"Ezker abertzaleak herriari azalpen bat zor dio"

  • Informazio esparrutik kanpo bizi da, baina  gure galderei ganoraz erantzun die. Hona euskal gizarteaz daukan ikuspegia: “Ari da sendatzen. Gertatu zaiguna oso gogorra izan da. Ez bakarrik ETA dela eta, baita Guardia Zibila dela eta ere. Denok oso gaizki pasa dugu, batzuek gaizkiago, bizia jokoan izan baitute, eta beste batzuentzat, ikusle bezala, ez hain inbolukratuak, baina drama izugarria bizi izan dugulako. Gatazkak gure bizitzaren parte handia bete du, orain distentsioa behar dugu. Batzuek nahi dute dena ahaztu, beste batzuentzat gatazkaren eboluzioa ez doa ongi. Gizartea pausaldian dago”.


2015eko urriaren 25an

Non kokatzen duzu euskal gatazka?

Nire bizitzan. Beharbada, hori esatea, umiltasun falta da. Baina, hori da ziur dakidana. Bestela, nola erantzun? Noraino joan nahi duzu? Nafarroako historiaraino... Non kokatzen dugu zehazki gatazkaren hasiera? Gertatuak, inoiz gertatu behar ez zitezkeen gauzen atalean sartzen ditut. Tamalez, gertatu dira eta eramaten ikasi behar dugu.

Nola ikusten duzu orain euskal gaztaka?  

Gertatutako guztiak bizi eta eztabaidatu ondoren, nik geratu zaigunaren deskripzioa daukat. Nik gatazka deitzen duguna ETAren erabakitasunean kokatzen dut. Arazo horri aurre egiteko hainbat modu izan dira, baina niretzat euskal gatazka deitzera iritsi garena, ETAren ekintza da. Euskal Herriak arazoei aurre egiteko modua baldintzatu duena, baita euskaldunek elkarrekin bizi ahal izateko marko politikoa markatu duena ere.

Komenigarria da hori ongi zehaztea. ETA jaio zen garaian, hainbat euskaldunek –zaila zait kuantifikatzen– herriaren ideia bat zuten, Espainiaren ideia determinatu batekin talka egiten zuena, ideia hori inposatzen zitzaielako. Horren aurka borrokatzea erabaki zuten. Arazoa da, bazeudela beste euskaldun batzuk ere, euren herriaren ideia zutena, eta ez zutela bat egin ETA bilakatzen joan zenarekin. Espainiaren ideiari aurre egiteak zapaltzaileen aurkako borroka militarra egitera eraman zituen etakideak. Etsaiaren zirkulua progresiboki zabalduz joan zen, ordea. Eremu hertsiki militarrean aritzeak ETA bere arlo ideologikoa ixtera eraman zuen. Bere borrokak, borrokatzen zuenaren izaera hartu zuen, ETA ideia determinatu baten inposizio militarra bilakatu zen. Egia da, ETAkoek argudiatu dezakete ez zutela borroka egiten herri konkretu baten ideia inposatzeko, euskaldunek zer izan nahi duten espresatzeko baizik. Baina, prozesuaren bilakaeran –horretan bai izan dela prozesu bat–, beraiek bezala pentsatzen ez zutenen aurka egiten amaitu da ETA.  

Zein parametrotan kokatzen duzu gatazka nazioarteko testuinguruan?

Nazioartean gatazka txikia da, ia huskeria. Neurri batean, 11-M delakoak, fenomeno terroristak, ETAren borroka bere dimentsioan kokatu zuen. Esku artean zer-nolako jostailu geneukan konturatu ginen. Ikaratu ginen. Guk bizi genuenak beste dimentsio bat zeukalako edo har zezakeelako. Errealismo bainu bat izan zen. Gero, beste bainu bat hartzen joan gara gatazka internazionalizatzeko eramandako ekimen guztiekin. Nazioartean hemengo gatazka beti hartu dute Galia herrixkan hartu zuten bezala. Horrek ez du kentzen, gatazkari beste modu batez heldu ez zitzaiokeenik. ETArekin amaitzeko bitarteko guztiak –hamaika jukutria eta trikimailu– erabili baitira, ETA egotea baliatu dute politikoki.

