Estatu Islamikoaren (ISIS) atentatuak ikusita, ez da erraza frantziar jendarteak bizitako egoerari arrazoirik bilatzea, batez ere aurrean 130 hildako dituzunean. Are zailagoa da hori egitea prentsak, irratiek eta telebista kateek egunak daramatzatenean Pariskoaren eta Malikoaren kontakizuna diskurtso ofizialera bideratzen. Baina komeni da jakitea zein sakoneko interes dauden jokoan, eta manipulazio mediatikoaren aurrean ahotsa altxatzea, gertaturikoan erantzukizun handia dutenen eskuetan baitaude medio horiek preseski.
Egia da egoera oso konplexua dela, hau ez da Jainkoaren eta Alaren arteko gerra bat. Atzean interes ekonomikoak dituen gerra batez ari gara, eta milaka errugabe ari dira haren ondorioak ordaintzen. Armagintza enpresak sekulako onurak izaten ari dira, Burtsan ere euren balioa gorantz doa ziztu bizian. Ezin ahaztu gune bero horien iragan koloniala: euren errekurtsoak kontrolatzeko tokiko diktadoreei babesa ematen zaie komenentziaren arabera. Iparramerikarrek, britainiarrek, errusiarrek eta frantsesek Estatu Islamikoa bonbardatzen dute bat eginik, bai baitakite hura desagerturik eremu horretako baliabideak eta petrolio putzuak kontrolatzeko atea zabalik izango dutela, eta Mendebalderantz nahiz Ekialderantz petrolio zirkulazio estrategikoa lortuko dutela.
Bonbardaketa horiei erantzuteko modu bat izaten ari da mundu osoan atentatuak egitea, askotan desesperazioz. Eta bitartean, G-20ko arduradunek minutu bateko isiluneak egiten dituzte Paris eta Maliko biktimen alde. Zinismo hutsa, eurak baitira Irak eta Siria dauden labirintoaren eta bizi duten egoera larriaren erantzule nagusiak. Hala, kapitalaren mendekoak direnez, honen mesedetan negozio ederra sortu dute gerrarekin.