argia.eus
INPRIMATU
Hitzarmen ekonomikoaren aldebikotasun hutsala
Baleren Bakaikoa Azurmendi 2015eko azaroaren 04a

Ekonomia Hitzarmena, beste behin, auzitan dago. Espainiako Estatua zentralizatu eta modu bakarrekoa gura dutenek pribilegioa dela diote, bertan behera geratu behar duen pribilegioa, espainiar hiritar guztiek berdinak izan behar baitute eta berdintasun horren aurka omen doa Hitzarmena. Aldebikotasun legea balitz, hau da, berdinen artean eratutako legea balitz Ekonomia Hitzarmena, ez ginateke beldurrez egongo euskal hiritarrok. Baina Estatuak du eskumena eta EAEri eta Nafarroari lagatako zerga araua da, hemengo erakundeek kudea dezaten.

Bidenabar, azpimarratu behar da gobernu zentralari ordaintzen diogun Kupoa, solidarioa dela alde aunitzetik: Estatuak eratutako Funtsa Solidario delakoari %6,24ko ekarpena egiten zaio; Estatuak gordetako eskumenak finantzatzeko portzentaje bera ekartzen diogu; EBri Espainiako Estatuak ekarritakoaren %6,24 ordaintzen dugu, baina kasu honetan Hego Euskal Herriak EBtik guk jarritakoa baino gutxiago eskuratzen dugu, ez ordea Espainiako Estatuak; Estatuak zor publikoarengatik ordaindu beharreko interes erraldoien %6,24 gauzatzen dugu; azkenik, Kupoaren portzentajea gainbaloratuta dago, gure BPG eta populazio erlatiboa %6,24tik behera baitago (%6,14 eta %4,63, hurrenez hurren).

Hemendik, EAEko harremanak Estatuarekiko modu honetako aldebikotasunean oinarritu nahiak ez du etorkizunik eta hori ikusi beharko luke Urkullu jaunak. Estatu bateko azpi-estatua, kasuan EAE eta Nafarroako Foru Erkidegoa, eta Estatua bera ezin daitezke parean egon,  Estatua haien gainetik baizik. Horregatik auzitan jartzen digute Ekonomia Hitzarmena.

Ekonomia Hitzarmenak berdinen arteko adostasun itxura dauka bi herrialdeetako ordezkariek osatutako Batzorde Mistoan gauzatzen delako. Edozein izanda ere desberdintasuna, Batzorde Misto horretan argitzen dira diferentziak eta erdietsitako testua Estatuak onesten du eta berdin Nafarroak edo EAEk.

Horrela, itxuraz bederen, aldebikotasuna ematen da. Alta, hori gezurtatzeko nahikoa dugu 2002ra itzultzea. Izan ere, aurreko Ekonomia Hitzarmena, 1981ekoa, 2001eko abenduaren 31n amaitzekoa zen eta berri bat negoziatu. Negoziazio horrek ez zuen fruiturik eman eta gobernu zentralak, Aznar buru zela, indarrean zegoen testua luzatu zuen, Jaurlaritzaren eta hiru euskal aldundien gainetik pasaz. Luzapen hori gauzatu aurretik, EAJko zenbait eledunek esan zuten horrelako zerbait gertatzen bazen, gerra aitorpentzat hartuko zela: ez zen ezer gertatu.

Jokaera horrekin gobernu zentralak garden utzi gura zuen nork duen agintea. Nafarroak edo EAEk emaniko eskumenak bakarrik dituzte eta edozein unetan bertan behera gera daitezke. Hala ere, autonomia erkidego orok ez ditu eskumen berdinak, EAEk eta Nafarroak foru sistema gorde baitute.

Ibarretxeren Estatutu berriak ere horrelako zerbait proposatu zuen, baina badakigu nolako muturrekoa eman zion Estatuko Legebiltzarrak. Eztabaidatzen ere ez zuen utzi. Hor ikusten da Estatuko alderdi nagusien borondatea barne nazio arazoak konpontze aldera. 

Gaur egun ere, Jaurlaritza saiatu da Espainiako gobernuburuarekin solasten. Baina ez du erantzunik jaso. Horrek adierazten du zer-nolako jarrera duen “parekideak”. Beraz, aldebikotasunak jai du eta errealagoa da aldebakartasunetik jotzea, Kataluniaren aferan ikusten den moduan, Espainiak bakarra eta unibertsala izaten jarraitzen baitu.