Gizonezkoek taldean obratuko dute andere oreinaren ehiza

  • Sortaldeko Europa osoan aurkitzen dira eresiaren bertsio ezberdinak. Horrek frogatzen ote du sinboloak eta genero bortxakeriak inkontzienteetan sustraituak direla, hizkuntz aniztasunaren gain-gainetik? Honek egiten du abesti hau hain uhergarria.

Ainara Azpiazu "Axpi"

Haizea taldeak 1978an plazaratu album oroigarri hartako kanten artean Ura ixuririk izenekoa buklean entzuten genuen, orduko K7 heroikoen zintak higatzeraino. Amaia Zubiriaren ahotsak zoratzen gintuen eta abestiaren hitzek zinez harritzen: gauez neska zena, egunaz oreina bilakatzen zen... Transformista jaidurarekiko kide guztien antzera, Maddiren destinoa hondarrean tragikoa zen.

Kantaren hitzak Piarres Lafittek bildu zituen emazte informatzaile batengandik. Ez zigun haren izenik eman. Are gutxiago, mende erdiaz iparraldeko kultura alorraren giderrak fermuki atxiki zituenak ez zuen nehon kontatu eresia handios hau nola aurkitu zuen. 1965eko Gure Herria hilabetekariaren 37. zenbakiaren 116-117 orrialdeetan agertu arazi Atlantika-Pirene-etako sinheste zaharrak deituriko bere artikuluan aipatu zuen Uztaritzeko erudituak.

Txomin Artolaren musika-kideek melodia berri batez apaindu zuten, urte bat aurrerago Frantziako Malicorne ospetsuak jada ezagutu arazi zuen zatiari biziki hurbil. Antzekotasuna ukigarria suertatzen da, kasik lau hamarkada geroago, Amaia Zubiriaren eta Marie Yacouben bozen artekoa barne. Ez dut ahanztekoa alabaina, 1989an, Benito Lertxundik Pazko Gauerdi Ondua diskoan eskaini zion interpretazio tirana, soinuaz kontakizunaren tentsioa eta misterioak azpimarratuz.

Besteak beste, Txomin Peillen, Jon Juaristi, Koldo Biguri, Luis Mari Mujika ala Patri Urkizu altxor horren muina ikertzeari uztartu zitzaizkion, bakoitzak berea ekarriz, kantaren nondik norakoak argitzen zizkigutela. Agerpenak oro interesgarriak dira eta denak bat datoz errateko abestia ez dela baitezpada euskal jatorrikoa, frantsesez, galegoz, hungariarrez edo gazteleraz ere aurkitzen dela, abantzu hitzez hitz, protagonisten izenak aldaturik, andere-oreinak beti gaizki bukatzen duela: Bretainia eta Normandia eskualdeetan famatu La Blanche Biche erromantzean halaber tupinan burbuilaz dago Margueriten bihotza...

Bitxia da hala ere, hemeretzigarren mendean, Sallaberri, Azkue edo beste biltzaile amorratuek abesti honen aztarnarik ez aurkitzea, Lafittek publikatu aitzin. Baliteke itzulpen berantiarrekoa dela: aspalditik dator inguratzen gaituzten kultura anitzetako kantak euskarara ekartzeko ohitura, itzuliz ala egokituz, hitzak ala melodiak.

Gertakarien haria bilbatzen dugu jadanik: Maddik gauak eta egunak sorgintzen dituela dirudi, sineste animistak eta fede kristaua gurutzatuz Pazko Arratsean, ur menturaz benedikatua isurtzen dela, emaztea orein bilakatzea bideratzeko. Izerdia imajinatzen dugu bere abere larruan perlatzen, hats hartze trinkoak, oihan ilunean, zakurrak gibeletik zaunkaz dituela. Irudia indartsua da eta izpirituak gatibatzen ditu.

Ura ixuririk sorginen bidean
Dohaina bildu dut Bazko arratsean
Gauaz Mayi nuzu, egunaz oreina
Etxeko zakurrek xerkatzen nutena.

Familia eredu baten lekuko dator Ura ixuririk kanta. Ama, Jakes semea, eta Maddi alaba eta arreba dira pertsonaia nagusiak. Lehen koplan, neskatxak bere burua aurkezten baldin badu, bigarrenetik hara, ama-semeen solasaldia garatzen doa. Bien artean halako konplizitate bat nabaritzen da, sorginduriko andereñoa beraien kontroletik kanpo oreinez aldatzen jolasten bailitzan, lanjerraren mugetan. Jakesek orak askatu ditu, amaren arrangura harrotuz:

– Jakes nun tuk orak ez tiat senditzen ?
– Oihanpean kurri, oreina xerkatzen…
– Jakes deit zakurrak, salbazak arreba!
– Ama nola sinets Mayi daitekela...

Zakurrek ez dute huts egiten: oreina harrapatu eta ausikika hil dute. Jakes, ez da ohartzen, ezin du asmatu, oreina Maddi dela, lana kanitaz edo labanaz bukatzen du: abere zenduari erraiak idokitzen dizkio eta haragia pusketan ematen du, kozinatu eta jateko prest. Bere arrebarengan pentsatzen du amultsuki, ehiza apailatuz plazer eginen diolakoaz ziur.

