Harrapatuta gaude EI eta potentzia handien estrategien artean

  • Bake usainik batere ez inondik. Estatu Islamikoa urratsez urrats betez doa Ipar-Mendebalde aberatsa desestabilizatzeko bere agenda eta, haren aurrean, potentzia handiek ez dute erabili nahi Afganistandik hasita Maliraino antzua dela erakutsi duen jazarpen militarra baizik. Baretzeko ordez, gordintzera egingo du gerrak.

Reuters agentziak banatutako argazkian, polizia frantsesak Eiffel dorre inguruak zaintzen azaroaren 14an,  Parisko sarraskiaren biharamunean. Salbuespen egoeran dago Frantziako estatua hiru hilabeterako eta gobernuak gerrarako gastuek aurrekontuetan zeuzk
Reuters agentziak banatutako argazkian, polizia frantsesak Eiffel dorre inguruak zaintzen azaroaren 14an, Parisko sarraskiaren biharamunean. Salbuespen egoeran dago Frantziako estatua hiru hilabeterako eta gobernuak gerrarako gastuek aurrekontuetan zeuzkaten mugak ezabatu ditu.

Artez ari da Estatu Islamikoa mendebaldarrokin jokatzen: artez trebeki, eta artez gu bere artean, tranpan erorarazten.

“Estatu Islamikoa bere planaren ‘bigarren fasean’ sartu da. Siria eta Iraken hala-moduzko kalifatoa ezarrita, orain Mendebaldea kitzikatzen du honek ero moduan erreakzionatuz bere burua hondoratu dezan. Zepo horretan erortzen ari dira politikari gogorrak”. William R. Polk da horrela mintzo Falling into the ISIS Trap analisi luzean.

William R. Polk (Texas, 1929) nazioarteko harremanetan aditua dela esatea gutxi da: 1962an Kubako misilen krisiak ia gerrara eraman zituenean AEBak eta Sobiet Batasuna, Polk aholkulari zegoen John F. Kennedyk gatazka kudeatzeko antolatutako kabinetean.

2014ko ekainean Polkek beste analisi sakon batean (Understanding Islamic Fundamentalism) azaldu zuen zein den Estatu Islamikoaren estrategia, aipamen berezia eginez bere ustez hori laburbiltzen duen liburu bati. Honen titulua (Idarah at-Tawhish) ingelesez Management of Desolation itzuli dute, euskaraz “Suntsiketaren kudeaketa” emango lukeena. Ez dago garbi bere egile  Abu Bakr Naji gizon bakarra den ala ezizen hori darabilen komite bat.

Funtzionario yanki zaharraren ustez, EIk egun gutxitan Parisen, Maliko Bamakon, Beiruten eta Egipton –hegazkin errusiarra leherraraziz– burutako sarraskiekin lortu du nahi zuena. Frantzia, Errusia, AEBak eta enparauek ekin diote kanpaina militarrari EI desegiteko.

Gisa honetako kanpaina militarrek ematen dutena ikusita dago aurretik Afganistanen, Iraken, Libian eta beste hainbat lekutan. “EIk ikasi du lezioa –dio Polkek– baina antza denez gure liderrek ez”.

Hasteko, gerra asimetriko hau asimetrikoa da kostuetan ere. EIren borroka nahiko merkea da. Landa eremuetan finkatu direnez, zafratuak direnean sakabanatu egiten dira eta ezkutatu, aukera berrien zain. Aldiz, gizarte industrializatuetan hiribildu handietan bizi garenok ezin dugu horrelakorik egin.

Haiek koste gutxirekin kalte handia egiten digute, eta guk haiei oso min gutxi sekulako dirutzak gastatuta. 2001ko irailean islamistek mila dolar gastatuta 2.000 heriotza baino gehiago eta seguruenik 100.000 milioi dolar baino gehiagoko galerak eragin zizkieten AEBei. Parisko sarraskiak ez zitzaizkien askoz garestiago aterako azaroaren 13an.

2011n Al Kaedak bezala, EIk oraingo erasoekin aurreikusi du mendebaldarrok bonbaka erantzungo diegula. Milioika jendek ihes egingo dute, baina are gehiago geldituko dira lekuan bertan eta gure txikizio itsu masiboek herritarrak EIren besoetara eramango dituzte.

Mendebaldarrok diru asko xahutzen dugu eraso militarretan, pleinitzen da Polk, baina gutxi jendeen bihotzak gureganatzen. “Ez baitugu oraindik ulertu zer  den gerrillen gerra bat”.

Napoleonek Espainia inbaditu zuenean, XIX. mendean, ezin zuen ulertu nola ez zieten ongi etorririk egiten espainiarrek. Absolutismotik askatzera iritsiak ziren arren –beren ustean– soldadu frantsesak, gerrillariek eta populazioaren gehiengoak ez zuten haiengan ikusten armada atzerritar zanpatzailea baizik. Napoleonek beranduago idatziko zuen gerrillari iberiar haiek suntsitu zutela bere proiektua.

Estatu Islamikoak badauka agenda

Dio William R. Polkek hiru etapa aurreikusten dituela EIk bere estrategian. Lehenean, etsaia umiliatu, kaosa zabaldu potentzia atzerritarrak eta haien esku-makilak nekatu eta ero arazteko, gerrillariek agintea efikaziaz nola erabili ikasten duten bitartean.

