Herri galdeketak orain, Euskal Herriko Ituna ondoren

  • Bi urte pasatxoko ibilbidea egin ostean, gogoeta prozesuan murgilduta dago Gure Esku Dago. Barne antolaketa, egitekoa, jarduera eta finantzazioa eztabaidagai. Azken helburuari begira jarri eta hara iristeko eman beharreko pausoak marrazten. Herri kontsultak abiatuko dituzte, eta ondoren herriz herri Euskal Herriko itun bat eraikitzen hastea da asmoa, denen artean finkatzeko non, zer, noiz eta nola erabaki behar den.

“Gizakatearen ostean, 240 bat lagun bildu ginen Gure Esku Dagoren (GED) etorkizunaz hitz egiteko”. Angel Oiarbide mintzo da, mugimenduaren aurpegi publikoetako bat, nahiz eta berak bere burua “GEDko kidea” gisa aurkeztu. Hiru fase aurreikusi zituzten: Ehundu, adostu eta erabaki. 2015ean jendartea ehuntzea jarri zioten helburu beren buruari. Ehunka kide oihalen ekimenaren antolaketan jarri ziren bitartean, ordea, martxotik mugimenduko 80 kidez osatutako Bizkarrezurra hausnarketa-taldeak txosten bat prestatu du. Aurrera begira hartu beharreko erabakien eztabaida da.

Estadioetako ekimenaren balorazioa egin ostean, irailaren 26an egin zuten publiko txostena eta prozesuari eutsi diote. Herriz herri eta teknologia berriek eskaintzen dituzten plataforma parte-hartzaileen bidez, eztabaidatzen eta ekarpenak jasotzen hasi dira. Behin betiko erabakiak azaroaren 21ean hartuko dituzte ez ohiko batzar nagusian. Aurrera begirako bidea finkatzen doaz horrela.

Pentsatu globalean, ekin lokalean

Jexux Olaziregi Baguesek hasieratik egin zuen bat mugimenduarekin. Ficoban egin zuten lehen aurkezpenetik konbentzituta joan zen etxera, Euskal Herriak halako zerbait behar duela pentsatuz. Eta berak, bertan ikusten zuela bere burua, Oiartzungo taldean. 

Talde polita osatu eta ekainaren 8ko giza katerako beren kilometroa betetzen egindako lan txukuna aipatu du Olaziregik. Iaz astero 6-8 bat lagun bildu izan dira, “taldearen erdia oso gaztea”. 

Taldea osatzean egindako bi ekintza nabarmentzen ditu: Sentsibilitate politiko anitzak biltzen zituen 200 bat oiartzuarrekin atera zuten argazki erraldoia, dinamika herrian ezagutarazteko baliatu zutena. Eta 1978tik gaur arte Oiartzunen zinegotzi izandakoekin egindako argazkia. Bertan ondorengo alderdietako kideak batu ziren: EAJ, ezker abertzalea (HB, ANV, EH Bildu...), Euskadiko Ezkerra, Ezker Batua, PSE eta Hamaika Bat.

Gure Esku Dagok Oiartzunen eigndako lehen ekintzetako bat, erabakitze eskubidearen aldeko argazkia.
Gure Esku Dagok Oiartzunen eigndako lehen ekintzetako bat, erabakitze eskubidearen aldeko argazkia.
240 batzorde lokal, herrialdeka

“Dinamika sortu zenean, 2013an, ez zegoen egiturarik. Adibidetxo bat genuen, Nazioen Mundua  dinamika. Juridikoki ere 2007an Idiazabalen sortutako kultur taldea, hori izan zen kimua ekintza nazionala egiteko. Diruzaintza gisako egiturak oso exkaxak ziren”, oroitzen du Oiarbidek. Mugimendua hazten joan da ordutik.