Zein neurrian erabili du Espaniako Estatuak ETA?

Estatuari ETA komeni izan zaio, subjektu politiko independentea izan nahi duen nazio baten euskal kontzientzia eta identitatea geldiarazteko. Espainiako gobernuek ETA baliatu ahal izan dute batasun nazionalista oztopatzeko, herri batuaren eta geure herriaren ideia politikoa ezinezkoa bihurtzeraino. Guztiz horrela dela? Ezin dut jakin. Baina horrela pentsatu dutela, bai. Gehiago ezin dut esan.

Ba al dago bake prozesurik?

Ez. Ez gaitezen engaina. Badaude saio zintzoak  gertatu zaiguna modu onenean buka dadin. Ez dago prozesurik, ez duelako aurrera egiten, teknikoki diot. Bakea lortzeko –egoera honekin bukatzeko, hobe esanda– “euren arteko gatazkan” egon diren parteen artean ez da ezer egin. Gizartea ari da poliki esnatzen. 50 urte luzeko bizipen traumatikoaren ondoren sosegu-prozesuan dago, gauzak bestera ikusi nahian. Etorkizunari eta bere buruari begira, pentsakor.   

Bukatu al daiteke gatazka modu ordenatuan?

Modu ordenatuan bukatzea esateak eta egiteak “lotu gabeko hariak ez daitezen geratu” aditzera eman nahi du, gertatua errepikatu ez dadin. Gobernuari eskatzen zaio modu ordenatuan jardutea. Baina, zoritxarrez, ez du ezer egin, eta gainera egoera baliatzen du giro politikoa endredatzeko politikoki eta ideologikoki. Gobernuari irudi dakioke ETAren “granoa” sendatzeko onenena usteltzen uztea dela. Gizarteari txerto bat bezala aplikatzeko, granoa narda bihurtzeraino. Gizarteak gertatua ez dela errepikatu behar ikas dezan. Politikan gertatzen ari dena herritarrok azter dezagun kausa horien ondorio bezala. Baina, egungo egoera politikoa den bezala izan dadin kalkuluak daude. Estatuak ez du interesik gatazkari amaiera azkarra emateko, ez du nahi ETAren errekonozimendu moduko inpresioa gera dadin. Gainera, Estatuak beste nahi bat dauka: ETAren amaieratik euskal gizartearentzako irakaspen bat eratortzea. Hori errelato ospetsuaren bidez bideratzen da.

Nola ikusten duzu errelatoa delakoa?

Errelatoa egiteko moduak daude. Errelatoaren teoria determinatu baten arabera, egoera honi eman behar zaion bukaerak oso argi utzi behar du nor diren hiltzaileak eta nor biktimak. Zein diren errudunen betebeharrak eta zein kaltetuen eskubideak. Beraz, errelatoa ezin da egin ETAren historiaren alde. Jokabide horrek aurre-planteamendu batzuk ezartzen ditu amaitzeko moldean. Teoria horren arabera, ekibokoak sorrarazi ditzaketen errelatoak galarazi behar dira.

Errelato bat baino, errelatoak behar dira.

Noski. Bakoitzak modu batez bizi ditu gertatuak. Balio duen errelato bakarrak bakoitzak egiten duena da. Badaude ordea, kazetaritza hizkuntzaz esana, gertakariak nolabaiteko “facticidadez” kontatzea. Ukatu ezinezkoak. Halere, uneon, utopikoa iruditzen zait errelato bat egitea, nor den ona eta nor gaiztoa planteatzen bada. Noiz hasten zara gertatua kontatzen, zein osagai sartzen duzu? Nola kontatzen duzu: zuk nirea eta nik zurea? Dena den, kontatzekotan izan dadila erabakiorra eta enpatikoa denen sufrimenduarekin.  

