"Nafar ikastolen sorrera benetan harrigarria izan zen: liburu gabe, irakasle gabe..."

  • 1965ean, guraso batzuen ausardiari esker, Uxue ikastola sortu zen Iruñean, hamabi ikaslerekin. Hiriburuko ekimenari jarraituz Nafarroako zenbait herritan ikastolak sortuz joan ziren: Etxarri Aranatz, Tafalla, Lizarra… Fermin Erbiti kazetari iruindarrak 50 urte hauetako testigantzak eta argazkiak batu ditu Ametsa egia liburuan. Mende erdiko ibilbidean ezinbestekoak izan diren euskaltzale guztiei omenaldi eta esker oparia.

Josu Santesteban

Nondik sortu zen liburuaren ideia?

Nafar ikastolen 50. urteurreneko ekitaldiak antolatzerakoan atera zen. Nafarroako Ikastolen Elkartean (NIE) batzorde bat sortu zen hau guztiau antolatzeko, eta egokitzat jo zuten mende erdiko ibilbidea islatuko zuen liburua argitaratzea. Enkargua egin zidaten eta baiezkoa eman nuen, oso gustuko gaia dudalako. Askatasun osoa eman zidaten liburuaren nondik norakoak finkatzeko, eta hori ere eskertzekoa da. Alde horretatik, aipatzekoa da mende erdiko kontuak ez ezik aurreko zenbait historia ere bildu ditudala, bestela nekez ulertzen baita ikastolen mugimendua: Campion eta XIX. mendeko beste euskaltzaleen lana eta, bereziki, gerra aurreko euskal eskolak.  

Liburuaren lehen kapitulua eskaini diezu aitzindari haiei.

Bai. Campionek-eta ahalegin handia egin zuten galbidean zegoen euskara indartzeko, Nafarroako Euskara Elkargoaren bitartez. Campionek esaldi batekin laburbildu ohi zuen bere arrangura: “Batzuk bagoaz eta inor ez dator“. Bada, 30eko hamarkadan Iruñeko Euskal Eskolaren sorrera ezagutu eta “Batzuk bagoaz, baina beste batzuk datoz” esan zuen. Gerra aurreko urteetan ere, beraz, euskaltzale batzuek argi ikusi zuten euskararen etorkizuna eskolan jokatzen zela. Horregatik sortu ziren Iruñea, Lizarra eta Elizondoko euskal eskolak. Tamalez, hura guztia 1936ko uztailaren 18an amaitu zen. Eta, zorionez, handik 30 urtera beste ameslari batzuek lanari ekin zioten, gaur egungo ikastolak sortzeko.

Lan mardula egin duzu. Zein pauso egin duzu eta zein bitarteko erabili duzu sortzaileekin harremanetan jartzeko?

Batetik, dokumentazioa aztertu dut. Ikastolena, gerra aurreko euskal eskolei buruzko kontuak… Ondoren, ikastola guztiak bisitatu ditut, bakoitzaren ibilbidea ongi ezagutzen dutenekin elkartzeko: sortzaileak, irakasleak, gaur egungo arduradunak… Testigantza horiek funtsezkoak izan dira. “Gogoko tokian aldaparik ez”, dio esaerak. Bada, horrela ibili naiz azken hilabeteotan: lanpeturik, ohiko lanaz gain liburua egin behar nuelako; baina pozik, oso interesgarria eta aberasgarria izan delako. Ikastolen historia eta, batez ere, ikastolen historiak ezagutarazteko nahia da hau.

Mugimenduaren sorrerako garaiak ez ziren errazak, eta pertsona haiek ere ez ziren makalak izango...

Ikastola gehienen sorrera benetan harrigarria izan zen: libururik gabe, irakasle tituludunik gabe, legeztatu gabe… Gabeziak alde guztietatik. Eta oso leku xelebreetan egin zituzten: behitegi batean, oilategi zahar batean, txanpiñoitegian, herriko komentu zaharreko txoko ilun batean… Epika handiko garaia zen. Gaurko talaiatik ikusita, barregarria ere izan liteke. Hura bizi zutenentzat, berriz, nahiko gogorra. Horrek ederki erakusten du zenbaterainoko ilusioa eta indarra zuten euskaltzale haiek. 

Gogortasun horren adibideren bat?

Zenbait herritan agintariek, eskolako irakasleek eta herriko jende askok ikastolari egin zioten eraso gupidagabea eta, askotan, oso zikina. Batez ere Tutera, Viana eta Irunberrin.

Zure hitzaldietan sarritan aipatzen duzu Jesus Atxaren pasarte hura.

50 urteotan Nafarroako ikastolak bide malkartsuan ibili dira, haizea beti kontra, eta ez bakarrik frankismoaren garai ilunean, ondoren ere. Hemengo ikastolen bultzatzaile sutsu izan zen Jesus Atxak ederki laburbildu zuen Manuel Lekuona Saria jasotzean, Sanz lehendakari-ohia ondoan zuela: “Nafarroan autobide batzuk egin dira azken urteotan, autoa hartzean erosoago ibil gaitezen. Euskaldunok, ordea, betiko bide estu eta neketsuetan barna ibili behar dugu oraindik ere. Noizko guretzako autobideak?”.

Zein etapa bereiziko zenituzke 50 urteko historia honetan?

Ikastola gehienak 70eko hamarkadan sortu ziren. Hurrengoan legeztapenak etorri ziren eta 90ekoan ikastetxe duinak egiten hasi ziren. Hori izan daiteke laburpen argiena.

Ikastolek hasiera bateko izaera bera dutela esango zenuke?

Ikastolen ezaugarri nagusiak, nire ustez, hiru dira: euskara eta euskal kulturaren defentsa, pedagogia berritzaile batean aldeko apustua eta gurasoen parte hartzea. Egia da gizartea nabarmen aldatu dela azken bost hamarkadetan, baina ezaugarri horiek bizirik daude ikastoletan.

Etorkizunari dagokionez, zer hausnarketa egiten duzu? 

Ikastolek kalitate handiko irakaskuntza eskaintzen dutela erakutsi dute. Aipaturiko ezaugarriei eutsi eta kalitatea iparrorratz nagusitzat hartzen segitu behar da. Horrek bermatuko du, nire ustez, ikastolen etorkizuna. 

Historiak

“Historiak jaso eta kontatzea, ahalik eta txukunen. Horixe da batxilergoa amaiturik aukeratu nuen profesioaren muina. Guk profesioa aukeratu, bai, baina mentura itsuak sekula pentsatu gabeko bideetan barna eramaten gaitu. Zenbakiak gorroto zituen gaztetxo hark auditoria-txostenekin lan eginen zuela jakin izan balu! Eskerrak goizeko zenbaki-saltsaz gain badela besterik, desorduetan bada ere: irakurgai gozoagoak, historia interesgarriagoak. Ikastolenak, esate baterako”.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude