argia.eus
INPRIMATU
Zoritu gabe hirotu
Jakoba Errekondo 2015eko azaroaren 26a
Gurbitza (Arbutus unedo).
Gurbitza (Arbutus unedo).

Fruitu sasoi nagusia den udazken hasiera honetan, nahi gabe ere etengabe datorkit larruazalera trogloditatasuna. Milaka urtean mantendu gaituen makina bat fruitu seko ahaztua dugu. Eta ikusi, eskuan hartu eta ahoratu orduko gogoa bahitzen didate. Ahal dudanero egiten saiatzen naiz; nahita kordea galtze hori bezalako estasi gutxi ezagutzen dut...

Mizpira da fruitu horietako bat, Mespilus germanica. Berezko mizpirarik ez dut ezagutzen. Inoiz jakiterik ez dut lortu, baina hazitik erabat antzua ote espezie hau? Mizpira izatekotan beste landareren baten gainean txertatutakoa behar du: irasagarrondoa (Cydonia oblonga), elorri zuria (Crataegus spp.), udareondoa (Pyrus communis), maaltza (Pyrus cordata), mizpirondo japoniarra (Eryobotria japonica), nashi udareondoa (Pyrus pyrifolia) eta gurbea (Sorbus domestica). Mizpirak ez du helduta irauteko ohitura; ia ondu aurretik usteltzen hasten da. Zoritu gabe hirotzeko joera horrek ez du, ordea, fruitua alferrik galtzen: usteltzen ari denean da gozoena; gaur egungo ahosabaietarako harrigarri gerta daiteke, baina ahozurienentzat apeta da.  

Mizpira eztitzen zaion gurbeari “udalatxa” edo “udalatza” ere deitzen zaio; udare makatzarenaren edo maaltzarenaren antza badu, baduenez, haren fruituak. “Gurbia” deitzen dionik ere bada. Baita azpila edo maspila ere. Sagarminari edo sagar makatzari (Malus sylvestris) ere “gurbea” deitzen zaio. “Gurbitza” deitzen dugu guk etxean, beste batzuek aagorria, animania, burbux, burbuza, kaudana, garangorria, gurbiote, gurriote, kurkuxa eta kurpitza deitzen duten Arbutus unedo. Guretzat maspila da “azpila” eta “basagurbea” ere esaten dioten Sorbus torminalis. “Zurbala” ere deitzen zaio horri, eta bere igaliari “zurba”; hortik zurbaran, zurbano, zurbaranbarri... Haren bestengusu otsalizarrari (Sorbus aucuparia) “udalatxa” deitzen zaio, baita atsolizarra, ostalizarra, txoriegurra eta ustaina ere. Hostazuria tartekoa dute, Sorbus aria. Eta arrosaren familia  bereko elorriak, arkakaratsa... Eta abar. 

Denak, garai bateko fruituak. Iraupen laburrekoak, baina udazkenean ahosabaia egitekotsu bihurtuko dutenak. Zirrara sakona sortu eta gogoa bahituko dizutenak.