Zergatik ez du sortu behar Hitler berri bat XXI. mendean?

  • XXI. mendeko europarrok pentsatu dezakegu etika mailan hobeak garela 1940ko hamarkadakoak baino, agian oker ulertu dugulako nazismoak eragindako Holokaustoaren mamia. Baina katastrofe baten aurrean egokituz gero, klimaren aldaketa gogor baten ondorioekin esaterako, ez ote gaituzte Hitlerrena bezalako soluzioek tentatuko? 

John de Nugent ultraeskuindar amerikarraren gunean ageri den argazkian, herritarrak tropa eta agintari alemanei ongi etorria egiten 1938an Austrian, herrialde hau Hitlerrek Alemaniarentzako hartu zuenean. Dio Timothy Snyderrek: “1938, 1939 eta 1940ko oper
John de Nugent ultraeskuindar amerikarraren gunean ageri den argazkian, herritarrak tropa eta agintari alemanei ongi etorria egiten 1938an Austrian, herrialde hau Hitlerrek Alemaniarentzako hartu zuenean. Dio Timothy Snyderrek: “1938, 1939 eta 1940ko operazioak prestaketa izan ziren, estatuak suntsitzeko esperientzia metatzea. Gero ekialdeko frontean gerra hasirik, bi aukera politiko sortu zituzten. Eslaviarrak animaliatzat irudikatuz, haien egitura politikoak suntsitzea justifikatu zen, gero Holokaustoa bururatzeko zonak sortuz. (...) Ez Holokaustoa bakarrik, Alemaniak krimen nagusi guztiak burutu zituen instituzioak eraitsi, hondatu edo ahuldutako lekuetan. Bost milioi eta erdi juduren hilketa, hiru milioitik gora gerrako preso sobietarrena eta partisanoen kontrako operazioetan hildako milioi bat zibilena... denak gertatu ziren estaturik gabeko eremuetan”.

Estatu iraunkor baten asmoa nekez izango da amets totalitarioak bezain erakargarri. Politika berdea inoiz izango ez den bezala lur beltzaren gainean odol gorria den bezain kitzikagarri”. Horrela mintzo da Timothy Snyder (Ohio AEB, 1969) historialaria, aurtenBlack Earth: The Holocaust as History and Warning(Lur beltza: Holokaustoa historia eta abisu moduan) liburua plazaratu duena.

The Guardian egunkariari bidali dio Holokaustoak bidaltzen digun ohartarazpenaren mamia: Hitler’s world may not be so far away, alegia, balitekeela Hitlerren mundu hura gaur guk hain urrun ez edukitzea.

Snyder doktorego tesian gidatu zuen irakasleak argazki bat erakutsi omen zion, nazien okupazio garaian Varsoviako apartamendu batean egina. Wanda J. zen, irakaslearen ama judua, alemanek ekin ziotenean judu varsoviarrak metaka hiltzeari lortu zuena familia salbatzea.

Wandaren familiari ere agindu zioten ghettoan babestea, baina  alde egin zuen laguntza eskatuz adiskideei, ezagunei eta azkenean baita ezezagunei ere. Ghettoa eta gero Varsovia osoa naziek erroetaraino kiskali zituztenean, Wandaren familia salbatu zen juduei lagundu zieten jendeen sen moralari esker.

“Gehienok uste dugu –dio Snyderrek– instintu moral horren jabe garela. Agian amets egiten dugu etorkizuneko katastrofe batean erreskatatzaile arituko ginatekeela. Baina estatuak suntsituko balira, lekuko erakundeak usteldu eta pizgarri ekonomikoak bideratu hilketaren alde, gutako gutxik jokatuko luke zuzen. Motibo gutxi daukagu pentsatzeko 1930 eta 1940ko europarren gainetik gaudela etikan, edo Hitlerrek halako arrakastaz aldarrikatu eta burutu zituen ideietara gutxiago makurtuko ginatekeela”.

Holokaustoa hasi zen hilketak baino lehenago, nazien oinarrizko ideiak herritar askoren artean sustraitzean. Hasteko, gizakiak ez daukala sen moralik, hori juduen asmakizuna dela. Gizakiak arrazen arteko borroka odoltsuetara kondenatuta daudela, arraza sendoenak eskuratu ditzan mugatuak diren natur baliabideak.

Lebensraum kontzeptua da gakoetako bat, gaur habitat edo txoko ekologiko esaten duguna. Alegia, arraza guztiak dabiltzala bizitzeko leku handiagoaren bila. Lebensraumek esan nahi du egongela ere, familiaren konforta eta ongizatea iradokitzen dituena.

Hitlerrek uste zuen jendearen atsegin eta segurtasun desioa ezingo zela sekula ase, alemaniarren nahia zelako Ipar Amerikarren mailan bizitzea. Horregatik sinplekeria da esatea Hitler juduen edo eslaviarren etsai izatera mugatzea. Horien etsaia zen horiek ikusten zituelako Alemaniak bere destinoa burutzeko oztopo. “Ekologia egoki bakarra zen etsai politikoa eliminatzea; politika egoki bakarra zen lurra garbitzea; helburu horiek lortzeko estatuak suntsitu behar ziren”.

