Eta planeta hoztuko bagenu berotzen duten aberatsen diruz?

  • Afrika, Latinoamerika eta Asiako zati handi baten energia hornidura 2030rako oso-osorik berriztagarriz osatuta legoke une honetan munduko 738 pertsonarik aberatsenek pilatuta dauzkaten dirutzak erabilita. Horietatik 53ren ondasunak aski lirateke 2030erako Afrikak behar duen energia guztia berriztagarria izateko.

Hondurasko ‘Tiempo’ hedabidearen argazkian, Carlos Slim mexikarra, munduko gizonik dirudunenetakoa. Beste hainbat enpresa kutsatzaileren artean, berak agintzen du Euskal Herriko hondakin gehienak kudeatzen dituen FCCn ere. Aldi berean, ‘New York Times’ eg
Hondurasko ‘Tiempo’ hedabidearen argazkian, Carlos Slim mexikarra, munduko gizonik dirudunenetakoa. Beste hainbat enpresa kutsatzaileren artean, berak agintzen du Euskal Herriko hondakin gehienak kudeatzen dituen FCCn ere. Aldi berean, ‘New York Times’ egunkarian akziodun indartsuena da, ‘El País’ eta komunikazioko beste enpresa globaletan bezala.

Badaezpada ere, hau politika ez dela ohartaraziz hasi da Lurraren Lagunak (Friends of the Earth International, FEI) nazioarteko erakundea: ez dela defenditzen ari aberatsei beren urreak desjabetzea. Tentuz jokatu beharra dago arerio funtsezkorik ez daukan kapitalismo basatiaren garaiotan...    

Baina  zenbakiek garrasi egiten dute FEIrentzat ere: “Gure munduak bi krisi suntsitzaile eta elkarri estu lotuak dauzka aurrean: berdintasun eza gero eta handiagoa eta klimaren aldaketa. Biei aurre aldi berean egiteko garaia iritsi da”.    

COP21 klimaren gailurra giro berezian iritsi da Parisera, azaroaren 13ko sarraskietatik hamabost egunera. Baina sakonean datzan eztabaida multzoa lehendik zegoen itota udaz geroztik hedabide nagusiek antolatutako espektakuluaren erdian.    

Esku batekin garapen ereduak lehengo ildotik ahurra bete urrutiratu gabe defenditzen dutenek, bestearekin herritarrak ikararazten dituzte gainera datozkien katastrofeak banan-banan kontatuz irudi zein baino zein zirraragarriagoekin. Esanaz bezala, “denok harrapatuko gaitu katastrofeak mendea amaitzerako baina jarrai dezagun deus gerta ez baledi bezala”.

Zalapartaren erdian eskertzen dira mezu argiak, Lurraren Lagunek zabaldu dutena bezalakoak An Energy Revolution is possible agiriarekin. Lurra planetako 782 jende aberatsenek, asko multinazional handienen buruzagiak, beren altxor pertsonaletan metatzen dituzte 5,149 bilioi dolar. Fortuna horrekin FEIk kalkulatu du 2030rako Afrika, Latino Amerika eta Asiako lurraldeetako asko %100ean energia berriztagarriz hornitzea posible litzatekeela. Munduko 53 aberatsenek dauzkaten sosak aski lirateke Afrikako eremu osoa %100 berriztagarriz elikatzeko.

FEIk txostenean nabarmendu ditu munduko aberatsenen arteko batzuk, Oxfam erakundearentzako Deborah Hardoonek idatzitako Wealth: Having it all and wanting more: Data Summaries 2015 (Aberastasuna: dena eduki eta hala ere gehiago nahi. Informazioen laburpena) ikerlaneko datuetan oinarriturik.

Horrela, 2014ko datuetan, Bill Gatesek 76.000 milioi dolar dauzka jabegoan, Carlos Slimek bere familiarekin batera 72.000 milioi, Amancio Ortegak 64.000 milioi, Warren Buffetek 52.800, Larry Ellsionek 48.000, eta abar.

Afrikak 2030erako energia guztia berriztagarri edukitzeko beharko luke 1,501 bilioi gehiago inbertsiotan, Latino Amerikak 1,165 eta Asiaren zati handi batek (kendurik Txina, India eta herrialde arabiar petroliodunak) 2,482.

Kontraste eginez, COP21erako prestaketa lanetan ez dute horrelako nahikaririk agertu munduko klimaren okerragotzea beren eskuetan daukaten botere nagusiek. Ez dago beroketa graduen saltsan asko barneratu beharrik ohartzeko bai estatu aberatsek eta bai korporazio nagusiek mahaian jarri dituzten neurriak urrundik ere ahulegiak direla.

