Gorabeherak eta bi marmar

“Hi lasai motel, eser hadi nire ondoan eta nik esango diat zer idatzi behar duan”. Halatsu bota zidan Inesek, oharturik urduritzen hasia nintzela bertsolaritzaz arrastorik eduki ez arren ARGIAkoei baietza eman nienetik, baietz, egingo nituela Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako kronikak. “Hik begira ezak aurrera. Gero atzera. Gero ezkerrera eta gero eskuinera. Lau horma hauen artean ez zagok bertsolaritzaz nik adina dakien bihankakorik”. To. Eta hori, aretoan 1.200 lagun inguru zeudela kontuan hartuta –bozgorailuetatik Katamaloren diskoa ia osorik entzuten–. Inondik ere, garai onak dira errimarentzat. “Periferia hau? Peria-ren tankera gehiago hartzen zioat nik”, ostera ere, zorrotz, lagunak. Zalantzati konbultsibook asko estimatzen dugu inguruan kategorikoki mintzatzen den jendea edukitzea. Ideiak argitzen laguntzeaz gain, izugarri dibertigarriak izan ohi dira. 

Zer moduzko saioa joan zen? Gorabeheratsu samarra. Gaztelumendi –kamiseta ezin dotoreagoa soinean– une txispatsuak eta behartu samarrago batzuk tartekatzen aritu zen saio osoan, eta, kartzelan, borobildu ezinik. Lizarralde, kantakera lagun, bizi eta fresko. Alaia Martinek ez zuen distirarik egin kartzelakora heldu arte, baina egokitasunak puntu dezente eman zizkion. Laburu iruditu zitzaidan seietan gatzdunena, ideietan asmotsu eta ohi duen errimategi zorrotza erabiliz –“txin-pun” edota “bua, bua, bua” errimak modu errespetagarrian erabiltzea lortu zuen, pentsa–. Iguaranek izan zituen une oso on batzuk –zortziko txikian berak egin zuen saioko ofizio onena Labururekin batera–. Jon Martin, azkenik, ez zen bereziki inspiratuta aritu, kartzelan gora egin bazuen ere. Bertsolarien doinuak baino gertuago sentitzen nituen Inesen hitz irmoak, ordea. Eta esan zizkidanen artean, bi marmar nagusi:

A marmarra: puntua jarrita erantzuteko ariketan, Inesi iruditu zitzaion bertsoaldien kalitatea zuzenki lotua egon zela puntuaren kalitatearekin. Gaztelumendiri aberastasuna jarri zioten hizpide, Alaia Martini erretiroa eta Jon Martini odola ematearen auzia. Gaiari buruzko topiko bat izan zen hiru kasuetan puntua. “Horri zer arraio kantatu behar diok? Nola sortuko duk zerbait kreatiboa hain justu kreatibitatearen antipodetan dagoen topiko puska batetik? Inork ez dik horrela hitz egiten, ezta igogailuko elkarrizketetan ere. Gai orokorrei buruzko esaldi eginak puntutzat jartzeari uzteko garaia diagu, erredio”. Ez nion kontrarik egin. 

B marmarra: hala zioen kartzelako gaiak: Egunero leku eta ordu berean ikusten zenuen hura gaur ez dago. Bertsoak entzun ahala, purrustaka hasi zen Ines. “Dena libre ala zer? Erdiak baino gehiagok gertuko baten heriotzari kantatu ziok, eta lasai gelditu dituk. Egin ariketa alderantziz: entzun kartzelako bertsoak gaia jakingo ez bahu bezala, eta saiatu gaia asmatzen. Bakarrarekin ere ez huke urrundik ere asmatuko”. Esan nion ez izateko patxikontra, gaia abiapuntu soila dela eta bakoitzak nahi duen norabidea emateak aberasten duela ariketa hori. Ez zion graziarik egin komentarioak. Gauza bat dela abiapuntu izatea, eta bestea gaiari kasurik ez egitea. “Egunero leku eta ordu berean jende oso gutxi ikusten duk. Oso toki jakinetan ematen duk baldintza hori: autobus geltokietan, lantegiko erreleboan, okindegian... gaia berez baduk nahiko irekia, eta bertsolariek are gehiago irekitzen ditek. Lehen bertsoa gaian koadratu nolabait, eta hortik aurrera libre, nahi dutenaz kantatzeko. Horrek ez dik balio”. 

Hurrengo saioan ere bere ondoan esertzeko baimena eman zidan. 

Gipuzkoako Bertso Txapelketako finalerdia

Zarauzko aritzbatalde, azaroak 22

Sailkapena: Alaia Martinek (504 puntu) irabazi du eta zuzenean sailkatu da finalerako. Bere atzetik geratu dira, hurrenez hurren, Agin Laburu (496), Ander Lizarralde (455,5), Jon Martin (451), Beñat Iguaran (445) eta Unai Gaztelumendi (441)


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude