Joxerra Aizpurua eta Jabier Agirre kolaboratzaileek “itxita” kartelak zintzilikatu dituzte osasunaren, zientziaren eta teknologien sailetan. Urteetako kolaborazio finkoak 2015a izan du amaiera data. ARGIAk astez aste emandako konfiantzagatik eskerrak emateko modua da hau.
1990eko hamarkadan hasi ziren lehen testuak ARGIAra bidaltzen, beren izenez sinatuta behintzat, aurretik Agirre bera ibilia baitzen ZERUKO ARGIAn Basajaun goitizenarekin. Astekariarekin biek ala biek duten harremana aspaldi piztutakoa da. Batak bezala besteak etxean, umetan ezagutu dute (ZERUKO) ARGIA. Joxerra Aizpurua 1993an Elhuyarren lanean ari zela hasi zen zientziaz eta teknologiaz astekarian lehen testuak sartzen, eta Jabier Agirreren pausuak, berriz, oraindik ere ZERUKO ARGIA zela egin zituen lehenak, kirol-medikuntza euskaraz zabaltzeko asmotan.
Hemendik aurrera, pausoak moteldu baino ez dira egingo, ordea. Norberak bere gaiei jarraiki idazten jarraitzeko asmoa daukate. Aizpuruak dio “asteroko entregak sortzen duen presiotik askatuta”, baina ARGIAko Bata zuria erantzita blogean jarraituko du idazten, libreago. Eta Agirrek ere “beste euskarri batzuetara egokituz” baina osasunaren inguruan idazten segitzeko asmoa dauka.