Bizirauteko, pobreagoak hil 

Juduen masakratze orokorra naziek hasi zuten estatuen suntsiketa bikoitza jasandako eremuetan, Stalinen eta Hitlerren arteko tratuak hondoratutako herrialde baltikoetan, Ukrainan eta batez ere Polonian. Alemaniak tratua hautsi eta herrialde horiek bereganatu zituenean, laguntzaile antisemita asko aurkitu zituen sobietarren kolaboratzailetzat jotako juduak hiltzeko gosez. Era berean, soldadu zein polizia alemanak erraz ohitu ziren etsai gorrotatuak hiltzera.

Estatuak ahuldu eta desegindako zulo beltz horietan erraza zen juduak hiltzea, Alemanian bertan baino askoz gehiago hil zituzten. Aldiz, juduak salbatzen zituztenak sarri ziren jendeak estatu baten edo antzeko instituzio baten aldeko ideiak zeuzkatenak.

Paniko ekologikoa da beste gakoetako bat. Gerra ostean nekazaritza industrialaren iraultza berdeak erakutsi zuenez, teknologiak bazeukan ahalmena populazio gero eta handiagoak elikatzeko. Baina Hitler eta naziek erabaki zuten Alemaniak bizirauteko eremu zabalagoen beharra zeukala eta hala hasi zuten funtsean gerra koloniala izan zena.

“Hitlerren programak biologia eta desioa nahasten zituen. (...) Bizi maila eta bizitzea bera nahasten direnean, gizarte aberats batek gerra egin diezaieke herri pobreagoei bizirautearen aitzakian. Dozenaka milioi herritar hil ziren Hitlerren gerran ez alemanak bizi ahal izan zitezen, baizik eta alemanek American dream (amerikarren ametsa) alkantzatzeko borrokan”.

Timothy Snyderren aburuz antzeko aldi historikora ari gara hurbiltzen Mendebaldean. Janari faltarik ez da gaur egun, baina herrialde aberatsenak hasi daitezke kezkatzen etorkizuneko eskasiez. Herrialde aberats bateko liderrek zabaldu dezakete panikoa biharko balizko murrizketak direla eta aurretiaz jokatu, arazo ekologikoaren arazotzat giza talde bat markatu eta estatuak suntsitu, nahita edo nahi gabe, behin gurpila abiarazita.

XX. mendearen bigarren erdian etorkizunak gauza segurtatua zirudien. Konkurrentzian ziren kapitalismoak eta komunismoak biek agintzen zuten etorkizun oparoa. Baikortasun hura joan zen. Eliteetan bezala masen artean dena da nahasmen, kezka, etsipen, dilema. “Apokalipsia ageri denean ortertzean, soluzio zientifikoak bilatzea denbora galtzea dirudi, borrokak onargarria dirudi eta odolaren eta etnizismoaren demagogoak denen aurretik jartzen dira”.

Hitler, dio Snyderrek, lehen globalizazioaren semea zen, XIX. mendeko inperialismoek eraikiarena. Gu XX.eko amaierako bigarren globalizazioaren umeak gara. Duela 80 urte bezala, ereduak bere mugekin egin du topo.

Asteotan eztabaidatzen da planetaren beroketa, mendea bukatzerako 4 ºCkoa gerta daitekeena. “Litekeena da orain arte ezagutu ez bezalako ekaitzek, lehorteek, horiek eragindako gerrek eta migrazioek berotzea baliabideen segurtasunari buruzko kezkak eta Hitlerrena bezalako politikak onargarriago bihurtzea. Hitlerrek erakutsi zuen  gizakiek biharko krisi baten mehatxuagatik justifikatu dezaketela gaur bertan neurri drastikoak hartzea”.

Estres handi baten eraginpean, edo trebeziaz jokatuta, politikariek lortu lezakete nahastea Hitlerrek bezala natura eta politika, ekosistema eta etxeko erosotasuna, bizitzeko beharrezkoa eta kontsumitzeko irrikatzen duguna. Azkenean, konponezina dirudien arazo baten errua egozteko giza talde jakin bati.

Ipar Amerikatik idazten du Synderrek, jakinik han baino lehen klimaren erotzeak kalteak eragingo dituela Afrikan, Ekialde Hurbilean eta Txinan. Politikariei ohartarazten die Hitlerrena bezalako kalamitateetan ez bukatzekotan burutsua dena defenditu behar dela burrunbatsua dena baino gehiago. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


Heriotzaren merkatarien harrokeria

Moncloa jauregia, martxoak 18: industria militarreko elitea Espainiako presidente Pedro Sánchez eta Defentsa ministro Margarita Roblesekin bilduta. Azken lerroan, euskal ordezkaritza: Juan Ignacio López Gandasegui (Aernnova); Jokin Aperribay (SAPA); Carlos Azola... [+]


Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


Eguneraketa berriak daude