Lehen estatuaren azken gerra

San Marinoko kale bat, 1944ko ekainaren 26ko bonbardaketen ondoren. 
Hiri-estatua alemaniarrek inbaditu 
zuten orduan, eta hortxe bukatu zen 
San Marinoren neutraltasuna.
San Marinoko kale bat, 1944ko ekainaren 26ko bonbardaketen ondoren. Hiri-estatua alemaniarrek inbaditu zuten orduan, eta hortxe bukatu zen San Marinoren neutraltasuna.

San Marino, K.o. 301. Hiriak Erromatar Inperiotik bereiztea lortu zuen eta, ondorioz, munduko estatu subirano zaharrentzat jotzen da maiz, definizioak gorabehera. Baina titulu hori ez dator bat hiri-estatuak duen tamainarekin eta nazioarteko garrantziarekin. Europako estaturik txikienetakoa izanik (61 km2), gatazketan neutraltasuna atxikitzea ezinbestekoa izan du biziraupenerako.

Bigarren Mundu Gerran ere San Marino neutrala izan zen 1944ko uda arte. Mussolini erori ondoren, Reichak Italia iparraldea militarki kontrolpean hartzea erabaki zuen. Hori lortzeko bidean, alemaniarrek estatutxoarekin egin zuten topo eta ia nahi gabe eraso eta hartu zuten 1944ko ekainean.

Inbasioak ez zuen luzaroan iraun. Aliatuak penintsularen hegoaldetik aurrera egiten ari ziren eta, berehala, alemaniarrak San Marinotik alde egitera behartu zituzten. Itxuraz, inbaditzaileak atzera egiten ikusteak adorea eman zien sanmarinotarrei: Alemaniari gerra formalki deklaratzea erabaki zuten. 

San Marinon ez zuten espero alemaniarrek berriro aurrera egingo zutenik. Aste gutxiren buruan, Alemaniak tropak berrantolatzea lortu zuen eta aliatuak Italiatik egozteari ekin zion berriro. Helburu hori erabat lortu ez arren, aliatuen aurrerabidea mantsotu zuten eta zenbaitetan arerioek zertxobait atzera egitea ere lortu zuten. Estatu ñimiñoa tartean harrapatu zuten, berriro. Atzera nazien eskutan egonda, San Marinoko agintariei kemen guztiak joan zitzaizkien: Ardatzaren indarrei telefonoz hots egin zieten baldintzarik gabe errenditzen zirela eta gerra uzten zutela jakinarazteko. 

1945ean lortu zuten aliatuek San Marino alemaniarren atzaparretatik askatzea. Aurreko udako ikasgaia ahaztuta eta berriro ere alemaniarrak erretretan ikusita, sanmarinotarrak oilartu egin ziren. Telefonoaren entzungailua altxa zuten orduan, baina oraingoan gerra berriro formalki deklaratzeko. Tropa alemaniarrak jiratze hutsarekin sanmarinotarrak dardarka hasiko ziren, baina gainbeheran ari zen potentziak kezka larriagoak zituen. Gerra amaitzean, San Marinoren deklarazio ezdeusa indarrean zen oraindik. Hala, ahoberokeria kolpe haiei esker eta bestelako meriturik egin gabe, San Marino Bigarren Mundu Gerrako garaile ofizialetako bat izan zen.

San Marinok izan badu armada, baina garairik oparoenetan 1.000 kidera ere ez da iritsi. Mugazain lanak egiten dituzte eta polizia zibilari laguntzen diote zenbaitetan. Bestela, izaera sinboliko eta zeremoniala du gehienbat. Gerra berriro piztuz gero, Italiako armadak izango luke San Marino defendatzeko erantzukizuna, bi estatuek hitzarmen bidez erabaki bezala. Munduko estatu zaharrenak eta txikienetakoak ez luke potentzia militar indartsuei gerra deklaratzeko aukerarik izango. 


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude