Erremontea eraberritzea, gazteen esku

  • Erremontisten koadroari begiratua ematea aski da erremontea gaztetzen ari dela ikusteko. Izan ere, profesionalen erdiak ez ditu 25 urteak gainditzen. Horien artean daude Josetxo Ezkurra, Endika Urrutia, Endika Barrenetxea, Ander Goikoetxea, Imanol Ansa eta Ibai Martirena, erremontearen habia den Galarreta frontoian solaskide izan ditugunak. Kirol honen berezitasunez, krisiak eragindako filosofia aldaketaz eta jendea erakartzeko zailtasunez mintzatu zaizkigu. 

Urruti gelditu da 80 eta 90etako goraldia. Urruti frontoi bete eta apustu etengabeen zoramena. Mende berriari gainbehera zantzuekin ekin zion erremonteak, baina oraindik erremontisten artean oparotasuna nagusi zela. Pilotari asko soilik erremontetik bizi ziren, eta ez edonola. Alabaina, krisi ekonomikoak harekin guztiarekin amaitu zuen. Apustuak jada negozio ez zirela, erremontea bideragarritasun oro galdu zuen. Urteak aurrera joatearekin batera egoerak okerrera egin, eta 2010ean galzorian izan zen, Euskal Jai-Galarreta enpresa kudeatzaileak ateak itxi zituenean. Honen lekukoa Oriamendi 2010-ek hartu zuen, baina geroztik bost urte igaro direnean, erremonteak ataka estuan jarraitzen du. Kinka larrian, baina orain dela urte batzuk ez bezala, itxaropentsu. Izan ere, belaunaldi berri bat sartu da erremontean, kirola gaztetzeaz landa, aldaketa haizeak ekarri dituena. 

Gazte horiek ez dute krisiaren aurreko luxurik ezagutu; erremontea jada egoera oso makurrean zela bilakatu dira profesional. Hori dela-eta, jokatzen hasi ahala balio jakin batzuk barneratu dituzte: kirolagatiko maitasunagatik lan egitea, kantxa barruan zein kanpoan umiltasuna mantentzea… Iraganeko moduekin kritikoa den filosofia bat ikasi dute, eta horrek, Galarretan mintzakide izan dugun seikotearen arabera,“plus bat” ematen die pilotari bezala. Erremontea, beraz, eraberritzen hasia da, eta gazteek deritzotenez, aldaketa etorkizunean gauzatuko bada, euren eskutik izango da: “Gauzek berriz ere gora egiten dutenean, gurea izango da orain barneraturiko balioak transmititzearen ardura. Hori egin ezean, orain lorturikoak ez du ezertarako balioko”. 

Transmisioa gerta dadin lehen baldintza da balio horiek nori igorri edukitzea. Eta badirudi uneon harrobiak bizi duen egoera ez dela onena, hainbat gaztek profesionaletara jauzi egin dutenez, jende kopuruaren aldetik afizionatu maila –profesionalen azpitik dagoen bakarra– impasse egoeran baita. Erremontista gazteen aburuz, aitzitik, egoera ez da larritzeko modukoa: “Egia da orain batik bat Gipuzkoan afizionatuak nahiko zintzilik gelditu direla, baina begirada atzera botata ohartzen zara beti gertatu izan dela antzeko zerbait. Erremontea faseka doa: gazteek debutatzean, afizionatutan hutsunea sortzen da”. 

Oraindik bada zer aldatu

Orain, beraz, jende berria erakartzea da erronka. Nola? Seikotearentzat itaun horrek erantzun erraza du: gazteak frontoira eramanda. “Behin partida bat zuzenean ikusita, jendea liluratu egiten da. Zer esanik ez frontoiaren barrenak erakutsi, eta zesta janzten uzten badiozu”. Haatik, jakitun dira erremonteak berezko hainbat oztopo dituela. Esaterako, bere ezaugarri bereziak direla-eta, gorputzarentzat ez da ona 16 urte izan baino lehen hastea. Horregatik, erremontean jokatu nahi duten gazteak aurkitzea “lan nekeza” da, adin horrekin gazte gehienak jada beste kirol batean murgildurik izaten baitira. “Gainera, erremontea hasieran kirol oso zaila da, eta horrek ere jendea atzera botatzen du. Baloi bati ematea erraza da, baina xistera kontrolatzea…”.

