Tea edari britainiarretan britainiarrena izan arren, te poltsatxoak AEBetan –eta txiripaz– asmatu zituzten.
XX. mendeko lehen hamarkadan, Thomas Sullivan New Yorkeko merkatariak latorrizko potoetan saltzen zuen tea, eta bezeroei lagin txikiak bidaltzeko tea zetazko poltsa txikietan sartzen hasi zen. Poltsatxoa bilgarri hutsa zen; Sullivanek espero zuen bezeroek lagina potoko tea bezala erabiltzea, hau da, bilgarritik ateratzea infusioa prestatu baino lehen. Baina bezero askok te poltsatxoa kontsumitzeko prest zegoen produktutzat jo zuten: ez zuten landarea poltsatik ateratzen eta edaria egun maiz egin ohi den bezala prestatzen zuten.
Bezeroek ezusteko asmatzailea zoriondu zuten, tea prestatzea askoz erosoagoa baitzen hari esker, eta jakina, produktua horrela prestatuta bidal ziezaien eskatu zioten. Sullivan, eskariak behartuta, te poltsatxoak merkaturatzen hasi zen.