argia.eus
INPRIMATU
Zorionekoak irakurleok
Xabier Etxaniz Erle 2015eko abenduaren 02a

Euskal komikigintzan mugarri izan ziren 1980ko hamarkadan Erein argitaletxeak plazaraturiko hainbat lan, tartean Fructuoso eta Harrieten artean eginiko Justin Hiriart bildumako hiru tomoak: Itsas gorritan (1983), Izotzetako tranpa (1989) eta Sekretoa (1989). Orain, hiru hamarkada geroago, serie horren edizio osoa plazaratu da; aurreko hiru lan horiez gain beste bi gehiago sartuz: Brulota eta Satanen itsasontzia. Eta eskertzekoa da edizio hau, ez bakarrik lan haiek berriro irakurtzeko aukera eskaintzen digulako, baita bilduma osoa liburu batean argitaratzeagatik ere, irakurleen gozamenerako.

Justin Hiriart protagonista nagusiaren izena dugu, XVII. mende hasieran euskal baleontzi bateko kapitaina. Eta liburuko orrietan irakurleak kapitainaren eta haren lagunen abenturak ezagutuko ditu erritmo gero eta biziagorekin. Inuitak, Mic-Mac indioak, Europako herrialdeen arteko eztabaidak eta borrokak Ameriketan… eta horiez gain gizakion artekoak, indarkeria, maltzurkeria edo, baita, adiskidetasuna, laguntza eta maitasuna ere ageri dira liburu honetan. 

Abenturazko liburua dugu komiki lan hau. Literaturan klasikoak izan diren hainbat eta hainbat lanen ondorioa (guztiz interesgarria sinatu gabeko hitzaurrean egiten den azterketa). Eta alde horretatik irakurlea entretenitu eta gozatzeko prestatzen duen lana. Muro Harrietek euskal baleazaleen istorioetatik edan du gidoia egiteko; Ternuako indioekin euskal arrantzaleek izaniko harreman ezaguna eta inuitekin izandako borrokak ageri dira hemen; baita Frantziako ontziekin eta agintariekin izanikoak ere. 

Baina abenturaz gain liburuan naturarekiko kezka ere ageri zaigu, gehiegizko kontsumoaren kontrako jokaera Justinen aldetik; naturaren aldeko apustua indioekin geratu nahi duenean…: “Arrazoia huen esaten huenean han ezin dela Mic-Mactarren bizimoduan bizi; hemen bai, ordea, horregatik geratu nahi diat!”.

Egileek komikiaren bizitasuna ederki erabiltzen dute istorioa narratzeko. Hitz gutxi, elkarrizketa eta deskribapen bakan batzuk, eta horien ondoan irudien indarra. Justin eta Martinen artean arestian aipaturiko elkarrizketaren ondorengo bereizketan esaterako: Justin lehorrean urruntzen ari den itsasontziari begira, ondoren aingura altxatzen eta behean bi irudi, bata lehorrekoa eta bestea itsasokoa; bakoitzaren baitan beste bi irudi lagun biena elkarri begira, osorik bata, aurpegiarena bestea. Irakurleak ez du hitzik behar, irudiak berak irudikatzen baitu bi lagunen buruetan dabilena.

Txalogarria beraz Erein etxeak eginiko apustua, eta zorionekoak abenturak, komikiak, istorioak eta literatura maite ditugunok: urte askotarako liburu ederra baitugu hau. 

Justin Hiriart

Muro Harriet

Ilustratzailea: Francisco Fructuoso

Erein, 2015

246 orrialde