Egun, antolaketa aldetik, herrietako ordezkariak herrialdeka antolatzen dira eta batzarrak egiten dituzte hilero. Astero biltzen den idazkaritza bat izan dute, herrialdeetako batzarretatik iristen ziren proposamenak martxan jartzeaz arduratu dena. Herrialdeka, ekimen zehatzak prestatzeko, mahai teknikoak ere badituzte. 

Egitura honez gain, giza katearen aurretik, “beste guztiarekin batera, idazkaritzari pausoak ongi ematen ari ginelako zilegitasuna ematen zigun” beste gune bat sortu zuten: Adosgunea. Bertan zeuden sindikatuak, alderdiak, unibertsitateko jendea, enpresariak, kulturgintzako kideak... 50 bat lagun biltzen ziren.

Gure Esku Dago abiatu zen ikasturtean 130 herritan sortu ziren batzordeak, bigarrenean 240ra heldu dira. Euskal Herri osoan, baita diasporan ere.

Jexux Olaziregi Oiartzungo taldea ordezkatuz joan ohi da Gipuzkoako batzarretara, Tolosara. “Ia denetara joaten naiz, eta han hilero jende bera biltzen garenez, hasierako harreman militanteak harreman pertsonal izatera iristen dira”. Giro ona dutela nabarmentzen du.

Nora doa proposamena?

Bost hilabetez mugimenduko 80 kidek landutako eztabaida proposamena zabala dela dio Oiarbidek. “Ez genuen proposamen itxi bat eraman nahi, eztabaida eragin nahi genuen”. Azaroaren 21erako proposamen bat egingo du Batzar Orokorrean. “Txosten hori bide orri finkatu bat izango da, helburuak lortzeko geroz eta zehatzagoa”.

Galdetegian 0 - 1 - 2 botoak eman behar dituzte kideek, beren adostasun mailaren arabera. Hiru helburu proposatzen dituzte, adibidez:

    · GEDren helburua da euskal herritarrok dugun etorkizuna erabakitzeko eskubidea gauzatzea, eragile eta erakundeekin elkarlanean eta tokian tokiko borondateari helduta.

    · Helburu nagusi hau lortzeko prozesuak, berez, bestelako onurak ere ekarriko dizkio gizarteari (balore kolektiboak sendotzea, bizikidetza eta herri kohesioa hobetzea...) eta horiek dinamikaren helburu osagarriak izango dira. 

    · GEDn aniztasunari dagokionez, oreka bilatuko dugu, bai gure barne egituretan, bai gure jardueran. Aniztasuna modu zabalean ulertzen dugu, genero, adina, sentsibilitate ideologikoa, jatorri desberdinak eta abar, aintzat hartuta.

Hauen antzera, txostenean 62 proposamen egiten dira jarduera, antolaketa eta finantzamenduari buruz. Txostenean proposatzen den aldaketetako bat, egungo egituraz gain, eskualdeka ere antolatzea da.

Oarsoaldean, adibidez, Eskura prozesuaren eztabaida eskualde mailan planteatu dute. Lau herrik osatzen dute: Oiartzun, Lezo, Orereta eta Pasaiak. Pasaian, Donibanera baino ez direla heldu aitortzen du Olaizolak, eta horretan badutela non lan egin. Hala ere, dagoeneko taldeak osatuta dauden herriotan egutegi bat planteatu dute eta prozesuaren lehen batzarrak egin dituzte herri guztietan.

Atera ohi diren eztabaida edo ekarpenei buruz galdetuta, Olaziregik ikusten du orokorrean mugimenduan antzeko gaiak ateratzen direla. Ekintzak antolatzeko orduan proposatutako epeei buruzkoak, antolaketa ereduaren edo mugimenduko kide izateko sortu dituzte hiru figuren definizio eta kuotei buruz (sarekide, bazkide eta laguntzaile) edo antolaketa ereduaz. “Hala ere, esan behar da %90ean sintonian gaudela”. Emaitzak azaroaren 21ean aurkeztuko dituzte.

