“Gobernuak planteaturiko bortizkeria sistemiko eta instituzionala bizi dugu”

  • Isilean atxiki nahia plazaratzen dabil Viviane Michel. Ahal duen aldi oro galdera berdina luzatzen dabil: “Nolaz hainbeste emakume autoktono desagerturik edota erailik? “. Erantzuna argi du: arazoa sistemikoa da eta kolonizazioaren emaitza da. Baina erantzuleen ahotik entzun nahi du erantzuna. 

“Anitz emakume doaz komunitateetatik, anitz dira ere droga kontsumoan erortzen eta horren haritik prostituzioan. 1.186 emakume desagerturik ala erailik”.
“Anitz emakume doaz komunitateetatik, anitz dira ere droga kontsumoan erortzen eta horren haritik prostituzioan. 1.186 emakume desagerturik ala erailik”.

Erronkak autoktono gisa, erronkak emakume gisa eta bi identitateak batuz, erronkak emakume autoktono gisa.

Bai, argi da. Bi zapalkuntza horiek pairatzen ditugu egunerokoan. Adibide argienetarikoa dugu emakume autoktonoen desagerpenena ala erailketena. Autoktonoak gara eta gainera emakumeak. Arazo honen berri ematean diskriminazioa eta arrazismoa jasotzen ditugu erantzun gisa. 

30 urtez, 1.100 emakume autoktono erailik ala desagerturik Kanadan.

1.186 hain zuzen. Problematika larria dugu hori eta ezingo dugu konpondu gobernuak egoerari serioski begiratuko ez dueino. Badu urteak inkesta publiko bat eskatzen gabiltzala, argitzeko nolaz eta nola neska autoktono gazteak desagertzen diren. Inkestak argira ekarri lezake ere komunitateetako egoera orokorra: gainpopulazioa, etxebizitzen urritasuna, bortizkeria eta abar. Guztia lotua da, anitz emakume doaz komunitateetatik, anitz dira ere droga kontsumoan erortzen eta horren haritik prostituzioan. 1.186 emakume desagerturik ala erailik. Eta haien buruaz beste egiten dutenak, zer? Erantzunik gabeko desagerpenak dira horiek ere. 

Kanadako Jendarmeriaren zenbakiak dira horiek. 

Iaz plazaratu zituen zenbaki horiek. Baina adibidez, Quebeci doakionez, zenbakiak oso ñimiñoak ziren, haien zenbakia anitzez gainditzen dugu. Dena dela, guk ez dugu ikerketa kuantitatibo bat nahi, zenbaki gehiegi daude. Bizi batzuez ari gara, lapurturiko bizi batzuei buruz! Bizi horietaz hitz egin nahi dugu, desagertu eta erail horien familiei buruz. Drama horien gibelean gordetzen diren arazoei buruz hitz egin nahi dugu. 

Arazoa sistemikoa da.

Argi da eta kolonizazioaren emaitza da. Gure bizia ez da gure esku, gure bizimodua ez da gurea, antzeztuz bizirauten saiatzen gara. Gobernuak planteaturiko bortizkeria sistemiko eta instituzionala bizi dugu egunerokoan.

Barnetegien gertakizun lazgarria ezin ez aipa.

Kolonizazioaren historia ezin dugu aipatu barnetegien desmasia aipatu gabe [1820 urtetik 1996 urtera, Kanadako gobernuak autoktonoen umeak familiei bahitu eta barnetegietan ezarri zituen, haien asimilatzeko eta ebanjelizatzeko]. Hamabost ala hogei urte pasatzen zituzten bertan umeek, haien familietarik erabat urrundurik. Eraso fisikoak, psikologikoak eta sexualak jaso zituzten. Haien hizkuntzaz hitz egitea debekatua zitzaien. Haien larrua torratu behar zuten, zuria bilaka zedin. Ikaragarriko kolpea zen barnetegiena. Gobernuak gure desagerpena zuen xede, genozidioei pentsarazten dit. Barnetegietatik itzultzeak ere drastikoak izan ziren, umeek gurasoekiko amorrua eta aiherkundea bizi zutelako eta gurasoek berriz kulpabilitate sentimendua zutelako.

Baina diozun gisara, zeini interesatzen zaio zuen errealitatea?

