Ipar Euskal Herriko Lurralde Kontratua prestatzeko, euskara lan taldeak hizkuntza biziberritzeko urrats kualitatiboen nahiz kuantitatiboen baldintzak definitu zituen 2014an. Ondorioz, Hautetsien Kontseiluak instituzio guztiei euskararen aldeko paktu bat adostea proposatu zien elkarrekin jokatzeko hiru lehentasuni begira:
• Frantziako Hezkunde Nazionalarekin negoziaketa burutzea, irakaskuntza eskaintza garatzeko.
• Helduen formakuntza profesionala diruztatzeko fondo komuna sortzea.
• EEPren urteko aurrekontua bikoiztea.
Urte eta erdi berantago, euskalgintzako herri mugimenduek lobby lan azkarra eginik ere, argi da helburua ez dela lortuko. Emaitza horietan buruzagi politiko bakoitzaren ardurak eta erantzukizunak ukatu gabe, huts egite horrek agerian uzten du Iparraldeko instituzio baten eskasia. Alabaina, politika emankorrak zutik ezartzeko arduradun politikoen borondatea ezinbesteko izanik ere, haren hezurmamitzeko tresna instituzionalik gabe ez da nahikoa. Tresna hori ukan gabe, nekez bidera daiteke hizkuntza politikak behar duen oldar berria. Nekez konbentzitu eta aurrera erakarriko dira hizkuntza politikan esku-hartze ekonomikoa duten gainerako instituzio mailak, Estatutik departamendura. Nekez sortuko da Hezkunde Nazionalarekin behar diren akordioak lotzeko indar harreman nahikoa. Nekez orokortuko da euskararen irakaskuntza normaltasun osoz, haur guztiei 10 urte barne eskaini beharko dieguna. Hots, Iparraldean euskararen egoerari buru egiteko hizkuntza politikak lurraldeko eragile instituzional indartsua behar du.
Heldu den udaberrian Iparraldeko herriko kontseiluen bozketaren ondotik sortu daitekeen Herri Elkargo bakarrak mirakulurik eginen duenik nehork ez du uste. Berez mugatua izanen baita, eskumen, aurrekontu eta funtzionamenduaren aldetik. Estatuko austeritate politikak beste erakunde publikoak bezala jasan beharko baititu. Horren giderrak hartuko dituzten buruzagiak ez baitira, behar bada, aski konbentzituak eta ausartak izanen, behar diren neurriak hartzeko edota lehentasunak definitzeko momentuan eztabaida politiko biziak izanen baitira. Luza daiteke ahulezien zerrenda, baina segur dena da lehen aldikoz, Iparraldearen izenean mintzatu eta aritzeko eragile politiko instituzionala izanen dela. Ondorioz, hizkuntza alorrean definituak diren lehentasunak eta adostuak diren bide orriak gauzatzeko orain baino aukera askoz gehiago izanen dira.