Sektore batzuek ezker abertzaleari egozten diote biktimekin enpatiarik ez izatea. Horrela ikusten al duzu zuk?

Nire egia nahi baduzu –galdera ez da samurra–, ezker abertzaleari nik aurpegiratzen diot –ezker abertzale politikoari, adi, politikoari– konturatu ez izana gertatzen ari zenaz, eta konturatu bazen, ez geldiarazi izana bizi izan dugun nora eza. Hau da, diktaduraren aurkako ideiatik –herriaren ideia eta proiektua garatzea oztopatzen duena– herriari berari euren errealitatea ulertzeko era inposatu nahi izatera pasa izana. Euskal gizarteak ETAren borroka legitimatu ahal izango zuen, baina progresiboki jokatzeko modu horri uko egin zion. Ikaragarria da ezker abertzaleak hori ez hautematea, eta hauteman bazuen ez gelditzea. Ezker abertzaleak herriari azalpen bat zor dio.

Nola ikusten duzu presoen egoera?

Hasteko garbi gera dadin: presoen egoera onartezina da, salagarria. Espetxe politikak ez dio batere lagundu ETAri eta ezker abertzaleari eskatu zitzaiekeen eboluzioa izan dadin. Gaia oso konplexua da. Erakunde batek erruduna dela onartzea, ekibokatuta zegoela esatea, ez da bakarrik problematikoa, sinesgarritasun eza eta barne zatiketa eragin ditzake. Arazotsua da, denek ez dutelako ETA fenomenoa berdin bizi izan, ez dutelako berdin pentsatzen, eta militantziaren parte bat abandonatuta utzi dezakeelako, euren lengoaian “ideiarekin gehien konprometitu direnak”. Errazena da, “ETAk desagertu behar du” esatea. Esaiozu 450 presoei, hauen lagun, senide eta milaka pertsonen kolektiboari: “Hor konpon!”. ETAk eta ezker abertzaleak bitarteko guztiak findu nahi izatea logikoa da ingurune horri dagokion amaierak kalte txikiena izan dezan, baita bere ideia politikoari alboko kalterik ez egiteko. Hori ere ulertu behar dugu, denok. Elkarbizitza finkatzea oso zaila da. Gatazka ideologiko politiko-militarra bukatu behar denean, azken “trukeak” konplikatuak dira. Bakea, justizia, inpunitatea eta barkamena mila modutan ulertu daitezke.

 

"Desarmea oso eginkizun zaila da, areago Estatuak inolako erraztasunik ematen ez badu"

Zer deritzozu ezker abertzalearen aldebakarreko estrategiari? Nola ikusten duzu ekimena gaur egun?

Egokia izan zen, bere garaian. Egoera ikusita, argi zegoen, bestaldekoek oztopoak jarriko zizkiotela. Bateragune auzia, lekuko. Baina, egoera zena izanda ere, ezker abertzaleari hau esatea falta izan zitzaion: “Jaun-andreak, hau beste garai bat da, eta esaten ari garenak ez du zentzurik”. Eta horrek ez du “ni naiz erruduna” esatea nahi. Hasten bagara atzera egiten eta nork piztu zuen sutea argitzen... Kontua da sutea daukagula, eta itzali behar dugula, eta ez daukagu suhiltzailerik laguntzeko. Bateragunekoek sutea itzaltzea erabaki zuten, erretzeko arriskuaz, bistan da. Hasteko, ez baitituzte Estatuak dituen suhiltzaileak –teknikariak, kasurako– hainbat gauza egiteko.

Nola ikusten duzu ETA?

Bestela pentsa dezakeenarekiko errespetu guztiarekin, ETA ez da ezer. Jakina, hau diot, erakundeaz ideiarik izan gabe. Niretzat, ETA arazoa besterik ez da.

Zer iritzi duzu desarmeaz? ETA saiatu da desarmatzen.