Alta, oztopo guztiak ez ditu berezko: pilotariek erremonteaz duten ikuspegiak ere kalte egiten dio sustapenari. Izan ere, sei erremontista gazteek azaldu digutenez, erremontean jokatzea ez da ulertzen profesionaletara iristeko ez bada. Horrek bi ondorio dakartza, biak ere ezkorrak: gazteentzat erremontea erakargarri ez izatea, eta afizionatutan gelditzen diren pilotariei frustrazioa eragitea, horietako askok azkenean uzteraino. “Jokabide hori iraganetik dator. Azkenaldian gauza asko aldatu izanagatik, pentsamolde horrek erroturik dirau pilotari guztiengan. Erremontea eraberritu nahi badugu, hau ere aldatu beharreko zerbait dugu: erremontera iritsi ahala gazteei zaletasunagatik jokatzen irakatsi behar diegu, ez profesional bilakatzeko nahiagatik”. 

Kirol “baztertua”

Erremontearen sustapenaz hitz egiterakoan, erremonte eskolen lana ere ezinbestean aipatu beharrekoa da. Erremontista gehienak eskolak dauden herrietakoak (Doneztebe, Hernani, Azpeitia…) edo ingurukoak izan ohi dira, horien eraginkortasunaren erakusgarri. Gazteek garbi dute: eskola gehiago irekita erremonteak “zentzu guztietan” egingo luke gora. Haatik, gauzak ez ei dira horren errazak, “enpresak ez baitu dirurik horrelako inbertsioak egiteko”. Hori horrela, federazioaren inplikazio eza deitoratu dute: “Kirol ia guztietan eskolak sortzearen ardura federazioarena da, eta ez enpresarena. Federazioak erabat baztertuta dauka erremontea”.

Telebistak ere, erakusleiho mediatiko nagusia izaki, zeresan handia izan lezake erremontearen hedapenean. Aitzitik, kasu honetan ere bazter utzita daudela salatu dute, ETBk soilik esku-pilotari so egiten diolakoan. Uneon ETB4n urtean 14 emanaldi eskaintzea dute hitzarturik, baina garbi dute horrek ez duela askotarako balio: “Jendeak zein kanaletan dauka ETB4? Gainera, ordu txarrenetan emititzen dira partidak. Esaterako, ETB1en Gol festa ematen ari direnean”. Irtenbide gisa partidak ostiraletan ETB1en –esku-huskako partiden aurretik– emititzea proposatu dute.

Eta “parerik gabekoa”

Oztopoak oztopo, seikoteak garbi dauka besoak gurutzatu eta kexaka aritzeak “ezer gutxirako” balio duela. Jarrera aktiboa aldarrikatu dute: “Gure esku dago lagun eta ingurukoak frontoira gertura daitezen animatzea”. Baina zergatik aukeratu behar dute erremontea kirol askoz ere mediatikoagoen aitzinetik? Bada, gazteen iritziz, erremontea “parerik gabekoa”, “berezia” delako: “Kirol gutxik dute erremonteak duen abiadura. Alde horretatik, kirol ikusgarria da, esku-pilota baino askoz ere biziagoa. Txundigarria da ikustea nola zinetika probestuta sekulako bizitasuna eman ahal zaion pilotari. Eta horretaz guztiaz jabetzeko onena frontoira etorri eta erremontea bertatik bertara ikustea da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pilota
2024-02-25 | Estitxu Eizagirre
Irabazi eta galdu

Txikitatik bizi dugu lehia gizarte honetan: umetan haurren arteko jolasetan, heldutakoan bizitzako eremu guztietan –batzuetan kontzienteki onartzen dugu jokatzea eta bestetan nahi gabe erortzen gara lehia dinamiketan–. Agian horregatik dira kirolariak gizarte... [+]


Eguneraketa berriak daude