argia.eus
INPRIMATU
Jo ta ke
Joanes Etxebarria 2015eko azaroaren 11

Dependentziari herra ukaitea eta independentzia aldarrikatzea ohitura bilakatu zaigu batzuei gazte-gaztetatik. Bi estatuen partez, Euskal Herriko gobernu baten menpe izatea nahiago genuke. Baina ttipitik sartua dugu buruan ideia hori, eta ez diogu sobera kasu egiten, ez segitu beharreko estrategiari, ezta gauzagarri ote den pentsatzeari ere.

Zigarreta ala zigarroari menpekotasun handia diot eta azken bost egunak batere piztu gabe iragan ditut. Garaipentxo bat izan da egun bakoitza. Porrot handia seigarren egunean bat piztu izana. Baina in-(eta)-dependentzia gora eta behera aipatzeko balio izan dit, eta pentsakor utzi nau.

Azkenean, menpekotasuna zein heinetara errotua den sentitzen baita, utzi nahi denean. Ez delarik fisikoa mentala da, eta ez dakit zein den okerrena. Menpekotasunarekin bukatzea eguneroko bataila da, bereziki ez denean konpentsazio prozesu bat abian ezarria. Erran dezadan duela urte batzuk hipnosiari esker zigarretak zurezko zotzekin ordezkatzen nituela. Estatuen kasuan, hirugarren estatu batek konpentsa lezake besteekiko dugun menpekotasuna. Baina hura heldu artean, zein zaila den loturetatik deslotzea, nahiz eta ez ukan ezta nikotinaren sentsazio lasaigarria ere.