Besarkatzen zaituen bero garbia

  • Butanodun “katalitika”, aire beroa botatzen duten berogailuak, erradiadore zaharrak, kerosenoa barreiatzen duten estufak... Ezagun ditugu hotzari aurre egiteko manerak. Alta, zein da horien guztien artean osasungarri eta efizienteena? Ekosuako kideek dute giltza: etorkizunak sutondora garamatza bueltan.

Azken mende luzean mundu osoan aurrera eraman den baliabide energetikoen ustiaketak sekulako sarraski ekologikoa eragin du. Egun indarrean den ustezko garapen-ereduak krisi energetikoa darama besapean, eta, nahitara ala nahi gabe, naturaz haragoko ondorio humano, sozial eta ekonomiko latzak dakartza. Makro mailakoak, noski, baina baita ere gure egunerokoan, patrikan zein osasunean bederen, agerikoak direnak. Argiaren fakturak, besteren artean, ematen digu horren neurria.

Euskal Herriko dependentzia energetikoa %90ez gaindikoa da eta berton sortutako energia berriztagarria %8ren bueltan dabil. Lehenak eragiten duen kostu erraldoiari aurre egiteko efizientzia energetikoan urratsak emateko saiakerak ugari egin dituzte azkenaldian eragile, norbanako eta instituzio zenbaitek.

Horren adibide dugu Ekosua: energia aurrezten eta efizientzia areagotzen duten berogailu ekologikoak eta osasungarriak diseinatu eta komertzializatzen dituzte Argiñaritzen (Nafarroa) duten lantokitik. Ziur aski berogailu saltzaile batek baino gehiagok esango du bereak ere halakoxeak direna. Alta, Ekosuak eskaintzen duen etxea berotzeko sistema bakarra eta aitzindaria da Euskal Herrian.

“Berrikuntza”, baina, bost mendez gaindi dituen teknologia baten eskutik ekarri dute. Berogailu metatzaile zeramikoa Erdi Arotik Europa iparraldean erabiltzen den tradiziozko produktua da. Iberiar penintsulan dokumentatuta dagoen mota horretako berogailu bakarra Bergarako bat izan zen, tokiko jauntxo batek Karlos V. aren bidez ezagutu ondoren XVI. mendean erositakoa.

Bero ekologikoa

Biotzariko (Nafarroa) beren etxean hartu gaituzte Ekosuako Sara Herrerok eta Xabi Perezek, Axular txikia altzoan dutela. Atentzioa ematen du, jadanik hotza egiten hasi den arren, etxebizitza epelaren erdialdean nagusi den tximinia itxurako berogailu ederra itzalita ikusteak. Hortxe dago koska, ordea. Izan ere, ordubetez berogailua piztuta edukitzeak egun osorako epeltasuna bermatzen baitu.

“Gure produktua ezagutzera eman nahi dugu, jendeak etxea bero mantentzeko alternatiba jasangarri eta osasungarriak badaudela jakin dezan”, esan digu Herrerok. “Ipar Europan oso ezagunak dira eta han ikasi dugu guk, Alemania, Austria eta Danimarkako berogailu egile maisuen eskutik. Lehenik etxea nolakoa den ikusi eta haren isolamendua eta distribuzioa aztertzen ditugu. Hori jakinda estufa diseinatzen dugu, eta aukera asko ematen digu estetikarekin jolasteko. Artisau lana da eta astebetez egoten gara berogailua egiten lekuan bertan. Ez da di-da instalatzen den aparailu bat”.

Egurra baino ez du kontsumitzen, eta gutxi gainera. Erradiazio bidezko epeltasuna sortzen du. Horrek hormak eta lurra berotzen ditu inertzia termikoaren bidez, eta airea berotu ordez giroa goxatzen du zuzenean: “Berogailu hauekin, etxean sartzen zarenean berotasunak besarkatu egiten zaitu”.

Perezek ere ez du zalantzarik egiten: “Oso erosoak dira, egunean behin baino ez zaiolako bota behar egurra. Konbustioa ordubetekoa da, baina berotasunak egun osoan zehar irauten du. Goizean berogailua piztu, eta etxera iristean goxo aurkitzen duzu”.

Konbustioa motza izateak bizilekuaren segurtasunaren ikuspegitik ere badu garrantzia, berogailua berez segurua den arren, sua denbora laburrez piztuta egotea nahigabeak ekiditeko biderik onena baita. Gainera, oso errauts gutxi ateratzen dute –sutara botatakoaren %2 inguru– eta askoz gutxiago zikintzen da tximinia, oso tenperatura altua hartzen baitu, 800-900 gradu artekoa. Tenperatura horretan errautsa desintegratu egiten da eta oso hondakin gutxi isurtzen da airera.

Bero osasungarria

Etxe gehienetan erabili ohi den konbekzio bidezko beroak airea eta haren partikulak erretzen ditu, eta hori asko nabaritzen da giroan. Arnasari lotutako arazoak dituen jendearentzat desegokia da. Ekosuak darabilen erradiazio bidezko beroak, aldiz, ioi negatiboak botatzen ditu eta hori oso onuragarria da osasunerako. Konbekziozko berotasunak ioi positibo asko isurtzen ditu, eta horregatik egoten da giroa hain “kargatuta”. Asma arazoak, buruko mina eta abar izaten dira eragin nabarmenenak. Konbekzio bidezko berotasunarekin, gainera, beroa estratifikatu egiten da: aire beroa gorantz doa, eta freskoa behean geratzen da. Bero erradiatzaileak, aldiz, izpi infragorrien bidez berotzen du, eguzkiak bezala, eta epeltasuna uniformeagoa da airea ez baita apenas berotzen.

Finean, guztiok ezagutzen ditugun ohiko konbekziozko berogailuen aldean askoz ekologikoagoa da, askoz gutxiago kontsumitzen du eta askoz kutsadura gutxiago botatzen du erradiatzaileak.

Diru-laguntzarik gabe

Sistema honek burujabetza handia ematen dio erabiltzaileari. Hamar urtean behin zirkuitua garbitzea da behar duen mantenu bakarra. Artisau lana da berogailu hauek egitea, eta ez da negozio errentagarria zaharkitze programatuan, etengabeko mantentze beharrean eta erabili eta botatzeko produktuetan oinarritzen diren industria handientzat. 

Herrerok eman digu gakoa: “Estatuak efizientzia energetikoa diruz laguntzen omen du, baina harrigarria bada ere, sistema honen zabalpenak ez du laguntzarik jasotzen: EVErekin (Energiaren Euskal Erakundea) eta Nafarroako Gobernuarekin egon gara, eta azaldu diegu zer egiten dugun. Berogailuok ez dute argindarrik kontsumitzen, ez daukate botoirik, ez dute mantenurik behar... Baina ez dute diruz laguntzen ez duelako dirurik mugitzen eta ez delako negozio ona elektrizitate enpresentzat”.

Perezen esanetan, “ez da estufa batekin konparatu behar, etxe osoari beroa emateko sistema baita. Ezagutzen ez duenak garestia dela pentsa dezake, baina errealitatea kontrakoa da, oso azkar amortizatzen baita. Beste produktu batzuek galdara, iturgintza, erradiadoreak eta abar behar dituzte. Honen prezioan dena dago sartuta”.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude