke panorama hauetan; guztia ikusita dago eta izan zutenek oraindik eusten badiote ere –odolean baitute– gainontzekoek axolagabekeria, irudimena eta ausardia eduki ezean ez dute entzulerik kikildu ezta liluratuko.

Hori dena bizi izanda (eta dagoeneko aspertuta), punk-rocka ikusmolde desberdinetan egiten aritutako hiru lagun elkartu ziren orain dela bi urte eskas: Teen Dogs eta Nuevo Catecismo Catolico talde aurrekarietan aritutako Eneko gitarran; Dirty Pink Ladies irudimentsuenean makilak astindu eta birrintzearen ardura zuen Urko; eta Plan B zein Muturbeltz taldeetan 77ko punk eta hard-rockaren artean igeri egindako Txiki baxu-jotzailea. Rocka, melodia... sentsazio desberdinekin landu nahi zuten, beste era batera. Eta, hara non, agertoki gainera oso gutxitan igo izandako Txema aurkitu zuten, abeslari eta parekaezineko frontman bihurtuko zena. Txemarekin ez dago negoziatzerik: 60ko hamarkada, power-popa eta batez ere garagea nagusitu behar da.

Hala, abestiak konposatzeari ekin eta garai hartako izpiritu bereizgarria duten hitz eta melodiak idazten hasi ziren, erabat vintageak baina Txemak naturaltasun osoz erabat gorpuzten dituenak. Eta hori guztia janzkera indartsu eta (punk)rockero batek ondo babestuta. 

Bi single (edo EP) besterik ez dituzte, baina rock zaleak txundituta daude. Doctor Explosion taldeko Jorgek gidatzen duen Circo Perroti estudioan grabatuak daude. Discos Bloody Maryk Chelsea boots argitaratu du: izen bereko kantuak oinarri punk-garagero indartsua dauka, gitarrak New York Dollsen lotsagabekeria eta Txemaren ahotsak glamourdun ukitu ye-ye eta baziloia, ia argentinarra. B aldeko Viajar, berriz, ilunagoa da, reverb gehiagorekin eta 60ko hamarkada zainetan jasota badu ere, narrasean eramandako abesteko era dauka. Borobilak biak! Folc records-ek argitaratutako Pínchalon izen bereko pieza jostariagoa da eta 77ko punketik ere edaten du, oso itsaskorra da. Buelta emanda, Felicidad inuxente bezain barnekoa aurkituko dugu: 60ko hamarkadako garage piezaren patroiak betetzen ditu, psikodelia, kopeta-ile mugimendu eta bateria kolpe irmoekin. Txemak bizitasuna, benetakotasuna, estilo propioa eta umorea gehitzen dizkio taldeari; eta gainontzekoek sendotasuna eta energia. Ikustekoak dira hauen kontzertuak. 

Chelsea boots / PĂ­nchalo

Lie Detectors 
Discos Bloody Mary / Folc records