argia.eus
INPRIMATU
Komikilariak Errekondoren kontsultan
Jakoba Errekondo 2015eko abenduaren 09a

Psikotropiko hitzak “burua edo gogoa birarazi edo iraulkatzen duena” adierazten omen du grekoz. Egunerokoan hain okertuak ditugun burua eta gogoa jirabiratu eta zuzentzeko baratzea bezain langintza egoki gutxi izango da. 

Marraztu duzun porrua da agian ezagunena, baina buruan eragiten duen makina bat mozkin sortzen da bai baratzean. Gero eta gehiago ikusten dira tabako-belarra, lo-belarra, asma-belarra, sorgin-belarra, erabelarra kalamua eta abar.  Simaur eta luar pilatan ere perretxiko interesgarriak hazten dira. Artabizarrak ezin ahantziko ditugu; bide horretan gaur egun baratze bueltako hortentsien loreak, gaztainondoaren hostoak, malba, ekilorea eta abar luze bat erretzen dituenik ere bada. 

Psikotropikoenak, hala ere, barazkiak berak dira: tipulin edo azenario guri bat (kras-kras), perrexil ttenttea, piper min bat, ilartxo gordina, Brusela aza... Nire burua biraka jartzeko onenetakoa: uraza edo letxuga moztu berri bat. Letxugari tiraka, egungo letxuen arbasoa den letxuga basatiarekin oso osasuntsua den zigarreta egiten omen da...