Horregatik ere legoke interesgarria inkesta publikoa. Lehen Nazioek dutelarik zer edo zer adierazten, inor ez delako parean, gurea entzuteko ala mezua pasarazteko. 
Erailketen %60 eta desagerpenen %70 hirietan gertatzen dira, gutxiengoa berriz komunitateetan. Erasotzaileak nor dira?
Nahiko nuke erantzuna jakin. Azken hogei urteetan problematika berri batzuei aurre egin behar dugu; hirietan antolaturiko emakumeen salerostea da horietariko bat. Kitorik den bortizkeria bati zabaltzen dizkio ateak eta bistan da, emakume autoktonook jopuntu hoberena gara harrapari horientzat. Adibidez, Kichianchigi komunitateko bi neskaren desagerpena proxeneta batzuek burutu zutela argitu digu berriki Justiziak.

Nola doa justizia? 

Oso poliki, polikiegi. 

Gobernuak zergatik ez du inkesta publikorik nahi?

Inkestak erakutsiko lukeelako Kanadak ez dituela Lehen Nazioei begira dituen betebeharrak betetzen. Ahantziriko eta lurperaturikoa den populua gara. Ez dut biktima batentzat pasa nahi. Badu mendeak ezagupena aldarrikatzen gabiltzala, eta oraindik gabiltza aitortzarik gabe.

Autodefentsa estrategiak zein dituzue?

Problematika horri buruzko sentsibilizazio eta hezkuntza lan handia egiten dabiltza anitz emakume. Martxak, manifestazioak, tailerrak. Autodefentsa tailerrak ere egiten dira komunitate batzuetan. Autoktonoen esku ez diren egiturekin aliantzak egiteko asmoa ere hor dugu. Desagertuen ala erailen familiak elkartu ziren iragan apirilean. Oso positiboa izan zen topaketa. Noski, haien pena elkarrekin partekatu ahal izan zuten. Baina, ez genuen terapiari mugatu nahi, sare bat osatu zuten haien artean. Urrats-bide judizialari buruzko aholku eta jakintza partekatze anitz izan zituzten. Elkartekoei ere gomendio batzuk eman zizkiguten. Haien toki propioa ukan nahi dute borroka honetan, gurekin batera ibili nahi dute. Ez dute nahi haien izenean mintza gaitezen. Horretan gabiltza. 

Iratzarria

Lehen alaba sortu ondoren sartu nintzen Quebeceko Emakume Autoktonoen Federazioan. Emakume autoktonoon erronkez ohartu nintzen orduan. Ordura arte ez nekizkien, ala zerbait entzun arren, horiei buruzko kontzientzia ez zitzaidan oraindik iratzarria.


ASTEKARIA
2015eko azaroaren 22a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri indigenak
Orellanak arrazoi zuen

XVI. mendean Francisco de Orellana espainiar konkistatzaileak Amazonas ibaian gora nabigatu zuenean, ibaiaren alde banatan hiri handiak zeudela esan zuen. Inork gutxik sinistu zion orduan, eta are gutxiago hurrengo mendeetan, konkistak berak suntsitutakoaren arrastorik aurkitu... [+]


2023-12-31 | Leire Artola Arin
Melvin Picón, Guatemalako jatorrizko herrien lurren defentsan:
“Proiektuak geldiarazi ditugu, komunitateak zortzi urtez egon direlako erresistentzian”

Melvin Picón (Coban, Guatemala, 1979) maia q'eqchi' komunitatekoa da, eta Guatemala iparraldeko Alta Verapaz departamendutik etorri da Euskal Herrira, Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean. Jatorrizko herrien defentsarako hamaika elkarte eta... [+]


Ahots autoktonoak

Joan den martxoaren 23an, Seuil frantses argitaletxe ospetsuak abiarazi zuen literatur sail berri bat, “Ahots autoktonoak” deitua. Un livre dans ma valise (Liburu bat nire balizan) webgunean, Laurence Baulande sailaren zuzendariak azaldu zuen orduan egitasmoaren... [+]


Gutxienez 34 ekintzaile indigena atxilotu dituzte Etxe Zuriaren aurrean, Leonard Peltier presoa askatzeko eskatzeagatik

Peltierrek 47 urte daramatza kartzelan, FBIko bi agente hiltzea egotzita. Presoak beti defendatu du bere errugabetasuna, eta nazioarteko hainbat erakundek eskatu izan dute bera aske uzteko.


2023-09-01 | Ilargi Manzanares
Haserrea piztu du Argentinako telebista batean bi indigenari emandako tratuak

Kantuta Killa eta Wari Rimachi, Ayllu Mayu Wasi komunitateko bi indigenari barre egin zieten Bien de mañana programan. Erasoak salaketa asko eragin ditu, eta programak barkamena eskatu behar izan du.


Eguneraketa berriak daude