Gure bizitzetan beti lagundu, laguntzen eta lagunduko digun eslogana da, zinez. Ez dut ezagutzen frustrazioa hitzetan paratzeko beste esaldi egokiagorik.
Lehen sintomak Madrilen eta Espainian nabaritu ziren, maiatzeko erreboltariak eta beren ahots matxinoen mezuak papereratzen zituzten luma berriak, Franco hil zenean jaiotakoak asko (urte bat gora, urte bat behera), trantsizio demokratikoa deiturikoa iruzur hutsa izan zela susmatzen hasi zirenean. Haiek baino askoz beteranoagoa den batek, Vincent Navarrok, laburbildu zuen ezinegona askotan errepikatzen duen sintagma bakar batean: “La (in)modélica transición”.
Gero, hurbilagora etorrita, batena eta bestearena irakurriz, ikusi genuen trantsizioa bluff bat izan zelakoa ez dela grisen aurretik korrika gogoratzen dugunon irudipena bakarrik.
Ramon Zallok, esaterako, euskal politikak trantsizioaren preso segitzen duela iritzi dio (Berria, 2015eko azaroaren 22a), trantsizioak utziriko “eredu demokratiko ahularen” ondorio kezkagarrienetako bat izan dela, hain justu, “giza eskubideen degradazioa”; Francisco Etxeberriak, aldiz, dio trantsizioan ez zela ezer ukitu eta jarraitu dutela gauza berberak edo oso antzekoak egiten, eta ondare nazkagarri horrekin bizi garela: Barne Ministerioan jarraitzen duela diktadoreak; Miguel Sanchez Ostizek frankismoak utzi duen politika ulertzeko modu autoritario eta antidemokratikoa islatzen dela gaur egun ere esaten du, frankismo garaiko ideiek gizarte oso bat “zipriztindu” dutelako eta hori belaunaldiz belaunaldi oinordetzan jaso delako. Gaur estatu polizial batean bizi garela dio, are gehiago, iraganetik askatu ezin den herri bat dela gurea, eta ezintasun hori lotzen du trantsizioan gertaturikoarekin, azken frankismoko politikari gehienek jarraitu zutelako: UCDrekin, Fragarekin, alderdi sozialistarekin... Eta politikoen atzean klase sozial oso bat zegoelako.
Ez da ohikoa, ordea, Francisco Etxeberriarenak bezalako hitzak entzutea, autokritika baterantz abiatutakoak: “Nik ere sarri neure buruari galdetzen diot non egon nintzen une jakin hartan, zer pentsatzen nuen, zer esaten... Zoritxarrez denok dugu inpregnazio hori”.
Askoz ohikoagoa da trantsizioaren garaian hausturaren alde egon zirenei autokritika egin dezatela eskatzen dietenen ahotsak entzutea, etengabe, gaur bai eta bihar ere bai.
Denok egin beharko dugu autokritika, noski; erregimen berriari zilegitasun guztia berehala eman eta beste berrogei urte gehiagoko frustrazioa eragin dutenek ere bai, nik uste.