Azoka gaztea, mendeak pasa arren

  • Ohiko azoka baino zerbait gehiago izateko lanketan dabil Tolosakoa. Erosleen kontsumo ohituretan eragin, gertutasuna eta kalitatea eskaini eta harreman-sareak sortzeko plaza aproposa izanik, larunbateroko merkatua biziberritze prozesu sakonean murgilduta dago.

Tolosako Azoka

Larunbateroko zita da azoka Tolosako eta inguruko jendearentzat. Urte askoko ibilbidea du merkatuak; herria sortu zenean, duela ia zortzi mende, existitzen omen zen. Gaur egun bi gunetan banatzen da: Zerkausian eta Berdura plazan.

Zerkausia izena du Oria ibaiaren ertzean dagoen eraikinak. Tolosako argazki ezagunaren protagonista azoka egiteko erabiltzen da, besteak beste. Bertan izaten dira salgai ekoizleen eta saltzaileen garaian garaiko produktuak. Berdura plazako estalpe kristaldunean, aldiz, landareak eta loreak egoten dira.

Kontsumo ohiturak asko aldatu dira urte batzuetatik hona, ordea. Horri begira, egokitzapen eta biziberritze prozesu bete-betean da Tolosako azoka.

Salerosketa hutsa baino gehiago

Azokak produktuen trukerako gunea baino gehiago dira; harremanak sortu, kultura eta hizkuntza transmititu eta ingurumenarekiko errespetua azaltzen dira bertan. Horren adibide da Lurretik Sukaldera ekimena. Astero, sukaldari batek azokako postuetan salgai dauden garaiko produktuak aukeratzen ditu eta Zerkausian plater berezia prestatzen du zuzenean. Ondoren, prestatutakoa pintxoetan dastatzeko aukera izaten da.

Azoka dinamizatu eta giro desberdina sortzeko, Sormenetik proiektua ere abiatu dute. Kultura, euskara eta nekazaritza biltzen ditu egitasmo horrek, eta kulturaren inguruko hausnarketak egin ohi dira bertan. Azken saioan, esaterako, azokako bi ekoizlerekin aritu zen solasean Jakoba Errekondo ARGIAko kolaboratzailea.

Azokan egitasmo berriak sortzeaz gain, inguruko merkatuekin elkarlana sustatzeari ekin diote berriki, eta konkretuki Ordiziakoarekin. Eskualdeetako azoka garrantzitsuenak izanik, baserritar eta saltzaile gehientsuenak bietan izaten dira. Horrela, udalen eta eskualde bakoitzeko landa garapen elkarteen saretzeari esker, azoken dinamizazioa eta garapena proiektu komunean bildu da. Hausnarketa prozesua ere batera hasi dute bi azokek eta adibidez, Londreseko baserritarren azokak bisitatzen egon berri dira.

Ekintza horiek guztiak erakusteko asmoz eta azokaren ohiko funtzionamendua ezagutarazteko, bisita gidatuak ere egiten dira Tolosan. Produktuak ikusteko eta ekoizleekin gertuko tratua izateko aukera dago bisitei esker. Tolosako turismo bulegoak antolatzen ditu eta kanpoko jendeaz gain, bertakoek ere aprobetxatzen dituzte bisitak.

Estereotipoak hausten

Kontsumo ohiturek duela urte batzuetakoen desberdinak diren moduan, baserritar, ekoizle eta saltzaileak aldatu egin dira denboraren poderioz. Begoña Aristiren kasua da. Baserrian jaioa da eta 21 urterekin hasi zen azokan, duela hamabost. Tolosan du saltokia, eta herriko kontsumo taldeak barazkiz hornitzen ditu. Bere iritziz, “salmenta zuzena da aukera onena baserritarrentzat eta erosleentzat”.

Aurpegi berriak agertzearekin batera, azokako saltzaileen figuraren inguruko estereotipoak galtzen ari dira. Gaur egun, betiko saltzaileen figura gainditu eta estilo guztietako ekoizleak aurkitzen dira Tolosan. Horietako bat da Joseba Baez gazte donostiarra. Ingeniaritza ikasketak egin eta fabrikan zebilela, lana utzi eta gaztandegia jarri zuen martxan. “Idiazabalen badut familia eta haurra nintzenean ikasi nuen gazta egiten”. Gerora erabaki zuen gaztandegia jarri eta azoketan saltzen hastea.

Erosle gazteak giltzarri

Saltzaileen inguruan molde finko bat ezarrita dagoen bezalaxe, azokako erosleen figura adinean nagusiak diren pertsonekin lotzen da maiz. Hori gainditzeko lanketan ari da Tolosako azoka. Era berean, erosle gazteek azokan erosteko ohitura har dezaten egin beharrak definitzen ari da.

Ezaguna da larunbatero Tolosan azokari esker sortzen den giroa eta mugimendua. Horren adibide da EHUko ikerlari talde bat egiten ari den azterketa, azokak herrian sortzen duen inpaktu ekonomikoa neurtzeko. Azokara gerturatzen ez direnei zergatik ez diren azaltzen eta zerk erakarri ahal dituen galdetzen ari dira ikerketarako.

Tolosako azokako dinamizatzailea da Arrate Iturbe. Bere esanetan, “belaunaldi gazteak ez dira horrenbeste etortzen azokara. Hala ere, jendeari helarazten diogun mezua ez da azokan kontsumitu behar dutela. Zein altxor dugun hemen konturatu behar dute, eta kontzientziatuta gerturatu”.

Pauso bat gehiago eman eta Garaikoa elkartea sortu berri dute Tolosako azokako ekoizle, baserritar eta saltzaileek. Horren bidez azokako proiektuak gizarteratu nahi dituzte, eta azoka nola landu aztertuko dute. Mendeak bete arren, gazte dagoen azoka belaunaldi berrien elkargune bihurtzea da helmuga.


ASTEKARIA
2015eko abenduaren 20a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude