Japonia, 1170. Minamoto no Tametomo samuraiak, etsaiz inguratuta eta irtenbiderik ezean, bere buruaz beste egin zuen sabelean ebakia eginda. Kroniketan harakiri-a edo seppuku-a aipatzen zen lehen aldia izan zen. Bere burua erritu horren bidez hiltzen azkena, oraingoz, Isao Inokuma izan da, 2001. urtean.
Harakiri eta seppuku sinonimoak dira: “sabeleko ebakia” esan nahi dute. Kanji edo zeinu berdinek osatzen dituzte bi hitzak, baina alderantzizko ordenan jarrita eta desberdin ahoskatuta. Japoniarrek seppuku nahiago dute, jasoagoa delako, baina atzerrian harakiri baldarra nagusitu da.
Suizidio mota dotorea nola izendatu argi egon ez arren, praktikan nola burutu behar den zehazki jasota dago, hamar arautan:
1. Janzkera. Beste mundura joateko kimono zeremoniala jantzi behar da. Kolorea suizidak aukeratu dezake, baina zuria hobesten da.
2. Tokia. Leku gomendagarienak tenpluak, norberaren etxea edo, besterik ezean, buru-hiltzailea giltzaperatu duten tokia dira. Suizida oholtza baxu soil batean jarriko da, parean zulo bat edo saski bat duela, burua mozten diotenean, pirritan joan ez dadin. Hobe da argi mehea erabiltzea, ikuskizun odoltsua arintzeko, eta intsentsua ere ideia ona da, erraien kiratsa estaltzeko.
3. Agur-poema. Erritua isiltasun zorrotzean egin behar denez, suizidak ez dauka azken hitzak ozen esateko aukerarik, baina poema bat idatzita uztea keinu dotoretzat jotzen da.
4. Lekukoak. Ganorazko seppuku orok lekukoak behar ditu, eta etiketaz jantzita agertu behar dute, gainera.
5. Laguntzailea. Buru-hiltzaileak aukeratzen du laguntzaile edo kaishaku-a. Protagonistak tripak ateratzen amaitu duenean, laguntzaileak burua moztuko dio ebaki irmo garbi batez.
6. Tresna. Katanak lan horietarako luzeegiak direnez, kodachi edo wakizashi izeneko ezpata laburra edo tanto izeneko daga erabiltzen dira.
7. Jarrera. Suizida japoniar erara eseriko da, ezpata parean eta laguntzailea atzean duela. Triskarantza hasi baino lehen, erreberentzia egingo die bertaratutakoei.
8. Ebakia. Lehen ebakia sabelaren beheko aldean egin ohi da, ezkerretik eskuinera. Bigarrena, behetik gora. Eta handik aurrera, arau bakarra dago: zenbat eta ebaki gehiago, hobeto.
9. Hiltzeko ukaldia. Suizida ahulduta dagoenean, burua aurrera makurtuko du, laguntzaileak angelu hobea izan dezan burua ebaki bakarraz mozteko. Laguntzailerik ez badu, lepoan ebakia egiten saiatuko da geratzen zaizkion indar apurrez.
10. Subjektua erraiak aterata eta burua moztuta dagoenean, gorpua erretiratu eta sarraskia garbituko dute. Baina lehenago, mirabe batek buru moztua erakusten die lekukoei, inork suizida hilda dagoela zalantza egiten badu edo.