argia.eus
INPRIMATU
Ia 54.000 lagun, Osakidetzan 1.000 lanpostu lortzeko lehian
Unai Brea @unaibrea2 2015eko abenduaren 17a
Luis Jauregialtzo/ Argazki Press

Abenduaren 12 eta 13an milaka pertsona bildu ziren Barakaldoko BEC erakustazokan, Osakidetzaren 2014-15eko enplegu publiko eskaintzari (EPE) zegozkion probak egiteko. Azaroaren 12 eta 13an Donostian egindako azterketak kontuan hartuta, guztira 53.930 lagun lehiatu dira Osakidetzak eskaini dituen 1.014 lanpostuak lortzeko, enpresak berak emandako datuen arabera.

Osakidetzak, EPEaren berri emateko hedabideei igorritako prentsa-oharrean, azpimarratu zuen legearen arabera aurten eskain zezakeen lanpostu kopuru handiena eskaini duela. Nolabait, eta haiek aipatu gabe, sindikatuei emandako erantzuna izan zen, azken urte bietan Osakidetzan eman den lan gatazkaren muin-muinean baitago EPEa.

Eskainitako 1.014 postuetatik, erdia baino ez dira berriak. Beste erdia barne promoziokoak dira, hau da, dagoeneko Osakidetzako langile direnak bakarrik aurkeztu daitezke horiek eskuratzeko probetara. 508 lanpostuberriko eskaintza oso urrun dago sindikatuek –Osakidetzan ordezkaritza duten guztiek– eskatzen dutenetik. Haien ustez, gutxienez 3.000 lanpostu finko berri sortu behar dira, nola herritarrei kalitatezko zerbitzua emango zaiela hala beharginen lan baldintzak egokiak izango direla bermatzeko.

Gaur egun 26.000 inguru langile finko ditu enpresa publikoak, baina eguneroko jardunean askoz gehiago dabiltza. Behin-behinekotasun tasa %35 ingurukoa dela kalkulatu dute sindikatuek. ELAk argitaratutako Osakidetzan prekarietateari buruzko txostena azterlanaren arabera, gogoan izan behar da EAEko batez besteko behin-behinekotasuna %20koa dela, eta Europar Batasunekoa %14koa. Haien ustez, Osakidetzako portzentajea ez litzateke %7tik gorakoa izan behar.

Langile kopuruari buruzko eskakizunaz gain, sindikatu batzuek proposamena egin dute EPE eredua aldatzeko, LABeko Edurne Agirreren ahotik jakin dugunez. Besteak beste, gaur egun indarrean dagoenak behin-behineko langileei eragiten dien kalteagatik. “Deialdi guztietara aurkeztu behar dute, diru kopuru bat ordainduta gainera, lan poltsatik kanpo geratu nahi ez badute”.