Pausoak ematen hasteko beharra

Sentsibilitate politiko ezberdinen arteko elkarlana. “Gauza asko hobetzeko daude, dudarik gabe, baina eman beharreko pausoak ezinbestean hasi behar genuen ematen. Aurrera begira eman beharrekoak ere lehenbailehen ematen hastea komeni zaigu”. 

Joan den ekainean, estadioak bete ez bazituen ere, bost hiriburutan milaka lagun batu zituen ekitaldian ondorengoa zabaldu zuen Oiarbidek berak: “Erabakiaren aroa hasten dugu gaur, dinamika honen fase definitiboa, behin betikoa; gaur hasi eta erabakiaren egunean amaituko den azken txanpa”. Zer esan nahi du horrek baina?

2014an Etxarri Aranatzen eta Arrankudiagan egin bezala, 2016an kontsultak egiteko asmoa adierazi dute herri eta eskualde ugaritan. Goierriko 22 herrietan, adibidez. Katalunia eredu hartuta, prozesua 2009ko irailaren 13an Arenis del Munt herrian egindako lehen galdeketan hasi zela ulertzen dute, eta hala, Euskal Herrian ere jarrera hori zabaldu nahi dute. 

“Baldintzak dauden lekuetan kontsultak abiatuko ditugu”. Mugimendutik herri galdeketen protokoloa ere prest dute. Bertan, 20 orriko dokumentuan informazio erabilgarria jaso dute, herriz herri egokitu eta aplikatzeko: galdeketa bideratzeko organoak, galdeketaren lurralde eremuak hautatzeko irizpideak, antolatu beharreko elkarrizketa eta eztabaida publikoak, boto emaileak, hauek egiaztatzeko moduak, galdeketaren leku eta ordutegia hautatzeko irizpideak, boto aurreratua, bozketa protokoloa mahaietan, zenbaketa eta segurtasun berme eta erantzukizunak. 

Olaziregik argi ikusten du Oiartzun herri horietako bat dela, eta gaiaren bueltan ari dira. “Baldintza objektiboak Oiartzunen eta eskualdeko leku askotan daude. Guztian egiteko ez dakit, baina prozesu honek erakutsiko digu nora goazen, eta ea zer baldintza berri sortzeko gai garen herriz herri”. 

Eskura txostenean proposatzen da tokian tokiko galdeketen parte hartzearen emaitzak “metagarriak” izan daitezen modua bilatzea, baita 2016 eta 2018 bitartean “ahalik eta kontsulta gehien” egitea ere.

Euskal Herriko ituna

Herri eta eskualde guztietan kontsultak egiteko baldintzarik ez dute ikusten GEDko kideek, eta gune horietan bereziki formazioa lantzen saiatuko dira: hitzaldi eta ekitaldiak beren helburuekin bat datozen baloreak sustatzeko. 

Horrez gain, beste ildo bat ere identifikatu dute: Erabakitzeko Adierazpenak. “Ikusten dugu badaudela askatu beharreko korapiloak eta adierazpen horien bidez horiek askatzen hastea da asmoa. Non, zer eta noiz erabaki? Galdera potolo horien inguruan hausnartzen hasi behar dugu”, dio Oiarbidek.

Euskal Herri osoko ituna nola irudikatzen duen argitu du beasaindarrak: “Herriz herri eztabaida hori ireki nahi dugu, topagunea eraiki. 2017an, adierazpen guztiak jaso eta herri honetan esanguratsua izango den mahai bat sortzea litzateke asmoa, Euskal Herri osoko itun bat egiteko zer, noiz, nola eta non erabaki behar dugun erantzuteko. Korapilo berriak ateratzen joango dira, baina horiek askatzen joan behar dugu, bidea eginez”.

Mugimendua ikergai AEBetan

Mugimenduari buruzko ikerketa egin dute Scensei ikerketa guneak eta Columbiako Unibertsitateak, GEDk eskatuta. “GED eta erabakitzeko eskubidea, iritziak, erronkak eta aurrera begirako gakoak” 36 orriko txostenean. 

