argia.eus
INPRIMATU
Diskoa
Estreinaldi polita
Joxi Ubeda Goikoetxea 2015eko abenduaren 17a

Aurreneko gitarra akordeek harrapatuta berehala murgiltzen gara HAN. Elorrioko (Bizkaia) taldearen lehen lanean. Energia handia, melodia politak, pasarte hunkigarriak eta denbora erdiko rock erritmoak entzun daitezke diskoan. Doinu trinkoa gauzatu dute eta kantuek indar handia transmititzen dute.

Diskoa bi urteko lanaren emaitza da.     Kantuak ongi landuak daude, arretaz, eta moldaketa eta xehetasun guztiak ongi neurtu eta burutu dituzte. Grabazioa, nahasketak, masterizazioa eta ekoizpena Karlos Osinagak egin zituen udan. Lan bikaina egin du, eta diskoa ozen, indartsu eta garbi entzuten da.

Haurra eta Han kantuen hitzak Joseba Sarronandiaren eta Oier Guillanen poemetan oinarrituta idatzi dituzte, eta gainerakoak Andere Toledoren laguntzaz. Beste hainbat laguntzaile ere izan dituzte: Aitor Etxebarriak Muxuak kantuan abestu eta didjeridu musika tresna jo du, Ibon Bilbaok Narru azal mendian kantuan abestu du, eta Itziar Bastarrikak, Libe Gazteluk eta Iker Naftak azalaren diseinua egin dute.

Maitasuna, aske izateko nahia eta beste hainbat gai hizpide dituzte kantuetan. Esaterako: “Gordelekutik at aspaldi irtenak eraikiarazitako hormetan aske izaten aske! Amildu arte, hormak amildu arte!” (Igeri egiten); “Norbaitekin gaizki ulertua gehiago korapilatu beharrean berarekin ohean bota eta deskorapilatzea da poesia” (Poesia) eta “Pariseko merkatu zabalean lorazko alkandorak dituen postuaren aurrean dantzatuko dut madam baten itxurapean” (Madam). 

Gorka Molero (gitarra), Karlos Gomez (baxua), Miguel Leon (bateria) eta Nerea Lersundi (ahotsa) dira taldeko kideak. HAN. sortu aurretik, Ama Say, Las Ratas, Mokaua, Non Demontre, Antton, Yakuzi, Tunnel 483 eta beste hainbat taldetan aritu dira. Gorka eta Karlos eskarmentu handiko musikariak direla nabarmena da, Miguelek erritmoa zorrotz eta indar handiz eramaten du, eta Nerea ere kemen handiz aritzen da. HAN. taldea bere lehen musika egitasmo ezaguna da, baina ez du ematen bere lehen diskoa egin duenik, erraz eta eroso aritu dela ematen duelako–.

HAN. zeresana emango duen taldea izango da. Bere kantuetan zerbait berezia antzematen da. Taldeak argi dauka zer nahi duen eta nola egin, eta ganoraz egiten du.

HAN.

HAN. 
Bonberenea Ekintzak, 2015