Etorkizunaren aurka

Bi gertaerek atentzioa eman didate azken hilabete honetan: lehena, Arantza Quirogak –Euskadiko Alderdi Popularreko presidente zelarik– aurkeztu zuen proposamena, eta bigarrena, Kataluniako Parlamentean aurkeztu dutena. Biek dituzte ezaugarri komunak: bat, etorkizuna argitzeko ekimen ausart baten aurkezpena da, bizikidetza errazteko edota muga batzuk gainditzeko. Bi, ekimen bien aurrean antzeko erreakzioak eta erantzunak izan dira berauek geldiarazteko eta oztopatzeko. Biek dituzte paralelismoak.

Quirogak proposatu zuen Eusko Legebiltzarrean Askatasuna eta Bizikidetza lan taldea edo batzordea. Deigarriena eta ausartena hauxe izan zen: proposamena Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi guztiei –EH Bildu barne– zuzendu zitzaiela eta indarkeriaren “gaitzespena” eskatu beharrean, bere “errefus” garbia exijitzen zuen. Terminologia kontuak alde batera utzita, argi zegoen, eta horrela adierazi zuen Quirogak berak dimisioa aurkeztu zuenean, egungo egoera gainditu nahi zuela, Alderdi Popularra aldatzen saiatu zela bizikidetzarako tresna bihur zedin. Azken finean, bere asmoa Legebiltzarreko talde guztien arteko akordio zabala lortzea zen Euskadin askatasuna eta bizikidetza gidatzeko beharrezkoak diren printzipio eta baloreen bitartez. Zentzuzkoa bazirudien ere –eta ausarta, noski–, berehala etorri zen Madrildik erreakzio bortitza, erretiratzeko agindua –Quirogak berak aitortu zuenez– eta, berarekin, bere dimisioa eta Alderdi Popularraren jarrera mantentzea. Madrildik iritsi zena, hain zuzen ere, aurrera egiteko aukerak ixtea izan zen, arazoak bere horretan jarraitzea eta, beraz, etorkizuna oztopatzea edo atzeratzea –edo nahia, behintzat–.

Bestalde, Kataluniako Parlamentean Junts Pel Sik eta CUPek –gehiengoak, beraz– Kataluniako Errepublika sortzen hasteko lehen urratsa adostu dute. Ez dut orain akordio hori aztertuko, baina bai esango dut gehiengo parlamentario hori erantzuten ari zaiola irailaren 27ko hauteskundeetan hartutako konpromisoari eta, horregatik, ez zuela sorpresa izan behar.

Kezkatzen nauena da, berriro ere, Estatuak –Espainiako Gobernuak eta hainbat alderdi politikok– akordio horren aurrean aurkeztutako erreakzioa eta ematen ari zaion erantzuna. Alde batetik, argi dago Katalunia izango dela datorren abenduaren 20ko hauteskundeetako gai nagusia eta, horretarako, batzuek erabaki dute erantzuna “konpartituko” dutela, badaezpada ere; honela, inork ez du ez irabaziko ez galduko gai potolo honekin. Horrela ikusten dut nik Gobernuak, PPk, PSOEk eta Ciudadanosek azaldutako jarrera: Estatu gaia, denok bateratua –printzipioz, behintzat– eta denok Kataluniako Parlamenteko independentziarantz marraztutako bide orria gelditzeko prest. Erantzun desberdina –printzipioz ere– Podemosek edota Izquierda Unidak eman dutena, noski.

Esan digute legediak eskaintzen dituen aukera guztiak agortuko dituztela horrelako ekimenak aurrera egin ez dezan. Horrek esan nahi du, hasteko, Konstituzio Auzitegira joko dutela eta, gero, beharbada, Konstituzioaren 155. artikulua aintzat hartuta, Gobernuak, Senatuaren gehiengo absolutua bildurik, dagozkion neurriak hartu ahal izango ditu Kataluniako Erkidegoa bere eginkizuna nahitaez betetzera behartzeko.

Bistan denez, Kataluniaren etorkizuna gauzatzea oztopatu eta debekatu nahi dute. Edozein pertsonaren edo herriren etorkizuna Gobernuaren esku balego legez. Zorionez, etorkizuna auzolanean eraikitzen da.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Diferentziak

Datozen hauteskundeak bereziak dira, hauteskunde guztiak diren moduan; bat ez dela esaten diguten egunean izango da berezia, esaten digutenean “aurten gertatuko den guztia, gertatu da lehenago ere”. Asko erabakitzen omen dugu. Beldur pixka bat ematen du, ez? Zer? Zer... [+]


2024-04-14 | Diana Franco
Teknologia
Desinformazioaren jokoa

Askotan pentsatzen dut informazio larregi jasotzen dugula, eta, zeinen ondo bizi den ezjakintasunean. Hainbeste informaziorekin, pertsona xumeok botere ezberdinen helburuak eta horiei loturiko jokabideak ulertzeko ditugun aukerak inoiz ez bezalakoak direla dirudi. Baina ez da... [+]


Europa gainbeheran?

Europar Batasuneko (EB) Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak deituta daude datorren ekainerako eta iraupena 2029 artekoa izango da. Amaitzear dagoen legealdi honetarako, Ursula von der Leyen batzordeburuaren helburuetako bat zen Europa berdea sustatzea, baina xede hori... [+]


2024-04-14 | Gorka Menendez
Aste Santua eta ramadana

Urteak daramatzat nire herriko Elkarlaguntza Sarean militatzen. Bertako Etxebizitza Sindikatuan zenbait jatorritako jendea batzen gara eta komunitate musulman handia dago. Aurten, ramadana dela eta, Elkarlaguntza Sare osotik gau batean ramadan gosaria egin dugu. Eztabaida sortu... [+]


Eguneraketa berriak daude