Xabier Saldiasek Whatsappean funtziona dezake (eta badakizu)

  • Zaila bazirudien ere, Whatsappak eta gisako aplikazio mugikorrek are gehiago azkartu dute edukiak kontsumitzeko modua. Kode bisualean funtzionatzen dugu, begi kolpe bakarrean uler daitezkeen irudiak nahi ditugu. Inondik ere, testuinguru paregabea da eduki biralentzat. Baina sortu al daitezke halakoak euskaraz, hain komunitate txikia izanik? Zein funtzio betetzen dute #euskalGIF moduko ekimenek? Antzeko galderen bueltan jarri ditugu sareko katramiletan aritu ohi diren hiru lagun: Joxe Rojas, Ana Malagon eta Galder Gonzalez. 

Geroz eta gutxiago erabiltzen ziren GIF animatuak berpiztu dira sare sozialekin. Goiko irudian Joxe Rojasek abiatutako #euskalGIF ekimenaren barruan bildutako zenbait irudi.
Geroz eta gutxiago erabiltzen ziren GIF animatuak berpiztu dira sare sozialekin. Goiko irudian Joxe Rojasek abiatutako #euskalGIF ekimenaren barruan bildutako zenbait irudi.

Era guztietakoak daude. Ikus daitezke, esaterako, Anne Igartiburu eta Anjel Mari Peñagarikano urteberri ospakizunetan, elkarri ezpain-muxu azkar bat ematen, xanpain edalontzi luzangekin topa egin bitartean. Edo Carlos Iturgaiz parlamentuan, alboko eserlekuan behar zuen despistatuaren ordez bozka-botoia sakatzen, jolasten eta enredando. Edo Odon Elorza, barrikadetarantz bidean, gabardina zabal, bularra irmo, harik eta ezustean atzera egin eta auto baten atzean ezkutatzen den arte. Edo Roberto Moso, Nerbioi ertzean, deabruak hartu bailuen dantzan. Nork daki, agian aurrerantzean historiara igarotzeko ez da liburu handietan agertu beharrik izango. Aski izan daiteke GIF zaztar baten buklean betirako izoztuta geratzea. 

Noski, horretan dabilenak ez du, zorionez, tamainako asmorik izaten. Gehienetan –ez beti– barre pixka bat egiteko erabiltzen dira. Baita euskaldunen artean ere. Berriki aldarrikatu du Joxe Rojasek euskarazko GIF-ak behar direla, euskal twitterlari saldoak egin dio amuari kosk –bilatu #euskalGIF Twitterren–, eta horrekin batera mahaigaineratu da sareko eduki biralen gaia. Sare sozialen garaiotan, komunikazio molde berri bat ari da gailentzen, geroz eta bisualagoa, mamiaren aldean azkartasuna hobesten duena. Eduki biralentzat oso aproposa da hori, Rojasen ustez, “sinpleak direlako, begi kolpe batez ulertzen direnak, eta laburrak, errepikatzeko errazak”. 

Galder Gonzalezen irudiko, sare sozialetan kontua ez da edukia jasotzea, jaso duzula adieraztea baizik. Horregatik lortzen dute eduki batzuek une jakin batean hainbat lagunen arreta piztea: adieraztearekin bat kutsatu egiten dute. “Agian ikusita duzu bideoa , baina ez duzu ezer esan. Orain, ordea, parte hartu nahi duzu besteen elkarrizketan. Internet, funtsean, elkarrizketa da”. 