Bigarren fasean, txikizioa zabaldu –gaztelaniaz norbaitek “propagación del salvajismo” itzuli du–. Eskala txikiko erasoak Asian, Afrikan edo Europan. Orain ikusten ari garena. “EIren estrategak espero du AEBak eta gurutzatuak [potentzia atzerritar jentilak] kontraeraso militarrean abiatuko direla, horrela lagunduz jihadaren hedatzeari, milaka gazte erresistentzian parte hartzera bultzatuz”.

Jihadistek potentzia handiak lotsaizun uztean hauen errepresaliak piztu nahi dituzte, jatorrizko biztanleen eta atzerritarren arteko etena sakondu eta segurtasun gastuak handitzeko. Kostuan datza gakoa.

Ez da kasualitatea turismo eta aisia lekuak eraso izana udazken honetan. Malin, Bamakoko hotel famatu bat. Hegazkin errusiar bat leherrarazteko, Sinaiko (Egipto) Sharm el Sheij bakantza gunetik zetorrena. Parisen, modako diskoteka, ostatuak... Horien oihartzuna ikaragarria izan da, kolpetik Mendebaldean herritarrek lehentasun nagusitzat segurtasuna jarri dute.

Jihadisten jomugak ugariak direla ohartu gara. Estatuen instituzioak, bankuak, zentral elektrikoak, zentral nuklearrak, merkatal guneak, antzerkiak... Horiek denak behar badira babestu, segurtasun gastuak tiroaren abiadan handitu dira. Bat batean, gehiago murrizteko ez bazen ukitu ezin zen gastu publikoan atal bati mugak kendu zaizkio: armada eta segurtasunean edozein salbuespen onartuko da, Frantzian erakutsi dutenez.

Estatu Islamikoa, horrela, hirugarren fasean sartzeko moduan dago, “gizarte borrokalaria” edo kalifatoa eraikitzeko fasean. Estatu Islamikoa zoro banda bat dela uste dutenek hobeto begiratu beharko dute beraien jabegoan hartu dituzten lurraldeetan darabilten politika; hurrengo Net Hurbilen gehiago horretaz.

Beraz, Europa, AEB eta Errusia pixkanaka barnatuz doaz lehen ere nozitu duten panoraman: Napoleon muturrez aurrera sartu eta erori zen bezala Espainian, japoniarrei Txina inbaditzean botika beretik eman zien Mao Zedongek, antzekoa Ho Chi Minhek Frantziari eta AEBei Vietnamen, oro bat afganiarrek errusiarrei...

Hori gutxi balitz, Ipar-Mendebaldeko potentzia handiek ez dute lortzen Estatu Islamikoaren kontrako fronte bakarra antolatzerik, beren aliatutzat dauzkatelako... justu EI sortu eta diruz lagundu duten potentzia txikiagoak.

Nafeez Ahmed aditu britainiarrak azaldu du zergatia “NATOk babesten du Estatu Islamikoa” artikuluan: “Mendebaldea terrorea sustatzen duten errejimen musulmanen mende dago, horien beharra duelako Ekialde Hurbilean, Mediterraneoan eta Asiako Erdialdean dauden petrolio eta gasak eskuratzeko”.

William R. Polk ez da baikorra bere 86 urteekin: “Zoritxarrez, iruditzen zait abiatu garela beldurrez, haserrez, ezbeharrez eta oinarrizko askatasunen galeraz betetako hamarkada bat edo gehiagoren bidean”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatu Islamikoa
Ertzaintzaren txosten sekretu baten arabera Aznarrek Espainiako Inteligentzia Zerbitzuari eskatu zion ETA M11ko atentatuei lotzeko

El Diario egunkari digitalak argitaratu du Ertzaintzaren txostena. Honela dio: “Espainiako Inteligentzia Zerbitzuak beraien Gasteizko langileak mobilizatu zituen ETA Al Qaedarekin lotu ahalko zuen informazio bila”. Dokumentuaren arabera, Italiako web orri bat... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


2022-02-27 | Itxaro Borda
Salah

Irakurleak badaki 2015eko Parisko atentatu izugarrien auzia hurbiletik segitzen dudala, eskura dauzkadan prentsa baliabideei esker. 130 herritarren herioa eragin zuten komandoetatik bizirik ateratako kide bakarra Salah Abdeslam izan zen eta bere bizkar datza justizia egin... [+]


2022-01-28 | Aitor Aspuru Saez
Ehunka hildako utzi ditu jihadistak askatu asmoz Estatu Islamikoak espetxe bati eginiko erasoak

Urtarrilaren 20an Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioaren menpe dagoen Hasake hiriko espetxeari eraso diote auto suizidekin, milaka islamista askatzeko. YPGk kontrola berreskuratu arren, tiroketek jarraitzen dute, Daex-eko zenbait kide ezkutatu baita.


Generalitatetik 2017ko atentatuen inguruan gertatutakoa argitzeko exijituko zaio Espainiako Gobernuari

Jose Manuel Villarejo espainiar polizia ohiak adierazi ostean Espainiako inteligentzia zerbitzuek 2017ko atentatuak gerta zitezen utzi zutela, Kataluniako Gobernuak zer gertatu zen ikertzeko exijituko dio Espainiako Gobernuari. Halakorik egin ezean, auzia nazioarteko... [+]


Eguneraketa berriak daude