Urria erditsutan eman zuen azken hatsa. Adiskideak ginen, aspalditik. Eritasun tzar batek beste mundura eraman zuen, garaizegi: ehunka kidek –Agergarai-Olaso, Berzaitz eta Bedaxagar sendiez gain, Euskal Herrian zehar askok– dolu dute gaur Dominika Agergarai ez dutelako gehiago Zuberoako xendretan gurutzatuko.
Badira jendeak, horrela, ez direnak sekula zinkurinaz eta auhenez entzuten. Umoreari eta arraileriari esker gainditzen dituzte zailtasunak eta saihetsean dauzkatenei are urrunago tematzeko kemena txertatzen diete. Alde horretatik Dominikak ez zuen parerik: zirtoak, bertsoak, gogoeta sakonak, kanta zaharrak eta berriak, azterketak, hitzak beraien zabalerarik eskuzabalenean erabiltzen zituen, biolentziari halatan bidea zerratuz.
Ingurua pozez josiaz, Zuberoako laborantza eta kultura alorrean sartu zuen atzamarra: Habia elkarteko lehendakari izan zen, Urdiñarbeko Musika Egunaren sortzaile, Muskildiko pastoraletan arizale, maskaradetan buhameen prediku idazle eta hondar urteotan, Azkorri ardi-gazta kooperatibaren eraikitzaile.
Saltsa zaporetsu guztietako zalia zen.
Umezurtz utzi gaitu.