Baina zein ezaugarri bete behar ditu eduki batek birala izateko? Ana Malagonek ez du uste formula jakin bat dagoenik. “Une jakin bateko testuinguruarekin edo egoera animikoarekin bat egiteko gaitasuna azpimarratuko nuke. Hartzailearekin maila pertsonal batean, edo gaurkotasun sozialarekin modu orokorragoan”. Rojasi bururatzen zaizkio ezaugarri gehiago: laburra izatea eta azalpenik gabe ulertu ahal izatea. “Umorea ere garrantzitsua da, noski”. Gonzalezentzat, berriz, edukiaren iruditeria bere egingo duen komunitate bat da ezinbestekoa: “ARGIAren jarraitzaileok pentsatzen dugu Beranduegiren txisteak asko barreiatzen direla. Baina badira sare sozialetan dabiltzan milaka gazte euskaldun zertaz ari garen ez dakitenak. Beraiek beren eduki biralak izango dituzte, komunitate bat baldin badago”. Horregatik iruditzen zaio biraltasuna gaizki ulertzen dela sarri: “Sor ditzagun eduki biralak bezalako esaldiak entzuten ditugu, baina alderantziz behar luke: sor dezagun komunitate bat, eduki batzuk barreia ditzakeena. Biraltasuna da Whatsappean eduki bera hiru lekutatik oso denbora gutxian jasotzea”. 

Iruditeria kolektiboa finkatzeko tresna

Apenas zegoen euskal GIFik orain bi hilabete inguru Rojasek bere blogeangaia atera zuenean: “GIF animatuak ingelesez topa daitezke, gazteleraz, frantsesez… baina euskaraz?”. Gabezia bati erantzun nahi izan zion, berak dioenez: “Whatsapp taldeetan etengabe hedatzen dira eduki biralak. Eta guretik sortutako edukirik ez badago, beste batzuek sortutakoetara jotzen dugu. Seguru nago gure gaztetxo askok ez dakitela nor den Xabier Saldias, baina Julio Iglesias askoz ezagunagoa egiten zaiela, bien lan diskografikoa guztiz ezezaguna izan arren”. Horregatik iruditzen zaio GIFak iruditeria kolektiboa finkatzeko eta erreproduzitzeko bide egokia izan daitezkeela. 

Gonzalezi ere garrantzitsua iruditzen zaio eduki horiek Euskal Herriko errealitatean sortzea. Beste kontu bat da euskaldunon artean komunitate bat baino gehiago egon daitezkeela. “Lagun euskaldun bati bidali nizkion niretzat barregarriak ziren #euskalGIF batzuk, baina harentzat ez zuten graziarik”. Hala ere, tresna egokiak iruditzen zaizkio umore propioa lantzeko eta, zorte pixka batekin, euskarara eta “gure mundu ikuskerara” jende berria erakartzeko. Rojasek antzera pentsatzen du, euskaratik sortutako memeek erdal komunitatearekiko zubilana bete dezaketela. “Sarritan, irudia da memearen osagai nagusia. Horrek lagundu dezake euskaraz ondo ez dakitenek ere euskal memeak erabil ditzaten, eta, besterik ez bada, iruditeria kolektiboan euskal erreferenteak txertatzeko modu ona izan daiteke”. 

Erabilpen guztiz praktikoa dute GIFek Malagonentzat. “Ia edozer gauza adierazteko komunitate afro-amerikarrak Oprah Winfreyren GIF animatuak erabiltzen dituen bezala, lagungarria litzaiguke gure erreferente amankomunak erabiltzea gure 140 karaktereko adierazpenak ulergarriagoak egiteko. Ez dugu Oprah bezalakorik baina, tira, Goenkaleko Maria Luisa dugu”. 

Umoretik harago

Meme, GIF eta tankerakoak umoretik sortu ohi diren arren, erregistro horretatik harago ere baliagarriak dira. Hala dio Rojasek: “Bi paragrafoko testu bat sor dezakezu azaltzeko lehendakaria epela baino gehiago dela autodeterminazio kontuekin, edo ‘nazioforala’ bezalako bi hitzekin meme bat egin dezakezu gauza bera esateko. Ez dut uste halakoetan umorea denik memearen kargarik handiena”. Hala ere, ukaezina da eduki biraletan umoreak arrakasta handiagoa izan ohi duela, Malagonen ustez. “Gauza labur eta arinen bila gabiltza. Ohartu behar dugu zenbaterainoko presentzia duten sare sozialek eta mezularitza sistemek gure aisialdian, lan orduetako aisialdia barne”. 

