Agian Errusiako betiko mito kulturalak gainbeheran daude, baina nahiz eta horrela izan, hain goian izan eta gero, gaur egungo egoera ez da makala. Oraindik nabaritzen da touch of class berezi hori. Ballet errusiar klasikoen kalitateak jarraitzen du deigarria izaten. Oraindik bizirik daude urrezko garaiko dantzari batzuk, eta horiei esker ekialdeko tradizioa transmititzen ari da.
Honen froga izan da Russian National Balletaren emanaldia Bilbon. Eszenografia ez zen oso aberatsa izan; jantziak, hortxe. Baina dantzarien doitasuna, musikaltasuna, gustua… apartekoak. Sergei Radchenko, 25 urtez Bolshoi Antzokiaren dantzari bakarlariak, eta 1976. urtean, SESBeko Herriaren Ohorezko Artista izendatuak talde hau sortu zuen 1989. urtean. Berak, Errusiako dantza konpainia handien (Kirov eta Bolshoi gehienbat) kalitate klasikoak batu nahi izan zituen konpainia berri eta independente batean. Titulu eta koreografia klasikoak lantzen dituzte arrakasta askorekin. Hau da beren signature ezaugarria. Beharbada aurrerapausoren bat eman beharko lukete erreferentzia bat izateko dantza munduan. Hau da, ondo dago publikoak hainbeste maite dituen obra klasiko hauek lantzea, baina nire inpresioa da, kalitate ona eskaintzen dutela aitortuz, nostalgia puntu batean gelditu direla eta handik atera beharko luketela berrikuntzak eskaintzeko eta talde gisa hazteko.
Aldi honetan, Loti ederra eman zuten, Txaikovskiren musika eder eta melodiatsuarekin. Radtxenko zuzendariak orain dela gutxi hildako Maia Plisetskaia dantzariari dedikatu zion, 20 urtez bere dantza-bikotea izan zen eta. Esan bezala, medio eskasekin dantza adierazkor eta ongi kontatua egin zuten. Marius Petiparen koreografia hiperklasiko eta espresionista ondo menderatzen zuten dantzariek. Taldeko numeroak doi-doiak atera ziren. Baina momentu nabarmenenak pas à deux gehienak izan ziren. Batez ere bi protagonistek egindakoak. Alexandra Kriukova, Lotiaren pertsonaian, eta Azamar Askarov, printzearen rolean, magiaz eta erromantizismoz aritu ziren. Oso saio ona egin zuen baita ere Maria Klyuleva dantzariak, maitagarriaren paperean. Orokorrean, taula-gainean aritu ziren 40 dantzariek ikuskizun erakargarri eta teknikaren aldetik perfektua egin zuten. Xarmagarria.
Musika: Txaikovski.
Russian National Ballet.
Zuzendaria: Sergei Radtxenko
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data: azaroaren 22a.