Azterketa politikoa egiteaz gain, GEDren lanaz herritarrek duten pertzepzioa neurtzeko elkarrizketa eta inkesten emaitzak eman dituzte, lorpenak, ahulguneak eta gomendioak zerrendatuz. Lorpenetan nabarmendu dute “autodeterminazioari buruzko eztabaida aberastu” dutela, gizarte zibiletik sortutako ekimena dela eta “GEDk berak uste baino gehiago” markatzen duela agenda politikoa. Ahulguneetan mugimenduaren aniztasunaren inguruan gizarteko sektore batek duen pertzepzioa aipatu dute. Jendarteko sektore askotara iristea falta zaiola uste dute ikerketan parte hartu duten batzuek, eta ezker abertzalearekin lotura ikusten diote beste zenbaitek. Euskal Herriko lurraldeen arteko desorekak ere nabarmendu dituzte, baita hainbat mezutan erabilitako “anbiguotasuna” ere. Gomendioetan, bere ideietan sakontzea gomendatzen dute, mezua argitzea hainbat kontutan, aniztasuna zaintzea, bere mezuari egokitutako jarduna ezartzea, eta beste erakunde eta alderdi politikoekiko independentzia bermatzen jarraitzea. 

Jarrera aldaketa lantzen

“Eskozia eta Kataluniako ordezkarien jarrera hango gizarteen jarreraren isla da. Hemen gure ordezkariena ez bazaigu gustatzen, geure burua aztertu behar genuke, ea zein den gure jarrera ikusteko”. Oiarbideren ustez ez da utopikoa pentsatzea gizarte zibilaren jarrera eta exijentziak aldatzen badira ordezkari politikoena ere aldatuko dela. “Kataluniarrek erakutsi digute hala dela, egun han prozesua gidatzen ari diren ordezkariak orain bost urte zeuden berak dira. Baina beste jarrera bat daukate, beren ordezkatuen jarrera aldatu egin baita. Eta ordezkari izan nahi baduzu, edo herritarren jarrera barneratzen duzu ala oso zaila izango zenuke ordezkari izaten jarraitzea”. 

“Helburuen mailak adinako perspektiba behar dugu erabakitzeko eskubidearen alde gaudenok. Proportzionala. Helburu handiak badauzkagu, galderak behar du zer daukagun komunean. Dinamika gisa perspektiba hori daukagu, horregatik, mugimendua egituratzea komeni zaigu, hurrengo pausoak eraginkorrak izan daitezen”.

Oiarbidek argi du Gure Esku Dago ez dela ordezkarien aurka egiteko sortua, herritarren protagonismo sentimendua elikatzea helburu duen tresna baizik. Behin herritarrak ahaldunduta, ordezkariengan isla ikusi beharko dela sinesten dute. “Uztarri beretik joan behar dugu ordezkari eta ordezkatuek, eraginkor izan nahi badugu herri gisa, ahalik eta eragile gehienek”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gure Esku
Gure Esku-k ‘Herri libre bat’ dinamika aurkeztu du

Datozen bi urteetako erronken berri eman du erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. “Herri libre bat nahi dugu, mugimendua sortu nahi dugu, herria martxan jarri eta elkarlana bultzatu nahi dugu”, adierazi dute.


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


"Popatik hartzera" bidali ditu ertzain batek hiru lagun, euskaraz aritzea eskatzeagatik

Hiru emakume euskaraz zuzendu zitzaizkien ertzain batzuei, jatetxe batengatik galdezka. Polizietako batek erantzun zien euskaraz bazekiela baina ez zuela erabiliko, eta "popatik hartzera" bidali zituen. Ertzainari plaka eskatu zioten orduan, eta poliziak erdiko hatza... [+]


Eguneraketa berriak daude