Agur Maltzaga, agur

INDEPENDENTZIA eta EAJ binomioaz denetariko iritziak entzungo dira: EAJk ez duela inoiz independentzia serio bilatuko; edo akaso bai, baina independentismoaren presio handia beharko duela horretarako; independentziarako unea ikusten duenean, orduan bai, jauzia emango duela…

Euskal Herrian independentzia oso urruti dagoela irudikatzen du egun independentistenak ere. Erabaki eskubidera hurbiltzen gara lantzean behin eta kito. ETAren ondorengora itxaron behar ei zen soberanismoan beste molde batez ekiteko, haren jardun armatuak elkarlana oztopatzen zuen eta. Eta hala zen, zalantza barik, baina  armak isildu ondoren elkarlan horren zantzurik ez da agertu, Gure Esku Dagoren ekimen oraindik nerabeetan ez bada.

Jeltzaleek Estatuarekiko beste itun bat bilatuko zutela agindu zuten 2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde programan, Madrilekin Kontzertu ekonomikoaren pareko kontzertu politikoa erdiesteko. Prozedura honakoa zen: Eusko Legebiltzarrean Autogobernu Lantaldea sortu, 2014aren amaierarako honek bere lana bukatu eta ondoren estatutu berri baterako testu artikulatua prestatu, 2015ean herritarrei kontsulta egiteko. Urriaren hondarrean iragarri zuen Joseba Egibarrek agindutakoa ez zela beteko, Lantaldearen lana luzatu dela eta ez dagoela denborarik testu arautua gauzatzeko.

Edonor ohar liteke, ostera, euskal herritarrek erabakitzeaz ari garenean, denbora kontua baino serioagoa eta sakonagoa dela arazoa. Egibarren gertukoa den Xabier Barandiaran jeltzale eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak berak argi zioen EHUko udako ikastaroetan: ez dago independentziarako baldintzarik, hainbat arrazoirengatik, baina funtsean ez dagoelako horretarako indarrik eta estrategiarik; garaiak aldatu egin dira, abertzaleen arteko elkarlan eta komunikazio eza eta beste hainbat arrazoirekin jantzi zituen bere esanak (ikus Luistxo Fernandezen uztailaren 7ko Sustatuko kronika).

GERNIKAKO ESTATUTUA hilda dago, esan zuen ELAk Gernikan 1997ko urriaren 19an. Sindikatuko idazkari nagusi ohi Jose Elorrietak, PPren garaiko Gobernuak estatutua betetzeko zuen asmo ezaren isla jartzen du Rodrigo Ratok –bai, egun ustelkeriagatik auzipetua den berak– INEMeko transferentziez orduan zioena: “Ez dira egingo, ez bizitza honetan, ez bestean” (Esan eta Egin, Joxe Elorrietari elkarrizketa.).

Euskal gizarteko aktore asko asaldatu ziren, baina ekitaldi hartan izan ziren EAJ, EA, HB, Ezker Batua, Zutik, Elkarri, LAB, EHNE eta beste hainbat erakundetako ordezkari. Zerbait berria  ereiten ari zen eta urtebete eskasera han izandakoek Lizarra-Garaziko Ituna izenpetu zuten. Honek porrot egin ondoren, Ibarretxe Plana ernetzen hasi zen eta honen lehen hondoratze zantzuekin batera garatu zen Loiolako prozesua. Elorrietak dio begi onez ikusi zituztela biak, Ibarretxerenaz ordea, laster ohartu zirela ezin zela urruti joan: “Denboraren poderioz, inolako planik ez zeukala konturatu ginen eta, beraz, ez zuela asmorik kutsu soberanistako helburu hori aliantza politika batean oinarritzeko”. Loiolako saioaz: “Ezker abertzalea ezin da gauza batean erratu. Ez du indar korrelaziorik, hori berak bakarrik lortzeko. Ezin du. Beraz, besteak ez dio emango. Euskal erabaki esparrua indar korrelazio arazo bat baita, batez ere”.

Ez dago oso garbi ezker abertzalea ohartu den orain ere bakarrik ezin duela, EH Bilduk oraintsu aurkeztu baitu Eusko Legebiltzarrean aurrera ateratzeko inongo aukerarik ez duen Kontsulta Legerako proposamena. Edo seguruenik badaki, baina orduan hobeto neurtu beharko luke txikira eta handira jokatzearena, behar baino lehenago ekimenik erre gabe.

Eta EAJk zein indarrekin lortu nahiko ote du estatus politiko berria? Eusko Jaurlaritzan PSE-EErekin du akordioa, Gipuzkoako Diputazioan koalizioan gobernatzen du harekin, eta Autogobernu Lantaldean PSE eta PP noiz hurbildu zain egon da, EH Bildurekin bakarrik abiatu nahi izan barik.

Zantzu gero eta gehiago daude: abertzaletasunaren bi adar nagusiak gero eta gehiago bakoitza bere aldetik ari da burujabetza estrategia berrien bila. Maltzagako gar beti ahul hori, pizten baino itotzen ari da ETAren ondorengo eszenatokian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
Heriotzaren merkatarien harrokeria

Moncloa jauregia, martxoak 18: industria militarreko elitea Espainiako presidente Pedro Sánchez eta Defentsa ministro Margarita Roblesekin bilduta. Azken lerroan, euskal ordezkaritza: Juan Ignacio López Gandasegui (Aernnova); Jokin Aperribay (SAPA); Carlos Azola... [+]


Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


Mbolo Moye Doole plafatormak elkarretaratzea deitu du, manteroen aurkako arrazakeria eta indarkeria poliziala salatzeko

Plataformak salatu du indarra neurriz kanpo erabiltzen dela migratzaileen eta arrazializatuen aurka, eta saltzaile ibiltarien aurkako jazarpena etengabe egiten dela, batez ere turismo handiko garaietan, oporraldietan.

Manifestazioa egingo dute ostegun arratsaldean, 19:30ean,... [+]


Eguneraketa berriak daude