Jakes zakurreei hasi da xistuka ;
Oreina hil dute kolpez hausikika.
Jakesek kanitaz eman du pusketan :
– Aseko ahal da Mayi gurekilan.

Azkeneko bertsoak istorio doloretsuaren mamia agerian uzten du. Abeslariaren eta entzuleen gogoetan, denbora ahantzietatik datorren kanibalismoarekiko horrore zaharra bermatzen da. Jakesi mintzo zaio Maddi, nahiz eta tupina bere haragi egosiaz mukuru egon. Azken bi lerroetan aldiz, amak bere burua nola hiltzen duen azaltzen da: puñala bihotzean sartzen du, ohartzen delarik alaba galdu duela.

– Afal, afal, Jakes ni nuk hor lehena
Ene haragiaz beterik dupina!
Ama sala zolan nigarra begian,
Puñala sartu du bere bihotzean.

Erroak, zeltiar munduan dituen frantsesezko La Biche Blanche kanta anitzez luzeagoa da. Honetan, hastapenean, ama eta alaba biak oihanean paseatzen dira. Alabak salatzen dio, euskarazko bertsioan ez bezala, egunaz neska izanik gauez oreina dela eta guztiak atzetik dauzkala, baroiak, printzea eta denetan arrabiatuena Renaud bere anaia propioa. Oreinaren hilotzak, ile horiak eta emakume bularrak dituela seinalatzen du bertsoak. Margueritek xuxurlatzen duen hondar koplak ez ditu xehetasun morbidoak eskas, aditzaile prestuen zoramenerako agian. Hona, dasta, oinarrizko hizkuntzan:

Vous n'avez qu'à manger
Suis la première assise
Ma tête est dans le plat
Et mon coeur aux chevilles
Mon sang est répendu
Par toute la cuisine
Et sur vos noirs charbons
Mes pauvres os y grillent.

Zehaztasun kurruskarien aldetik, aitortuko dugu, euskara askoz ere diskretuagoa dela: gurean, beti ere, labur eta on hobe.

Troiako gerraren bezperan, zorte ona eskuratzeko, Agamemnon ankerrak bere alaba sakrifiziora eraman zuenean, Artemisa jainkoak Ifigenia oreinez aldatu zuen: metamorfosiak, Maddi gaizoaren kontrala, bizitza salbatu zion behingoz. Esoporen fabuletatik hasi eta Marie Darrieussecq-en Ahardikeriak nobelaraino, aberetzen diren jende itxuraldaketak ugariak dira. Baina menturaz Ura ixuririk olerkiak badu izpirituak subliminalki urratzen dizkigun beste zerbait.

Oreina, lurrean eta airean dabilelako askatasunaren, gaztetasunaren, garbitasunaren eta haurtasunaren inozentziaren sinbolo sexuala da, feminitate arinarena eta larruz larru, oihanez oihan, zuhaitz handien gordean, gozatu daitekeen maitasunarena. Ez da arraroa halatan, heriora hezi zakurrez gain, baroiak, printzeak eta anaiak erakartzen baldin baditu, botere zirkuluak bezain moralak debekatzen dituen harreman inzestualak ahantzi gabe.

Zer lotura eduki dezake horrelako kanta misteriotsuak?

Familiaren baitan, zenbaitetan, garatzen diren biolentzia mota baten adibide zoharra aurkitu daiteke. Amak haziriko jeloskeria mutuaren haritik, anaiak, alegia deus ez, kalitzen duen alabaren istorioa irakurtzen ahal dugu lerro hauetan. Maddik agian, sendiaren ohorea kolpatuko zuen, inguruko, eta menturaz bere klase sozialekoak ez ziren gizonekin jolasten ibiltzeagatik edo, metaforetan itorik, ehiza eraz apaindu bortxaketa kolektibo baten hatza dakarkigu. Mendeku bat ere gorpuztu dezake: oreinak, belarri oinetan adartxoak dituenez, eskualdeko senar bat engainatuko zukeen eta horregatik hiltzea merezi zuen. Gizonezkoek taldean obratuko dute eta ama, azken finean gaztiguaren ardura onartuz, suizidatuko da:

Ama sala zolan nigarra begian,
Puñala sartu du bere bihotzean.

Sortaldeko Europa osoan aurkitzen dira eresiaren bertsio ezberdinak. Horrek frogatzen ote du sinboloak eta genero bortxakeriak inkontzienteetan sustraituak direla, hizkuntz aniztasunaren gain-gainetik? Honek egiten du abesti hau hain uhergarria.

Pazko arratsak latzak dira Euskal Herrian, Bazko Gaüerdi Ondoak adina. Udaberriaren etorrera eta bizitzaren birberritze alaia ospatzeko ordez, gauaren itsuaz balia, kantuetara jaukitzen diren hilketa erritualak konplitzen dira. Ondotik lasterrak, malkoak, doluak, eta ama xifrituen betirako damuak. Egunaren eta odol jarioaren arteko kontrastean datza eresi hauen oinarrizko edertasuna.

Abestiak humanotzen gaitu, eta sorgintzen…


ASTEKARIA
2015eko urriaren 25a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Eguneraketa berriak daude