Gauzak ikusi behar dira eboluzio batean. ETAk badu bere buruari buruzko irudi bat, badu bere egitekoen oihartzunaren ideia bat, bere historian urte askotan egiten zuenak oraindik ere gizartean eragiten duen ustea. Bere ideia da. Baina, gauzak aspaldi aldatu ziren. Adibidez, egin zuen desarme ekitaldia egin orduko gizartea ETAren sinbologiatik oso urrun zegoen. Ekitaldiak “barregura” emango zien batzuei, baina ETAkoentzat ziur ez zela horrela izan. Haientzat, akaso, armaren entrega biziki esanguratsua izango zen. Arma multzo hutsala izan arren, libreki, bitartekari batzuen bidez, armak entregatzea transzendentziazko saio bat izango zela. Baina gatazkak eboluzionatu duen moduan ikusita, ekitaldia interpretatzeko kodeak ez dituen ingurunean erori zen, gizarteari, batez ere, grazia egin zion.

Gaia ez da erraza, zeregin zaila da.

Desarmea oso eginkizun zaila da, areago Estatuak inolako erraztasunak ematen ez dituenean. ETAk edozein mugimendu egiten duenean neutralizatua izan daiteke, eta politikoki instrumentalizatua. Ez dauka erraza. Eta aldi berean, azken ontziak ez erretzearen aukerari eusten dio nonbait, bukaera modua emankorragoa izan daitekeelakoan. Erakunde militar batentzat oso zaila izan behar du ekimen hori, eta zer esanik ez, erabaki horiek hartu behar dituztenek esperientziarik ez badute, urteetan lanean aritu diren pertsonak ez badira. Ez da IRAren kasua, elkar ulertzeko.

Zer iritzi duzu EAJren jarrerari buruz, bake prozesua dagoen egoera honetan?

Ea… Denbora luzez esan genuen, nik behintzat esan nuen, hau ez zela bukatuko eragile bakoitzak nahi duen eran. Modu batez edo bestez bukatzea, onuragarriagoa izango delako batzuentzat edo besteentzat. Hori erabakigarria izan da gatazkaren bilakaeran, eta orain ere erabakigarria izaten segitzen du. Aieteko Adierazpenaren ondoren, ezker abertzaleak aurrerapauso nabaria eman zuen hauteskundeetan [EH Bilduren emaitzez ari da], orduan, besteek esan zuten: “Azkenean hauek jasoko al dituzte intxaurrak?”. EAJk ez dio erraztasunik emango ezker abertzaleari bake prozesuaren egungo egoeran, haien arteko aurreakordio posibleetara iristeko.

Ezker abertzalea nola ikusten duzu?

Gipuzkoan esaterako, botere politikoa hartu zuenean, ez zuen ulertu gizarteak pausa behar zuela, ez zela unea esateko: “Orain, beste urrats bat aurrera”. Bestela egin behar zuen, adibidez: “Ea, osatu dezagun gizartea”.   

Espainiako hauteskundeak datoz, gobernua aldatuko balitz, aukerarik ikusten diozu bake prozesuari?

Ezker abertzaleak nahi izan duen errebindikazio politikoen bitartez ez dut ikusten. PPri ez zaio interesatzen,  ez daki egiten ere. PSOEren aldetik ezer gutxi espero dut, edo batere ez. Gai horretan koldarra delako. Ikusi du PPri politika modu batez edo bestez egiteak ez diola kostu politikorik ekartzen, beraz, gobernatzera iritsi bitartean, ezer ez. Gobernura itzultzea ez dut ikusten orain, eta iritsi bitartean ez da batere mugituko. Podemos-en kasuan ezin dugu ere oraingoz ezer espero. Arazoa oso handi datorkio. Espainiako Podemosi buruz ari naiz, hemen egon daiteke Podemoseko bat edo beste, bestelako jarrera batean. Agian, Estatuaren eredua alda dezakete, baina ETAren gaia eta euskal gatazka handiegia da eurentzat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Eguneraketa berriak daude