Emakumeak telesail nordikoetan

Forbrydelsen, Bron/broen eta Borgen telesailek iparra markatu dute emakumeei protagonismoa emanez.
Forbrydelsen, Bron/broen eta Borgen telesailek iparra markatu dute emakumeei protagonismoa emanez.

New Yorkeko Film Akademiak Genero berdintasunik eza zineman izenburuko txostenean 2007tik 2012ra bitartean diru gehien bildu duten Hollywoodeko 500 filmetan oinarrituta, emakumezko rolak aztertu zituen zinemaren barruan orain hilabete batzuk. Bertan irakur daiteke testua duten rol guztien %30,8 besterik ez direla emakumeentzat eta horien artean, %15 baino ez direla protagonistak. Ameriketako pantaila txikira salto eginez gero, panorama apur bat aldatzen da, 2013-2014ko datuen arabera, prime time barruan azaltzen diren pertsonaien %42 emakumezkoak baitira, baina portzentaje eskasak eta lotsagarriak dira oraindik ere.

Geroz eta telesail biribilagoak esportatzen ari diren Europa iparraldeko hotzera salto eginez, datu horiek nabarmen aldatzen dira. Nordic noir deituriko thriller ilunak, naturarekin erlazionaturiko suspensezko istorioak eta bertako politika hankaz gora jartzeko gai diren ekoizpenak: gehienek, bi euskarri nagusitan oinarritzen dituzte euren tramak. Alde batetik, gizarte kritika ziztatzailea; eta bestetik, pertsonaia sakonez osaturiko gidoiak. Kasu gehienetan pertsonaia horiek emakumeak izaten dira. Indar handikoak, erabakitzaileak eta ausartak. Ezinezkoa da telesail hauek ulertzea haiek gabe. Imajinatzen al duzue, Ameriketako hiru telesail garrantzitsuenen protagonistak emakumeak izango balira? Niri kosta egiten zait. Baina, Urrezko triunbiratu nordikoa osatzen duten telesailetan hala gertatzen da. 

Fenomeno honen aitzindari izan zen Forbrydelsen bikaina. Irudikatu Sergio Leoneren filmetan azaltzen zen Clint Estwood hori, Danimarkan jaioa, emakumea eta komisaldegian lanean. Ba horrelakoa da Sarah Lund detektibea. Zalantzarik gabe, telebistak azken urteetan eman duen pertsonaia sakon eta konplexuenetarikoa. Ekoizleek ordura arte erakusten zen emakume tradizionalaren irudia hausteko intentzioarekin sortu zuten. Lund ausarta eta nekaezina da, baina batez ere, bere itxuraz eta sexualitateaz kezkatzen ez den emakumea. Sofie Gråbøl aktorea sormen prozesu horren parte izan zen eta hainbat eztabaida izan zituen Søren Sveistrup gidoilariarekin. Bere ikuspuntua ezinbestekoa izan zen Lunden hazpegiak definitzeko. Iraganeko misterioa mantentzetik arroparen aukeraketaraino, bereziki azpimarragarria da inguratzen duen ororekin daukan isolamendu emozionala.

Beste ezinbesteko pertsonaia, Bron/broen suediar-danimarkar ekoizpenean aurki dezakegu. Gizarte kritika burutsua eta erritmoz beteriko atalak ditu euskarri telesail honek. Baina Saga Noren pertsonaia zoragarriarengatik izango ez balitz, paperezko zimenduekin eraikia legoke. Emakume bitxia, bakartia eta Asperger sindromearen eraginez besteekin erlazionatzeko arazo larriak dituena. Maiz ikusi dugu sindrome hori telebistan, baina beti gizonezkoengan: Sheldon Cooper, Dexter Morgan, Monk, Sherlock edo House (gradu desberdinetan noski). Telesailak hasieratik pertsonaiaren garapenarekin jolasten du, arazo pertsonalak gainditzen doan heinean profesionalki kasua aurrera eramanez. Pertsonaia eraikitzerako orduan, Homeland telesailetik hainbeste gustatzen zaigun Carrie Mathisonekin antzekotasun ugari dauzkala ohartuko zarete. 

Triunbiratu horren azkena, baina nolanahi ezinbestekoa, Borgen telesaileko Birgitte Nyborg dugu. Telebistak eman duen lehen emakumezko presidenteetariko bat. Nabarmentzekoa egiten du bere pertsonaiaren gizatiartze prozesuak. Zuzenean sartzen gaitu bere familiaren eremu pribatuan. Politikariaren irudi hotz eta eskuraezina guztiz suntsituz, pertsona normal eta arrunt baten mailan jartzen du. Politikaren lehen lerrora iritsita, hainbat momentutan eskuetatik alde egingo dion eboluzio pertsonala eta profesionala bizi beharko du. Emakumearen irudi eta eginkizunak oso modu interesgarrian aurkezten ditu telesail honek, topikoak eraitsiz eta estereotipoetara jo gabe.

Ez pentsa, dena den, pozteko moduko argudioak ditugunik. Positiboa da, noski, Europa iparraldean egiten ari direna. Baina, emakumeen presentzia azaleratze hutsagatik poztu behar al dugu? Portzentaje horiek gora doazen heinean dena egina al dago? Jakina ezetz. Mota honetako artikuluak idazteko beharrik ez dagoenean, orduan egongo da zer ospatu. Salbuespen dena, ohiko bihurtzen denean. Eta batez ere, urte askoan matxista izan den industrian gizon eta emakumeen arteko desberdintasun faltsu guztiak betiko suntsitzen ditugunean. 


ASTEKARIA
2015eko urriaren 25a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telesailak
Lodiek ez dute lekurik film eta telesailetan

Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]


2022-09-05 | Sustatu
Boterearen Eraztunak telesaila euskarazko azpidatziekin estreinatu da

Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]


Euskarara bikoiztuko dute "The Lord of the Rings" telesaila

Amazon Primek kaleratuko duen telesaila inoiz eginiko garestiena da eta irailaren 2an izango da estreinaldia. J. R. R. Tolkien-en mundua berpiztuko du telesailak.


Eguneraketa berriak daude