Biraltasunaren gaia ez da berria. “Goviral!” (kanpaina birala izan dadila!) egiten zuten aldarri orain hamar urte online publizitate agentzietan, Malagonek oroitzen duenez: “Egun ez dakit horrela den ala amore eman duten ikusita birala izan behar zuen zerbait bilatzen zen bakoitzean ez zela biraltasunik lortzen, eta, alderantziz, bilatzen ez zenean lortzen zela”. Rojasek eta Gonzalezek gogoan dituzten kanpaina biral batzuk zerrendatu dituzte: politikan, “V de Bildu”, adibidez. Publizitatean, berriz, Euskaltelen Patxiii! famatua, Kelerren Epa!, eta ARGIAren #darpidegu kanpaina. Beste bat ere oroitu du Rojasek: “Bartolo jatetxearen Euskadi Irratiko iragarkiak. Hain dira atorranteak, nahita eginak direla pentsatzen hasia ere banago. Biraltasuna bilatzeko egin dituzte horrelakoak, ez dago beste azalpenik”.

Naturalak izan, eta kito

Euskarazko eduki biralez aritu beharrean, euskal eduki biralez aritu behar genukeela uste du Rojasek. “Horrelakoetan hizkuntzaren karga txikia izaten da, mezu nagusia irudian egoten da, eta hori gure alde baliatu behar dugu”. Adibide bat oroitu du: “Orain urte batzuk oso modako bihurtu zen Eduard Khilen Trololo kantu hura, errusieraz arrastorik ez genuen arren. Barkatuko dit Xabier Saldiasek, baina bere ‘olereili’ eta antzekoak ez al dira esportagarriak?”. Bestalde, ez zaio iruditzen edukiak mundu osora zabaltzea ezinbestekoa denik. “Lortzen badugu meme batzuk euskal tribuaren barruan zirkulazio handia izatea, lorpen handia izango da, kontuan izanda guk baino askoz gehiago kontsumitu eta produzitzeko gai diren hizkuntz eta kultur komunitate erraldoiz inguratuta bizi garela”. Antzera uste du Gonzalezek: “Biraltasuna ez da komunitatearen tamainaren araberakoa, komunitate horretan sortzen duen erreakzioaren araberakoa baizik”. 

Euskal memegintza hasi besterik ez da egin. Eta biderako, kasik hobe hainbeste nekatzen gaituen nazio eraikuntzaren motxila eranztea. Malagonek garbi dauka: “Gure adierazpenetan naturalak eta zintzoak izatearekin nahiko lan badaukagu”.

Hiztegia

Meme: Eduki pieza sinple bat, erraz sortu eta errepika daitekeena. Izan daiteke inoiz oihartzun handia lortu duen zerbait testuingurutik atera eta beste eduki baten esanahia aldatzeko erabiltzea. Edozein euskarri birtualetan sor daiteke: komikia, bideoa, irudia, testua…

GIF: Animazioak egiteko formatu digitala, orain hamarkada bat inguru beherakadan hasi zena, baina sare sozialak agertzearekin bat berriro loratu dena. Batik bat, bideo zatiak izan ohi dira, YouTuberen adierazpen minimoak, segundo batzuetan ikus daitezkeenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sare sozialak
2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


2024-03-25 | ARGIA
Espainiako Auzitegi Nazionalak Telegram aplikazioaren blokeoa eten du, Poliziak ondorioak ikertu bitartean

Epaile Santiago Pedrazek iragan ostiralean eskatu zuen estatuan Telegram aplikazioa blokeatzea. Astelehenean blokeo hau etetea erabaki du epaile berak, lehenik neurri hori aplikatzeak ekarriko lituzkeen ondorioak aztertzeko.


TikTok debekatzeko lehen urratsak egin dituzte AEBetan

TikTok sare sozial ezaguna ByteDance enpresa txinatarrena da, eta AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu duen lege proiektuaren arabera, sei hilabeteko epean saltzera behartuko du enpresa, ala sare soziala AEBetan debekatua izango da.


Eguneraketa berriak daude