Historian zehar, sarraski larrienak askatasunaren izenean gauzatu dira. Balentriarik miresgarrienak ere bai.
Hitlerrek Polonia inbaditu zuen herri alemaniarrentzako hil ala biziko gunea (lebensraum famatua, gure artean ulertzeko) lortzeko ahaleginean. Askatasuna, azken finean, ia giltzapeturik bizi omen zen nazio handi batentzat.
Nazioarteko Brigadak Gerra Zibilera etorri ziren Errepublika defendatzera, antifaxismoaren keinu erromantikoz, askatasunaren banderapean. Frankismoaren azken hatsetan Jarchak sortu zuen ereserkiak Libertad sin ira izenburua zeukan. Ezin zuten imajinatu 30 urteren buruan UPNk askatasunaren aldeko ereserki bera erabiliko zuela 2007ko “Nafarroa ez da saltzen” lelopean eginiko manifestazio erraldoi xelebrean.
ETAk Euskadi Ta Askatasuna esan nahi du. Bere atentatuen aurka Libertad Ya erakundea sortu zuten.
Garai batean (agian gaur ere) Espainia bazen bat: handia eta librea!; beste askok Gora Euskadi Askatuta aldarrikatzen zuten (duten) bitartean.
Berlusconik bere lehen hauteskundeak irabazi zituen Polo delle Libertà deitzen zen koalizio baten bitartez. Italiatik atera gabe, askatasun hitzarekin inoiz konposatu den abestirik zirraragarrietariko batek Bandiera rossa izenburua dauka: “Evviva il comunismo e la libertà!”.
Askatasun-gabetzea da norbait espetxera bidaltzen dutenean erabiltzen dugun eufemismoa. Askatasuna benetan zer den dakien norbait baldin badago... presoa da. Ez beste inork, Andres Calamaroren abesti baten aburuz.
Googlen libertad hitza jartzen baduzu, lehen sarrera da Libertad Digitalaren webgunea. Ba al dago kontraesan sakonagorik? Askatasuna tekleatuz gero, Berriozarko kale bat, Iruñerriko putetxerik ezagunenaren atzealdean dagoena. Prostituzioa, gure garaiko –eta lurreko– esklabotasuna. Freedomekin proba egiten badugu, Youtuben sartzeko aukera. Hau al da geratzen zaigun askatasuna?
Gauzak horrela, askatasun edozer gauza izan daiteke, baita kontrakoa ere. Sarritan, hain justu, bere jatorrizko esanahiaren kontrakoa.
Agian, hipotesi honekin bat etor daiteke Iruñeko Conde Rodeznoren plaza birbataiatzeko azken ahalegin sutsua. Askatasun plaza, Serapio Esparza arkitektoaren ordez.
Askatasuna, beraz, Mola eta Sanjurjoren gorpuei ohorea egiteko, ala guztiz kontrakoa adierazteko? Nork daki... Zer da askatasuna? Plaza hori ez da libre izango (eta Iruñea bera ere ez) mausoleo tetriko hura suntsitu arte.
Ez dakit Serapio Esparza gaixoak Iruñeko plaza bat merezi ote duen. Aldiz, argi eta garbi daukat askatasunak ez duela plaza hori merezi.