Asmatu behar banu, ez nituzke gehiengotzat joko aldizkari honen irakurlegoan pilotazaleak direnak, edo oro har, kirolzaleak. Baina, Titin eta Retegi arteko final famatu hura ikusi –beharturik bada ere– eta segur gehienak zainetan, emozionaturik edo bederen harriturik liratekeela.
Kirolak dituen alde nazkagarriak zerrendatzearena behin eta berriz egin da eta ez du beste gogoetarako lekurik uzten, beraz utz ditzadan hegian. Alde ziragarri bat azpimarratzea baita hemengo xedea, nazkatuaren roletik.
Pilotan maila apalean ari izan denak badaki zein kirol zaila den, mentalki bereziki. Anitz ziren, haur garaian, jokalari hobeak, partida luzeak, eskuko min bortitzak eta arnas estu luzeak; partiduak jokatzeko egin beharreko distantzia luzeak eta zafraldi ikaragarriak. Eta pilota zinez maite ez zuenak ez zuen segitzerik. Beti bazen, Arabatik Zuberoara, Olaizola edo Irujo bat pilotari xumearen ametsak pikutara igortzeko zafraldi monumentalen errepikapenez.
Seme eta alabengan beren ilusio frustratu guztiak proiektatu dituen gurasoak bezala ikusi dut Mikel Urrutikoetxearen garaipen bikoitza. Zafraldi baten erdian burua altxatu eta aitzina jotzea miresgarria baita.