argia.eus
INPRIMATU
Eragotzi dezagun gazteek emigratzea
Juan Mari Arregi 2015eko azaroaren 04a

Bistakoa da krisi ekonomikoak gazteak kolpatu dituela gehien. Belaunaldi oso bat deuseztatzen ari den krisia da, jendarte zaharragoa sorraraziko duena menpekotasun, desberdintasun eta bazterkeria sozial gehiagorekin. Milaka lagun eramango ditu pobreziara. Langabeziak gazteen %50ari eragiten dio –milaka euskal herritar–. Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera, Espainiako Estatuan 15 eta 29 urte arteko gazteen %15ek ez du ez ikasi ez lanik egiten. Lan egiten duten gazteen %71, berriz, behin behineko kontratupean dago, orduka lan egiten. Eta horietatik laurdenak ez du horrelakorik nahi. Lanbide Heziketa, enplegu tasa handiagoak lor ditzakeen arren, erabat abandonatuta egon da. Soldatak oso baxuak dira, gutxik gainditzen dituzte 700 euro. Non daude mileuristak?

Etxebizitza lortu ahal izatea, alokairuan nahiz erosita, ezinezkoa da gazte batentzat. EAEn etxebizitza baten alokairuaren batez bestekoa 732 eurokoa da eta Nafarroan 490 eurokoa. Aurten, lehen hiruhilekoan etxebizitzen alokairua %6 igo da EAEn. Eta etxebizitza erostea are zailagoa da, Hego Euskal Herrian batez besteko prezioa metro koadroko 2.015 euro baita; Ipar Euskal Herrian 3.000 euro. Gauzak hala, zaila da gazteak gurasoen etxetik irten eta etorkizunera begira bizitza proiekturen bat edukitzea. Gure gazteen emantzipazio adinaren batez bestekoa 30 urtekoa da, europarrena baino lau urte altuagoa.

Patronaletik eta gobernuetatik eskaintzen diguten soluzioa atzerrira lanera joatea da. Formula hori ez litzateke ohikoa izan behar. Euskal Herriak, beste herriek bezala, bere egiturak berritzea behar du, hezkuntzan, produkzioan eta lan arloan ere. Gazteria hemen errotzea behar dugu, atzerrira lan egitera eta bizitzera joan nahi dutenak errespetatuz. Ezin dugu emigrazio alternatiba hori orokorki eskaini. Enpresek, gobernuek eta erakundeek ardura osoa dute politika burutsuak aurrera eramateko, gazteek ez dezaten emigratzeko beharrik izan.