Mundutarren % 0,00001 hori

Energiazko trantsizioa mundu mailan harturik gauza konplexua izanen da, eta garestia. Inbertsio oso handiak eskatuko ditu. Greenpeacek berak 2015ean argitaratutako Energy [R]evolution analisian aurreikusi du munduak bere osotasunean 2050erako elektrizitatea osorik berriztagarrietatik jasotzera iritsiz gero, 42 bilioi dolar aurreztuko liratekeela soilik petrolio kontsumoan. Horrek erakutsiko luke egin beharreko inbertsio erraldoiak errentagarriak direla.

Lurraren Lagunek herrialde txiroen trantsizio beharrei erreparatu diete. Jakin nahi izan dute ea zenbat inbertsio berezi beharko luketen argindarra iturri berriztagarrietatik hornitzeko garapen bidean diren herrialdeetan, hain zuzen klimaren aldaketaren errurik gutxien dutenetan. Hortik iritsi dira, 5,148 bilioi dolarren beharra kalkulatzera.

Abiapuntu hartu dituzte ENE Energiaren Nazioarteko Erakundearen World Energy Outlook (2014) txostenean egindako aurreikuspenak, hautatuz Latino Amerikako, Afrikako eta “Asiako besteak” ataletako herrialdeak. Egia da eskualde batetik bestera alde handiak daudela, baina munduko herrialde txiroenak barne hartzen dituzten heinean oso neurgailu egokia eskaintzen dute.

Herrialde aberatsen eta multinazionalen mesedetan business as usual sustatzen duen ENEren kalkuluak izaki, World Energy Outlookek aurreikusten ditu mundu osoan handituko diren elektrizitate eskariak, populazioaren eta jarduera ekonomikoaren hazkundeari lotuta. Horren arabera, Hegoaldeko herrialde txiroetan energia eskaria izugarri handituko omen da datozen urteetan, aberatsen aldean apal segitu arren.

Aldiz, ENEk eskari berriak gehienik iturri fosiletatik asetzea aurreikusten duen bitartean, Lurraren Lagunek kalkulatu dute herrialde txiroek falta duten energia hori guztia berriztagarriek hornitzea, horretarako erabiliz era deszentralizatuan antolatutako iturriak, bertako gizarteen kontrolpean antolatuak.

Garapen bidean diren herrialdeek energia asko eskuratu dezakete eguzkiaren eta haizearen indarretik, haize erroten eta panel fotovoltaikoen bidez, horiek metatzeko azpiegituraz osatuta. Hidraulikoari dagokionez, turbina txikiez landa dagoenekoz eraikita dauden urtegiek sortutako energia kontabilizatu dute, berririk eraikitzea aurreikusi gabe. Zenbait lekutan geotermiaren ahalak ere sartu dituzte kontuetan.

Informeak nabarmentzen du mingarriki injustua dela munduan 90 enpresa handi direnean klimaren aldaketa eragiten duten isurien bi herenen errudunak, horien etekinetatik aberastu den “munduko populazioaren  % 0,00001ak beretzako gordeta edukitzea klimaren hondamendia konpondu lezakeen aberastasuna”.

2011n International Forum of Globalisation elkarteak plazaratu zuen ildo beretik Outing the Oligarchy (Oligarkiari mozorroa kenduz) ikerlana, zeinetan izen-abizenez markatzen baitzituen klimaren krisian erantzukizun berezia duten 50 aberats handiak.

Amerikako Estatu Batuetakoak, israeldarrak, errusiarrak, europarrak, txinatarrak.... beroketa globalaren supiztaileok ez ditu ezagutzen oinezko herritarrak, kenduta bere ongile irudia ondo landu duen Bill Gates. Baina Carlos Slim, Lakshmi Mittal, Roman Abramovitch, Bernard Arnault eta abarrek, beren konpainietako batzuekin planeta berotzen dute eta berenak diren hedabide eta espektakulu korporazioekin herritarrak despistatzen sakoneko arazotik.


ASTEKARIA
2015eko abenduaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


Lehen aldia da klima larrialdiaren harira estatu bat zigortzen duela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak

Suitza zigortu du Estrasburgok, estatu horrek bideraturiko klima politikak adindunen eta oro har herritarren osasun eskubidea zangopilatzen duelakoan. Ebazpena txalotu dute talde eta norbanako ekologistek eta diotenaz, ondorioak izanen ditu gainontzeko estatuengan ere, besteak... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


Eguneraketa berriak daude