argia.eus
INPRIMATU
Bahea: Leire Narbaizak Info7 irratian esandakoak
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2015eko azaroaren 04a

“Gure sektorea hiltzeko jaio bazen ere, eutanasiak hilko du edo hobeto esanda, lasai hiltzen utziko dute, uzten ari dira.
Bai, laster lanez aldatu beharko dut, hiltze luze honetan kabitu ezinda. Kontua da Euskal Herria ez dela euskalduna, gure ametsa ez dela bete; baina, hala ere, desagertu egingo gara. Poliki, atentzioa eman barik, ia inori ez diolako ardura helduen euskalduntzeak.

Gelak husten ari dira, mila arrazoi direla eta. Batetik garestia delako oso, prezioak eskandalagarriak dira gure hizkuntza, ofiziala ere badena, ikasteko. 8 ordu astean ikasturte osoan 400 eurotik gora dago. Ez ahaztu gaztelania ikastea EAEn doan dela, Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailaren eskutik. Euskara ez. (...)

Eta euskaltegiak hortxe daude, zain, Euskal Herrian oraindik premia gorria dagoelako; sektorearen agonia, ordea, ondo hasita dago, utzikeriaz, nagikeriaz. Ezkorra naiz, baina gremioko asko ere hala daude, errealitatearen lekuko garelako. ”